Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Fentaniloa, zonbien horrorea AEB-etan

Ez armak, ez auto istripuak, ezta suizidioak ere, fentaniloak eragiten ditu AEBetan heriotza gehien. Zonbi beldurgarri bihurtzen ditu erabiltzaileak. Arrisku oso handiak dituzte garuneko kalte iraunkorrak izateko, koman sartzeko eta hiltzeko. Baina hau ez da drogetatik harago doan krisi soziala da.

Fentaniloaren erabiltzailea hilgarria gerta daitekeen dosia prestatzen.
Fentaniloaren erabiltzailea hilgarria gerta daitekeen dosia prestatzen. (Spencer PLATT | AFP)

Besaulkian eserita zaude, edo egongelako mahaian makurtuta, eta ispilutxoan prestatu duzun kokaina-marra inhalatu ondoren, ia ez duzu esertzeko denborarik hartzen. Ez zenekien, ezin zenuelako jakin, kokaina fentaniloarekin nahastuta zegoela. Ez zaude bakarrik, baina zure lagunak osasun larrialdietarako telefonora deitu baino lehen, zure arteria-presioa gainbehera dator, arnasketa moteldu egiten zaizu. Ez zara konturatzen, baina zure birikak odolez betetzen ari dira. Oxigenoa faltan duzunez, hatz-puntak eta ezpainak urdindu egin zaizkizu, zure burmuina gaizki lan egiten hasi da. Erritmo kardiakoa jaitsi zaizu, sudurretik eta ahotik odola jariatzen zaizu, apar zuri batekin batera. Arnasteari utzi diozu, bihotz-gelditzea pairatu duzu. Horrela, hil egin zara.

Ez, ez zara zure familiarentzako tragedia neurrigabe bihurtu bakarrik, estatistika hotz bat bilakatu zara. Droga gaindosien ondoriozko beste heriotza bat da zurea, iaz AEBetan izan ziren 110.000 heriotzen artean beste bat. Beste zenbaki batzuekin esanda, 2.000 hildako baino gehiago astean. Eta horietatik bi herenak zu hil zaituen pozoi berak zendu ditu. Auto istripuak, armen biolentziak edo suizidioak baino bizitza gehiago galtzen dira bere erruz. Egun, AEBetan 18-49 urte arteko heriotzen zio edo arrazoi nagusia da. Vietnam, Irak eta Afganistango gerretan hildako soldadu estatubatuarrak baino gehiago hiltzen ditu urtean.

Menpekotasunaren aro berria

Fentaniloa du grazia gure hiltzaileak, eta opioide sintetiko bat da. Baina fentaniloarena drogen arazoa baino, herrialde baten pozoitze masiboaren arazoa da funtsean. Bihotzeko ebakuntzetan erabiltzeko asmatutako medikamentua izan zenak, analgesiko bezala farmazietan saldua denak, pilula eta partxeetan, osasun publikoan krisi itzela eragin du Ameriketako Estatu Batuetan, gaindosiz heriotza gehien eragiten duen droga da.

Fentaniloa heroina baino 50 aldiz eta morfina baino 100 aldiz indartsuagoa da, eta gaixoen mina segundo gutxian arintzeko balio du, baita hartzaileei euforia eta ongizate sentipena eragiteko ere. Baina, AEBetan, masiboki eta kontrolik gabe kontsumitzeak mendeko bihurtu ditu milaka pertsona. Zonbi droga -ezizen hori dauka fentaniloak- kontsumitzen duen jendez beteta daude zenbait hiritako kaleak, irudiak zinez beldurgarriak dira. Eta kopurua neurririk gabe handituz doa.

Zergatik da hain arriskutsua? Fentaniloarekin ez daude, heroinazaleekin bezala, denbora luzean mendean erori diren erabiltzaileak. Ia denak hiltzen dira. Eta gainera, ez da bakarrik heroina baino 100 aldiz indartsuagoa izan daitekeela. Osagaiak erraz eros daitezke mundu mailako produktu kimikoen merkatuan, oso merkeak dira. Droga trafikatzaileek sintetikoen alde egitearen arrazoia, eskaintzak eskari berria sortzean datza. Bestalde, ia unibertsala den legea ere bada: drogen aurka zenbat eta gogorrago, orduan eta droga gogorragoak.

Fentaniloak hildako pertsonak gogoratzen dituen memoriala, Washingtonen (AFP)

Euskal Herrian ere ikusi ziren, droga depresiboak (heroina) eta estimulatzaileak (kokaina) aldizkatuz, olatuetan bezala zetozen drogek eragindako astinketak. Heroinaren olatuari kokainarenak jarraitu zion. Orain, baina, aldatu da. Biak, estimulatzaileak eta depresiboak, batera datozelako, biak sintetizatuta, meta-anfetaminen eta fentaniloaren forman. Biak laborategi klandestinoetan ekoitziak. Estimulatzaile eta lasaigarri sintetiko ikaragarri potenteok droga mendekotasunen aro berri bati forma ematen ari dira, gaindosi hiltzaileen eta eritasun kutsagarrien zenbakiak biderkatuz.

AEBetan azken hamarkadan etengabe hedatzen joan da pozoitzea. Adibidez, iaz, poliziak atzemandako fentanilo kopuruak herrialde osoko populazioa hil zezakeen; broma gutxi. Beste droga batzuekin egondako krisiak baino hilgarriagoa da honakoa. Ezberdina. Biktima gehienentzat, fentaniloa ez zelako aukerako droga, gustukoena. Heroina eta kokainarekin mendekotasun handia dutenek, substantzia bat erostean ez diote erreparatzen haren konposizioari. Eta hala, pozoituta hil daitezke heroina poltsatxoetan nahastuta edo opioide piluletan prentsatuta fentaniloa hartu dutelako, hartzen ari zirela jakin gabe.

Fentaniloaren kasuan, hornitzaileek egin dute droga horren alde apustu, ez erabiltzaileek. Heroina baino askoz merkeagoa delako, potentzia doitu ondoren %99 merkeago kasu batzuetan. Erraza da ekoizten Mexikoko eta AEB-etako laborategi klandestinoetan. Erraza da osagaiak lortzen. Aski da Interneteko konexioa edukitzea Txinan, Indian, nonahi ekoitzitako opiazeo sintetikoak erosteko.

Droga sintetiko bat denez, esan bezala, nahi beste ekoiztu daiteke. Hala ere, ez da droga saltzaileentzat denbora luzez etekinak ateratzeko drogarik «onena», heriotza asko eragiten dituelako. Droga munduan aritzen direnei, droga hau saltzen dutenean, zaila egiten zaie bezeroei eustea. Izan ere, hain indartsua izanda, arrisku itzelak daude hipoxia jasateko, garuneko kalte iraunkorrak izateko, koman sartzeko eta hiltzeko.

Drogen burdinazko legea

Bidegurutzean daude AEBak fentaniloaren krisian, berriz ere. «Drogen kontrako» bide berria eta hobea har daiteke, oraingoan bai, garaiz dabiltza. Edo betikoa har dezakete, okerra, porrot egitera doana. Eta ez da bakarrik AEBetako fenomenoa. Zabaltzen ari da. Adibidez, Espainiako Drogei Buruzko Planaren 2022ko estatistiken arabera, 15 eta 64 urte bitarteko biztanleen %15,8k onartu du hartu dituela opioideak zituzten analgesikoak, errezetarekin edo errezetarik gabe. Mina transmititzen duten seinaleak indargabetzen dituelako, adimenik eza, sedazioa, lozorroa eta ongizate sentsazioa eraginez. Zehazki, fentaniloaren kontsumoa %3,6koa zen 2020an, eta %14koa 2022an. Halere, datu apalak dira AEBetakoekin edo Kanadakoekin alderatuz gero.

Polizia Bronx auzoko haurtzaindegi batean krimenaren eszena ixten, urte bateko haurra fentaniloarekiko esposizioagatik hil eta beste hiru haur larri zauritu ondoren (Spencer PLATT / AFP)

Ezberdintasun hori ulertzea garrantzitsua da. Orain arte, drogen epidemien aurrean erabilitako metodoek ez dute hildako kopururik jaitsi, arazoa ez dute konponduko. Eta oraingoa masazko pozoitze arazo bat da. Itzela, osasun publiko mailakoa, aurrekaririk gabeko krisia. Arazoa ezin daiteke herrialde bat bonbardatuz konpondu, AEBetako hainbat politikarik Mexikorekin egin beharko dela esaten duten bezala. Krisi sozial latz honek, beste guztiak bezala, ez du konponbide militar bat.

Mendekotasun handia duen drogazalea ez delako izan behar, ongi pasatu nahi duen noizbehinkako droga erabiltzailea ere ez. Injekzio, hauts edo pilula bezala merkaturatua delako, oxikodona, valium edo beste piluletan sakatuta har daitekeelako fentaniloa. Farmazian erosita. Legezko eta erakundeek ustez ondo kontrolaturiko pilulak hartzen ari zarela uste izan, eta pilulok zianidoak baino abiadura handiagoan hilko zaituzte.

Fentaniloa ezin da pobreen aurkako gerraren azken kapitulu bihurtu. Ezin da jendea informatu, hezi eta bitartekoak eman gabe askorik egin. Kalean, hilzorian, gaindosien biktimak direnak jaso eta zaintzeko zerbitzurik gabe; bizirik ateratzen direnak sendatzeko klinikarik, laguntza komunitariorik gabe; lana, hezkuntza eta errespeturik gabe; pobreekiko eta mendeko direnekiko gorroto eta nazka baino patu eta asmo komun bateko zentzurik gabe.

Sendagile gehiago behar dira, laguntzaile, erizain, diru gehiago. Ez, ohi bezala, apustu bakarra egitea: polizia, fiskal eta kartzela gehiago. Zigor kodea gogortzeak droga gogorrak gogorrago bilakatzea dakar. Hori delako drogen burdinazko legeetariko bat.

Azkarra, ez ankerra

Fentaniloak dena aldatu du: drogen ekoizpena, trafikoa, mendekotasuna, gaindosiak eta tratamenduak. Eraldaketarako bere potentzia itzela da. Bere hilgarritasuna ez dago eztabaidan. Urtero 100.000 estatubatuar baino gehiago hiltzen ditu, komunitate osoak hondamendira eramanez. Seguru aski Mexiko eta AEBetako harremanak ere aldatuko ditu. Rio Bravoren bi aldeetako biztanleen onurarako izango den ala ez beste kontu bat da.

Fentaniloaren krisiarekin amaitzeko, herrialde bat airez bonbardatzea bezalako fantasiekin aritu ordez, azkarra izan behar da drogen politikan, ez ankerra. Izan ere, AEBetako hainbat legebiltzarkidek fentaniloa Mexiko bonbardatzeko aitzakia bihurtu dute. Han ekoizten omen dutenez, handik trafikatzen omen denez, hango kartelentzat negozio biribila eta bilioiak irabazteko hain erraza denez, bada, bonbarda dezagun Mexiko!

Angus Cloud, HBO plataformako “Euphoria” serieko izarra, 25 urte zituela, aurtengo abuztuan, fentanilo gaindosi baten ondoren hildako aktorea (Chris DELMAS / AFP)

Beren zital kuttunenak ere aukeratu dituzte, fentaniloaren krisiaren errudun gorenak: “Los Chapitos”, AEBetara estraditatu zuten Sinaloako kartelaren buru “El Chapo” Guzmanen lau semeak. Horra, AEBetako etsai publiko berri eta arriskutsuenak. Horra, AEBetan inoiz ezagutu den droga hilgarrienaren ekoizpen eta trafikoaren arduradunak.

Historikoki harreman gatazkatsua izan da bi herrialdeen artean, harrapakaritzak, mesfidantzak, ezjakintasunak eta ustelkeriak itxuratutakoa. AEBek, adibidez, gerrarako armen uholdea baimentzen eta bultzatzen dute Mexikon, herrialdea odolustu dadin. Eta era berean, Mexiko hartzen dute beren herrialdea odolusten eta zonbiz betetzen ari den fentaniloaren krisiaren errudun gorentzat.

Orain, adibidez, arma horien prezioa meta-anfetamina eta fentanilo sintetiko merke eta potenteekin neurtzen da, gerrarako errifleak fentanilo pilulekin ordaintzen dira. Eta AEBetan erriflea baino askoz ere hilgarriagoa da fentaniloa. Sortu duen krisi soziala, osasun publiko mailako larrialdia, aurrekaririk gabekoa da.

Baina lehengo lepotik burua duten politiken alde egiten da. Betiko errezetekin: mugaren militarizazioa, hesiak, gerraren hizkera... Ez dute ikasten gainera, ez dute ikasi nahi: Afganistanen, adibidez, 20 urtez militarki okupatu ondoren buztana hanka tartean zutela irten zirenean, zein zen egoera? Bada, heroinaren ekoizpena inoizko handiena zen, errekor historikoetan zegoen. Eta hain urruti joan gabe, Kolonbian ere huts egiten zuten politika horiek. Eta, orain, Mexikorako, errezeta bera?

Kapitalismoa, droga hilgarriena

Oraingoa ez da heroina edo kokainarena bezalakoa. Fentaniloz hiltzen ari diren askori lehenago minaren kontrako opioide analgesikoak errezetatu zitzaizkien. Izan ere, opioideak hartzeko agindu medikua zuten asko mendeko bihurtu dira, eta, hortik, erraz jo dezakete heroinara edo fentanilora. Osasunarekin baino diruarekin, negozioarekin, zerikusi gehiago zuen praktika normalizatua zen hura. Enbor hartatik datoz oraingo ezpalak. Beste hitz batzuetan esanda, errazagoa da “Chapito”-ei errua egoztea, jendearen bizitzen gainetik etekin ekonomikoa jartzen duen kapitalismoari baino.

Eta horrelakoetan normala izan ohi denez, pobreen bizitzek gutxiago axola dute. Proportziorik ez dago, fentaniloagatik komunitate pobreak askoz ere kolpatuagoak dira. Afroamerikarrak, kartzelatik atera berri diren presoak, gerra beteranoak, osasun aseguruak ez dituztenak… Gabezia ekonomikoa ondo dokumentatuta dagoen arrisku faktore bat da.

Bestalde, hainbeste min dituen herrialdean normala ere bada analgesikoen eskaria disparatzea. Eta zenbat eta merkeago izan, orduan eta hobeto. Eta fentaniloa edukitzeagatik eta trafikatzeagatik gero eta zigor gogorragoak, eta gero eta preso gehiago, eta gero eta berri hobeak kartzela sistema pribatuarentzat. Kapitalismoaren gurpil zoroa geldiezin egiten da, kapitalismoa bera denetan droga hilgarri eta gogorrena dela ahazteraino.

Berri onak, berri txarrak

Fentaniloaren tragediarekin gutxi ez balitz, eta zeure buruari egoera, sikiera zertxobait, onera alda al daitekeen galdetzen bazenion, orain “Tranq” -zaldientzako xilazina lasaigarriaren kaleko deitura- hilgarria azaldu da, izugarrizko abiadan hedatzen ari dena. Dena ez da txarra, ordea, berri onak ere badaude, fentaniloaren gaindosia sufritu dutenen sendagai salbatzailea ere badagoelako: naxolona. Arriskurik gabekoa omen dena, AEBetako ikastetxeetan kit berezietan ikasleei banatzen hasi zaiena.

Baina interneten errezetarik gabe aise eskura daitekeen “tranq” substantziarena beldurgarria da benetan. Izatez, albaitariena den medikamentu hori gero eta sarriagotan fentaniloarekin nahastuta azaltzen ari da, eta hilgarritasuna biderkatu du. Bizirik atera direnak tratatu dituzten osasungintzako profesionalen lekukotzen arabera, haragia usteltzen zaie eta ohiko erremedioekin ezin da tratatu.

Ikasleentzat banatutako naxolona medikamentua, fentanilo gaindosien biktimak salba ditzakeena; ez, ordea, “Tranq” edo xilazinarenak (Alex EDEMLMAN / AFP)

Tranq-aren erabiltzaileak benetako zonbi batzuk bihurtzen dira, pelikuletakoak baino beldurgarriagoak. Irudiek eta kontakizunek izu-ikara sortzen dute. Tranq-ak erabiltzaileak mendean hartu eta dantzan jartzen ditu, lehen momentuan zoriontsuak dirudite, ondo pasatzen ari direla ematen du. Eta, bat-batean, trantze zonbi batean sartzen dira, beldurrezko film batean baleude bezala adi-adi noraezean begiratuz. Buruaren oinarrizko funtzioak galtzen dituzte gero, azala eta azpiko ehunak hiltzen hasten zaizkie, eta, azkenerako, haragia usteltzen zaie. Belztuta eta gogortuta, azkar ez bada tratatzen, anputazioa ekar lezake.

Berri onak eta berri txarrak, beti bezala. Fentaniloaren gaindosiei naxolonarekin buelta eman dakieke, eta bizitzak salbatu. Fentaniloa eta xilazina ezkontzen direnean, akabo! Sekulakoa da nahasketa, leherkari sintetiko potentea; zinez beldurgarriak dira, Filadelfiatik adibidez, nazioarteko prentsara zabaltzen ari diren irudiak.

Xilazinak, lasaigarria denez, arnasa eta bihotz erritmoa moteltzen ditu, arteria-presioa jaisten du, eta horrek fentaniloa bezalako opiazeoen ondorioak larriagotzen ditu. Opiazeoa eta lasaigarria batera doazenean, dena disparatzen duelako. Berehalako bidaia hasten da gorputzean, gehienetan zuzen heriotzaraino. Eta horra, ironia: zonbien amesgaizto hau farmazietatik hasi eta hazi zen.