Arnaitz Gorriti

Kutxabank Araskik aurreneko garaipena behar du arazo larriagotan sartu baino lehen

Vigon, Celta igoberriaren kantxan jokatuko dute gasteiztarrek ostiral arratsaldean, oraindik partidarik irabazi ez duten bi talderen arteko lehian. IDK Euskotrenek Valentzia Basket handiari egingo dio bisita eta Lointek Gernikak Barça CBS izango du aurrean Malosten.

Kutxabank Araskiko Melisa Gretterrek taldeak konfiantza berreskuratzea nahi du.
Kutxabank Araskiko Melisa Gretterrek taldeak konfiantza berreskuratzea nahi du. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ostiral honetan jokatuko dute Emakumeen Endesa Ligako taldeek, hiru euskal taldeak barne, lehiaketako seigarren jardunaldia, datorren astean FIBA Leihoak direla-eta ez baita jardunaldirik izango. Hala, hilaren 16ra arte partidarik ez delako izango, geldialdira etxeko lanak behar bezala eginda utzi nahi dituzte talde guztiek, oraindik partidarik irabazi ez duen Kutxabank Araskik bereziki.

Pasa den asteburuan Lugoko Ensinoren aurka merezita galdu zuen Mendizorrotzan talde gasteiztarrak eta azken orduan ia atzetik aurrera eginagatik, Ane Olaeta antolatzaile gernikarraren hirukoek Araski 68-71 galtzaile laga zuten talde galiziarraren aurka. «Ez dakit zergatik, baina neurketetara berandu ari gara iristen eta hori ezin da izan», onartu zuen Natalie Van den Adel kapitainak. Bere aldetik, ostiral honetan Celtaren asurka Vigon jokatu behar duen neurketa «finala» dela azpimarratu zuen Made Urietak. «Aurrerantzean final gehiago izango ditugu, baina hauxe da lehenengoa arazo handiagotan sartu ez bagara», esan zuen Amurriokoak.

Kutxabank Araski ez ezik, Vigoko Celta eta Benbibre dira oraindik Emakumeen Ligako partidarik irabaztea zer den ez dakiten beste bi taldeak. Hala, Vigon 20.45etan hasiko den neurketak estraineko garaipena emango dio talde bietako bati. Celta talde historikoa da, bere garaian jokalari bikainak –Cindy Lima, Alba Torrens, Tamara Abalde edo Razija Mujanovic, esaterako– izandakoa, baina diru arazoen erruz jokalari onenak joaten utzi ostean, maila galdu eta asko kostata aurten lortu du berriz ere Emakumeen Ligara iristea.

Eta txapelketara itzuli berritan, jipoia jipoiaren gainean ari da jasotzen; noski, Valentzia Basket, IDK Euskotren, Jairis, Basket Zaragoza eta Estudiantes izan ditu aurrean, denak ere lehiaketa honetan aurrean izateko itxaropena duten taldeak. Estudiantesen aurka izan ezik –59-67 galdu zuten galiziarren Madrilgo taldearen aurka–, batez beste ia 29 puntuko aldeaz ari da galtzen Celta. Jokalari gehienak oso gazteak ditu eta eskarmentu handirik ez dutenak, Anne Senosiain antolatzaile nafarra eta Celeste Trahan Davis hegaleko estatubatuarra izan ezik. Bada, gauzak ondo, Kutxabank Araskik aurreneko garaipena lortzeko aukera ona izango luke.

«Jokalariak lan ona egiten ari dira entrenamenduetan, baina aste hasiera gogorra izan da, zalantzarik gabe», onartu du Ioseba Redondo Kutxabank Araskiko bigarren entrenatzaileak.

«Irabazteaz gain, partida ona jokatu izanaren sentsazio hori berreskuratu behar dugu. Uztaipeko saskiratze erraz horiek nahitaez sartu behar ditugu eta jaurtiketa libreekin ere, berdin. Bestalde, tentsio handiko partida bati egin beharko diogu aurre eta Celtaren zaleek asko sakatuko dute. Beraien bosteko titularrak gaitasun fisiko handia du eta hortik sufritu genezake, baina hain zuzen horrexegatik intentsitate maila hori berdindu beharko dugu», gaineratu du Redondok.

Bere aldetik, Melisa Gretter antolatzailearen aburuz, «hasteko, lehenengo unetik kontzentraturik jokatzea izango da gakoa. Handik aurrera, egia da ez garela behar adina asmatzen ari saskiaren aurrean, baina garaipenek ematen dute jaurtiketa horiek sartuko direnaren konfiantza. Horri heldu behar diogu».

Txapeldunaren etxean

Euskal taldeetan jokatzen aurrenekoa IDK Euskotren izango da, 20.00etan jokatu behar baitu bere neurketa. Valentziako Fontetan saiatu beharko dira irabazten Azu Muguruza eta bere jokalariak, Emakumeen Ligako egungo txapeldun den Valentzia Basketen aurka.

Talde biek 4-1eko balantzea dute eta egia da ere valentziarrek asteon Euroligan porrot oso mingarria jasan dutela Basket Zaragozaren kantxan. Hala, bistakoa da alde batetik valentziarrak oraindik beren onenetik urruti daudela, baina era berean, egia da ere maila horretako taldeek nekez egiten dutela kale bi partida segidatan.

«Ahal bezain beste partida irabaztea da gure helburua eta inola ere ezin dugu jokatu aurretik partidarik galdutzat eman», adierazi du asteon Alba Prieto eskolta andaluziarrak. «Azuk –Muguruzak– oinak beti lurrean izateko eskatzen digu, baina nik uste Valentzia Basketi irabazteko aukerarik badugula», gaineratu du Prietok.

Bjorklunden bisita

Maloste kiroldegian, berriz, Barça CBS izango da Lointek Gernika Bizkaiaren aurkaria, 21.00etan hasita. Bizkaitarrek ederki asko ekin diote sasoiari eta 4-1 balantzearekin lehiaketako goialdean daude. Barça, aldiz, sailkapeneko behealdean dabil, 2-3 balantzea aldean.

Beraz, neurketa honetan bizkaitarrak lirateke faborito, are gehiago joan den domekan Jairisen kantxan erakutsitako sendotasuna errepikatuz gero. Alabaina, ikusi egin behar talde katalanaren barruan zer-nolako jokoa ateratzen duten, batez ere Angie Bjorklund estatubatuarrarengandik. Bjorklud duela pare bat aste joan zen Gernikatik Bartzelonara eta Malosteko uztaiak ondo ezagutzen dituenik inor baldin bada, hori Bjorklund bera da, oso jokalari arriskutsua kanpoko jaurtiketen bitartez bolada ona harrapatzen duenean.

«Geldialdia baino lehen garaipena lortu nahi dugu. Sentsazio onekin gaude Jairisi irabazi eta gero eta sentsazio on horiekin joan nahi dugu geldialdira. Horretarako, beti diogun legez, defentsako lana beharrezkoa da. Atzean lan ona eginda errazagoa izaten da gero erasoan ere gauzak behar bezala ateratzea», laburbildu du atarikoan Marta Alberdi hegaleko gernikarrak.