NAIZ

Errekor berri bat hautsi du euskoak: 70.000 euro eman zaizkie Ipar Euskal Herriko 44 elkarteri

Euskoren ‘%3ko emaitza’ baliabideari esker, orotara 69.672 euro eman zaizkie tokiko monetaren erabiltzaileek babestutako 44 elkarteri. Larunbat honetan Eusko Elkarteen Eguna antolatu dute Biarritzen, eta hamar urteren ondoren kasik 4 milioi eusko eskutik eskura dabiltzala gogoratu dute.

Larunbat honetan Biarritzen egindako ekitaldia. Larunbat honetan Biarritzen egindako ekitaldia.
Larunbat honetan Biarritzen egindako ekitaldia. Larunbat honetan Biarritzen egindako ekitaldia. (Patxi BELTZAITZ)

Europan gehien erabiltzen den diru osagarria bilakatu da euskoa, euroaren pareko balioa duenak. Hamar urte bete ditu aurten, eta kasik 4 milioi eusko dabiltza eskutik eskura, 4.000 partikular eta 1.300 profesional artean. Larunbat honetan errekor berri bat hautsi du: Euskal Moneta elkarteak 69.672 eusko eman dizkie tokiko monetaren erabiltzaileek babestutako 44 elkarteri.

2013an lehen billeteak zirkulatzen hasi zirenetik, birtualera ere jauzi egin zuen euskoak; 2017an Euskokartarekin, eta 2020an Euskopay aplikazioarenekin. Kide diren norbanakoek erabil dezakete, kide diren profesionalei ordainketak egiteko.

Horrela, 30 bat elkartek parte hartu dute Biarritzeko Surfrider Foundation-en egoitzan egin duten Eusko Elkarteen Egunean, elkarte-mundua garatzen laguntzea helburu duen ekimena. Gainera, antolatzaileen arabera, «mami baliosa eskaintzen zaie tokiko monetaren kide diren ala ez diren elkarteei».

Euskal Moneta elkartearen arabera, larunbat honetan iragarritako errekor berri horrek urtez urte berresten du «tokiko monetaren alde egitea eta hura erabiltzea lurraldearekiko elkartasun-bide oso zehatza dela».

2013az geroztik, ‘Euskoren %3ko emaitza’ baliabideari esker, 315.000 eusko baino gehiago eman ahal izan zaizkie 70 elkarteri. Horiek hainbat arlotan dihardute: ingurumena, hezkuntza, elkartasuna, euskara, kirola, kultura… ­ ­

Zer da ‘Euskoren %3ko emaitza’?

Euskal Moneta elkarteak azaldu duenez, %3ko emaitzaren sistema hau, 2012an Chiemgauer-eko tokiko moneta ezagutzeko Alemaniara egindako bidaiatik ekarri zuten. «Funtzionamendua arras sinplea da: tokiko monetaren kide bakoitzak babestu nahi duen elkarte bat hauta dezake, eta elkarte batek 30 babesle dituelarik, Euskoren %3ko emaitzaren baliabidean sartzen da. Ondorioz, Euskok (eta ez kideak) elkarteari emaitza bat eginen dio, urtero. Emaitza hau elkartearen babesle guziek euskotan aldatu euroen %3ren heinekoa izanen da. Beraz, 100 € aldatzen dituen erabiltzaile batek 100 eusko jasoko ditu, eta, gainera, Euskok 3 euro (euskotan, bistan da!) emanen dizkio erabiltzaileak babesten duen elkarteari».

(EUSKAL MONETA)

Zntzu honetan, emaitza honen hartzaileek txeke sinbolikoa jaso dute larunbat honetan Biarritzen. Hartzaileen artean, bi elkarte berri izan dira: PAF (Pour une Alternative Féministe) eta Alda. Azken horrek sartze ohargarria egin du baliabide honetan, 750 eusko inguruko bilketarekin.

AEK izan da hazkunde handiena izan duen elkarteak: 2.531 eusko eskuratu ditu aurten, joan den urtean baino 863 eusko gehiago. Ihintz Olidenek, Ipar Euskal Herriko AEK-ko koordinatzaileak, gogoratu du «2022ko iraileko sartzean, Euskoren %3ko azaltzen zuten esku-orriak inprimatu eta banatu genizkien gure klase eta ikastaroetan izena eman zuten ikasleei. 13 Gau Eskola daude Iparraldean. Horri esker jakinarazi ahal izan genuen gu ere tokiko monetaren eragileetarik bat garela eta gu laguntzea posible zela gure babesle bihurtuz».

«Aurten argibide horiek afixatu ditugu, eta berrikuntza da euskoz ordain daitekeela gure 13 Gau Eskoletan! Tokiko moneta gure lurraldea nabarmentzeko modu bat da gure ustez, hemen bertan bizitzea, baina, batez ere, Iparraldean euskara biziarazten laguntzeko akuilatzaileetarik bat da ere», gaineratu du.

Euskal Moneta elkarteko lehendakari Xebax Christyk zehaztu duenez, «elkartasuna da Ipar Euskal Herriko tokiko monetaren balio nagusietarik bat, eta %3ko emaitza da horren adibide. Sistema honen abantaila da denentzat onuragarria dela. Elkarteendako finantzamendu osagarri bat da, eta jendea akuilatzen du euskoa erabiltzera. Hala, elkarte bat hautatu eta babestean, lurraldearen interes orokorraren alde ere egiten da».