Arnaitz Gorriti

Erasoan finegi aritu gabe, Jairis aurkari zuzena menpean hartu du Lointek Gernikak (55-66)

Laia Flores jokoa gidatzen eta Sara Madera saskiratzaile nagusiena izanda, bizkaitarrek Murtziako taldeari merezita irabazi diote, laurden guztiak euskaldunen alde erori baitira. Bosgarren lardunaldiaren ostean, Endesa Ligako goialdean daude oran, lau garaipenekin.

Laia Flores izan da Gernikaren burmuina Alcantarillako deman.
Laia Flores izan da Gernikaren burmuina Alcantarillako deman. (Monika DEL VALLE | FOKU)

HOZONO GLOBAL JAIRIS 55 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 66

Endesa Ligako goialdean lekua egin nahi du Lointek Gernika Bizkaiak eta denboraldiko laugarren garaipena eskuratu du bost jardunaldiren ostean, bizkaitarren arerio zuzena izatea nahi duen Jairis murtziarraren kantxan. Lucas Fernandezek zuzentzen dituen emakumeek lau laurdenak irabazi dituzte erasoan bere egunik finena izan ez badute ere. Hala ere, Laia Floresen gidaritzapean eta Sara Madera –14 punturekin, neurketako saskiratzaile nagusia izan da italiarra– uztaipena nagusi izan dela, merezita eraman dute neurketa.

Murtziako taldea hirukoekin itsutu da eta 31 ahaleginen ostean 7 baino ez ditu gauzatu. Horrez gain, 21 baloi galdu ditu, Gernikak berak baino bi gehiago. Ondorioz, defentsan eta errebotean zorrotz aritzea nahikoa izan zaie bizkaitarrei hasi eta buka partida hasierako planteamendua jarraituz eraman ahakl izateko.

Pixkanaka, baina beti nagusi

Saskira begira asmatu ezinik ekin diote neurketari bi taldeek, baina gutxienez bizkaitarrak izan dira markagailuan aurrea hartu dutenak, Niktinaiteren hiruko bati esker. Hori bai, behin aurreneko saskiratzen horren ondotik, gernikarrek martxa hartu eta 4-11 ihes egin dute, defentsa zorrotzari erasoan etekina aterata.

Alabaina, Alcantarillako taldeak jokalari bikainak ekartzeko sekulako inbertsioa egin du joan den udan eta jokalari hauek beren maila erakusten hasi dira pixkanaka. Dela Aina Ayuso antolatzaile katalana, dela Bishop pibot australiarra, Murtziako taldeak 9-4ko partzialarekin markagailua asko estutu du, nahiz eta aurreneko laurdena 13-15 amaitu den Lointek Gernika Bizkaiaren alde.

Bigarren laurdenean ere antzerako jarrera izan du markagailuak, hasiera baten 13-19raino alde egin baitu Lointek Gernika Bizkaiak, baina Arica Carterren eskutik Jairis markagailuan aurretik jarri baita: 22-21. Ez du asko iraun murtziarren abantailak, Laia Floresen eskutik azkar baten eman baitio buelta markagailuari talde bizkaitarrak.

Endesa Ligan goi xamarrean egoteko asmoa dute talde biek ala biek, Valentzia Basket, Perfumerias Avenida eta Gironaren atzetik, edo ahalik eta hurbilen. Hiruko jaurtiketak asmatzeko sekulako zailtasunak eta behar baino baloi gehiago galtzea biek nozitu dute aurreneko erdian, baina era berean, bestelako errekurtsoak badoituztela ere erakutsi dute, Lucas Fernandezen taldeak batik bat. Esaterako, Crystal Bradford hegalekoa aurreko jardunaldietan ez bezala ez da batere fin aritu saskira begira, baina defentsako lanean ere taldeari asko emateko gai dela erakutsi du eta, bitartean, aldea zabaltzea lortu dute bizkaitarrek, atsedenaldira 24-31 aurretik iristea lortuz.

Laia Floresen magia

Galdutako baloien kontu hori nahiko kontu petrala hasi zaio bihurtzen Lointek Gernika Bizkaiari minutuek aurrera egin ahala. Itziar Ariztimuñoren hiruko batek markagailua 28-36 jarri badu, inoizko abantailarik handiena lortuz bizkaitarrentzat, handik aurrera kateaturiko bizpahiru baloi galduen ondorioz Jairis berriz ere gernikarren parera hurbildu zen, batez ere Aina Ayuso eta Evansen talentuaren bitartez.

Zorionez, Sara Madera eta Laia Flores kantxaratu ditu Lucas Fernandezek hutsarte baten ostean eta berriz ere partida aldeko joeran jartzea lortu dute hauek biek. antolatzaile katalanaren eskutik, galdutako baloien kopurua murriztu da eta hegal-pibot italiarrak, berriz, erreboteak eta puntuak eman dizkio talde bizkaitarrari. Hala, markagailua 35-36 izatetik 35-44 jartzera pasa da aitaren batean. Kutxabank Araskiko jokalari ohi Mai Diarrak eta Sofia Da Silvak saskiratze bana lortu eta gero, hirugarren laurdena 37-46 amaitu da bizkaitarren alde.

Jairis Mai Diarrak uztaipean egin dezakeen minaz konturatu da eta Araskiko jokalari ohiari beheko zutioneko aukerak eman dizkiote bere taldekideek. Ez zaio gutxi kosta Lointek Gernika Bizkaiari Senegalen jaiotako pibota geratzea, baina nolabait lotu dute eta 11 punturaino luzatu da gernikarren abantaila, gainera: 39-50.

Murtziarrek Aina Ayusoren ekimena aurkitu dute orduan markagailuari buelta emateko ekimenean, baina Bartzelonako antolatzailea ez da jaurtitzaile ona eta gernikarrek urrutitik botatzeko «gonbita» egin diote, eta Ayusok ez du asmatu. Bestalde, Crystal Bradford eta Berger azken minutu horietan fin asko azaldu dira, Lointek Gernika Bizkaiaren abantaila hamar punturen inguruan finkatu eta denboraldiko laugarren garaipena bermatzeko.

FITXA TEKNIKOA

JAIRIS: Ayuso (12), Rembiszewska (2), Carter (6), Mai Diarra (10) eta Belen Arrojo –hasierako bostekoa– Konig (6), Evans (9), Bishop (10), Bettencourt eta Rueda.

GERNIKA: Laia Flores (7), Gaby Niktinaite (3), Grace Berger (10), Marie Milapie (10) eta Sofia Da Silva (7) –hasierako bostekoa–, Itziar Ariztimuño (3), Roso Buch (5), Crystal Bradford (7), Sara Madera (14) eta Marta Alberdi.

Epaileak: Zafra Guerra, Baena Criado eta Villanueva Tena. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 13-15, 11-16, 13-15, 18-20.