Arnaitz Gorriti

Hamar urteren buruan, Ibaeta Basketek eta Iris Mbulitok bat egingo dute Donostian

Kanaria Handiko jokalariak 14 urte baino ez zituen Saskibaloi Ligan debuta egin zuenean. Izar izateko itxurarekin, lesioek eta horren ondorioz nozitutako depresioak saskibaloia lagatzera eraman zuten, aurten berriz kantxetara eta maila bikainean itzuli den arte.

Iris Junio Mbulito, 14 urte zituela, Ibaeta Basketek elitean debuta egin zuenean jokatzen.
Iris Junio Mbulito, 14 urte zituela, Ibaeta Basketek elitean debuta egin zuenean jokatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

IDK Euskotrenek Kanaria Handiaren aurka jokatuko du zapatuan 18.00etan Josean Gasca kiroldegian. Endesa Ligako bosgarren jardunaldiko neurketa normal bat baino ez da izango, non irabazi edo galtzeak ez duen sailkapenari dagokionez jauzi handiegirik suposatuko. Edo bai, sailkapenean gauzak estu baitaude, bosgarren jardunaldi baten egon ohi diren moduan: IDK Euskotrenek 3-1eko balantzea dauka, joan zen asteburuan Gironan galdu eta gero, eta Kanaria Handiak, berriz, 2-2ko balantzearekin sailkapenaren erdialdean egin du tokia, gipuzkoarrak laugarrenak diren bitartean, Valentzia Basket, Estudiantes, Girona, Lointek Gernika Bizkaia eta Jairisekin berdinduta.

Partida honen garrantzia efemerideak osatzen du. Duela hamar urte, 2013ko urrian, UPV Basket izenaz saskibaloi ligan debuta egin zuen talde donostiarrak, Kanaria Handiaren aurka, hain justu, eta 63-72 galdu zuen. Egun Donostian jokatzen duen Yurena Diaz antolatzailea kanariarrekin ari zen jokatzen une horietan, eta gaurkoz Europako jokalari onenetakoa den Astou Ndourrek, berriz, sekulako erakustaldia eman zuen Azu Muguruzaren taldearen aurka, 22 puntu eta 19 errebote eskuratuta berak desorekatu zuelako neurketa.

Alabaina, kanariarren artean, 9 zenbakia soinean zuela, 1,83 metroko nerabe baten debuta izan zen orduko hura. Iris Junio Mbulito, 14 urte baizik ez zituen antolatzaile, eskolta edo hegalekoa, Estatu espainoleko saskibaloi adituen ustetan Amaya Valdemoro edo Alba Torrensen mailara iritsiko zen hurrengo harribitxia. Ez zen bosteko titularrean kantxaratu neskatila gaztea, baina aulkitik irtenda ere, egundoko maila zuela agerian laga zuen: 10 puntu, 5 asistentzia eta 2 errebote. Berriro diogu, 14 urterekin: 14 urte, sei hilabete eta 17 egun, zehatz esateko.

Bada, hamar urte beranduago, larunbat honetan IDK Euskotrenek Kanaria Handia izango du aurkari, eta aurrez aurre, 1,83 metro neurtzen dituen antolatzaile, eskolta edo hegalekoa, Iris Junio Mbulito, izango du. Dagoeneko ez da nerabe bat, 24 urte martxoan bete dituen emakume gazte bat baino, baina hamar urte hauetan makina batek bizitza osoan baino gorabehera gehiago bizi izan ditu. Hargatik, 22 urte zituela saskibaloia utzi ostean eta AEBtako Long Islanden unibertsitate ikasketak amaituta, aurtengo udaberrian berriz ere kantxetara itzultzea erabaki du.

Argi-ilunetan jokatzen

«Kantxan sartzea pentsatze hutsak antsietatea sorrarazten zidan eta negarrari ematen nion. Ezin nuen saskibaloian jokatzeaz gozatu; gehien maite nuen hura minarekin eta aufrimenduarekin lotzen nuen, eta gorrotatzera iritsi nintzen». Aurtengo irailean kantxetara nolatan itzuli zen adierazteko Iris Mbulito berak esandako hitzak dira.

Junio abizenaren aurretik amaren Mbulito aurretik jartzea ere bada zerbait, neurri handi baten Puri Mbulito amak zerikusia izan baitu Iris gaztea kantxetara itzultzeko prozesuan. Puri Mbulito Ekuatore Ginean sortu zen, 1964an, artean Estatu espainoleko kolonia zela. Espainiako pasaportea eskuan, Tenerifera beste etorkin asko bezala lanera eta bizitza berri bat eraikitzera iritsi zen eta emakume handia izanik, supermerkatu batean lan egitetik saskibaloian maila profesionalean –80. hamarkadan emakumeen saskibaloiak Estatu espainolean izan zezakeen profesionaltasun mugatu hartan– aritzera pasa zen, Espainiako selekzioarekin jokatzera iritsi arte. Iris behin kantxa utzita jaio zen, ia 35 urte zituela, eta ume umetatik ikusi omen zen alaba ama bezain handia edo are handiagoa izango zela, baina ez hori bakarrik, nekez ikusten den talentua zekarrela berarekin.

Jakina da Kanaria Handiak bere emakumeen taldean talentu gaztea sustatzea eta azkar batean saltzea gustoko duela. Azken urteetan Leonor Rodriguez, Leticia Romero, Yurena Diaz bera, lesioen erruz karrera zapuztu zitzaien Vanessa Ble eta Amaia Gastaminza nafarra, iaz Sika Kone eta beste edozeinen gainetik, Astou Ndour daude adibide horien artean. Baita Iris Mbulito ere, nahiz eta lesioen argi-ilunek ez duten bere karrera nahi bezalakoa izan zedin utzi.

«Nire aurreneko urtearen ondotik hautsi nituen eskuin belauneko lotailuak aurreneko aldiz», onartu zuen jokalariak berak Arizona Stateko Unibertsitatean ikasten ari zela saskibaloia uzteko erabakia publiko egin zuenean. 2014ko udan, 15 urte baino ez zituela, Pragako 17 urtez azpiko Munduko Txapelketan zilarrezko domina jantzi zuen. AEBk izerdia majo botata irabazi zioten, 77-75, Espainiako selekzioari, batetik Angela Salvadoresek 40 puntu sartu zituelako finalean. Bestetik, Maria Conde, Maite Cazorla, Maria Araujo, Iris Mbulito bera eta enparauak gogotik saiatu zirelako, etsi gabe azkenera arte. Eta amerikarren taldea ere ez zen hankamotza: Asia Durr, gerora IDK Euskotrenen ariko zen Lauren Cox, Katie Lue Samuelson edo egun WNBAko izarra den Sabrina Ionescu zeuden, besteak beste.

Baina uda hartatik bueltan belauna lehenengoz hautsi zuen Mbulitok. Lehenengoz, handik urtebetera berriro hautsi baitzuen. «Arinegi saiatu nintzen itzultzen eta ustez gauzak ongi zihoazen, baina entrenamendu baten, aurrez mila aldiz egin nuen keinu bat egiten ari nintzela, berriro belauneko lesio berbera jasan nuen», oroitu zuen.

Ondorioz, 2014/15 eta 2015/16 denboraldia batere jokatu gabe pasa zituen antolatzaile gazteak. Bere progresioa ere neurri handi baten hantxe eten zen. Hasteko, lesioak pairatu baino lehen zuen bizitasuna apur bat galtzen joan zitzaion eta ostean, 2016/17an kantxetara itzuli batzen ere, sorbaldako lesioek errematea jarri zioten.

«Belauna osatu zen halakoren baten, baina sorbaldan min hartu nuen eta Kanaria Handiak maila galdu zuen 2016/17 denboraldian. Maite nuen saskibaloia, baina minarekin eta sufrimenduarekin lotzen hasi nintzen», onartu du duela gutxi eskainitako elkarrizketa baten.

Bigarren Hezkuntzako bidea amaitu zuen Espainiako 20 urtez azpiko selekzioarekin Europako txapelketa irabazita, tartean Itziar Ariztimuño edo Maria Eraunzetamurgil zeuden selekzio bateko buru izanda. Final-laurdenetan Mbulitok azken segunduan sarturiko saskiratzen bati esker irabazi zuten hauek Frantziako selekzioaren aurka. Alabaina, antolatzailearen ia jokaldi guztiak barneraldiak ziren eta urrutitik ia ez zuen ahaleginik egiten.

Arizona Statera eman zuen urratsa, NCAA jokatu eta neurri handi baten Espainiako Saskibaloi Federaziotik sorturiko «izar berriaren» iruditik ihes egiteko baliatu zuen. Baina sorbaldako arazoak hortxe zeuden. Orotara 81 partida jokatu zituen 2021eko abuztuan saskibaloiari agur esan zion arte.

«Ikusi arte, saskibaloi maitea. Nire gorputza eta burua zaintzeko unea da orain», bere sare sozialetan esanda hartu zuen erretiroa Iris Mbulitok. 22 urte baino ez zituen, eta belauneko bi lesio larri, sorbaldako beste lesio serio bat, sorbaldako minarekin jokatzen ikasi beharra, eta min horrek eragindako sufrimenduak sekulako depresioa eragin zion azkenerako. «Buru osasuna gorputzekoa bezain garrantzitsua da. Nire gorputza sano egon zitekeen, minik gabe, baina kantxara joatea min hartzearekin lotzera iritsi nintzen azkenean, eta pentsatze hutsaz negarrari ematen nion. Ezin nuen gehiago jokatu», onartu du.

Hemen da berriz

Tratamendua, pazientzia eta hurbilenekoen laguntza ezinbestekoak izan zaizkio Iris Mbulitori saskibaloia berriro maitatzeko. «Ez da bakarra izan, baina nire ama nabarmenduko nuke. Beti izan da oso pertsona ausarta eta ausarta izaten erakutsi dit. Pixkanaka saskibaloiari lehen nion maitasuna berreskuratzen joan naiz eta noizbait iritsi zen kantxetara itzultzeko unea, unibertsitateko azken hilabeteetan».

«Long Islandeko marrazoetako bat izango naiz aurrerantzean», bota zuen sare sozialetan Kanariar Irletan sorturiko jokalariak. Martxoan 24 urte bete eta maiatzean itzuli zen kantxetara, eta udaren ostean, Kanaria Handira, bere betiko taldera.

Superkopa ere Kanariar Irletan jokatu zen eta Kanaria Handiak Perfumerias Avenida talde indartsuaren aurka jokatu zuen finalerdietako bat. Salamancako taldeak irabazi zuen, baina majo kostata: 90-87, eta Iris Mbulitok 19 puntu, 3 errebote eta 3 asistentzia pilatu zituen. Inor gutxik esperoko zuen halakorik.

Liga txapelketan berriz, Perfumerias Avenida eta Valentzia Basketen aurka galdu ostean, Kanaria handiak bere hurrengo bi demak irabazi ditu, eta Mbulitok ere dir-dir egiteko txokorik izan du, Benbibreren etxean batik bat: 14 puntu, 11 errebote eta 9 asistentzia banatu zituen. Hala, batez beste 9 puntu, 7 errebote eta 3 asistentzia banatu ditu Kanaria Handiko antolatzaile, eskolta edo hegaleko den honek. Jaurtiketa libreetan %50ean dabil makal xamar eta lau partidaren ostean barneraldietan erosoago moldatzen dela bistakoa da urrutiko jaurtiketetan baino. Nolanahi, IDK Euskotrenek kontuz ibili beharko du Iris Mbulitorekin, berriz ere jokoarekin gozatzen hasi baita.

Aurreneko garaipenaren bila

Bestalde, Kutxabank Araski Lugoko Ensino izango du aurkari zapatu aratsaldeko 19.00etan Mendizorrotzan. Orain arteko lau neurketak galdu egin ditu Madelen Urietak zuzentzen duen taldeak, baina bere aurkariak ere bai –baita Benbibre eta Celtak ere– eta, bada, halakoren baten garaipena ospatzeko aukera baliatu nahi du talde gasteiztarrak.

«Gugan konfiantza izaten jarraitzen dugu eta oso jarrera baikorrarekin gaude partida honen atarian», onartu du Sammy Hill eskoltak. «Elkarri lagunduz gero eta 40 minutuetan jarrera on horri eutsiz gero, garaipena etorriko da», adierazi du Kanadako jokalariak Araskiren webgunean.