Jokin Etxaniz, Aspeko kirol zuzendaria

Fisikoa eta burua

Jokin Etxaniz, Bilboko pilotalekuan eserita.
Jokin Etxaniz, Bilboko pilotalekuan eserita. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Final irekia ikusten dut nik. Jokin jokatzera irteten bada, baldintza onetan dagoelako da, irabazteko gai ikusten duelako bere burua. Lesioa hor dago, garbi dago, baina jokatzen duenerako bere burua ondo ikusten duelako da. Faboritoa agian Jokin izango da, baina Peio oso indartsu dagoela ikusi da. Orain arte igual txapelketan inpresiorik onena berak eman du, baina finala geratzen zaio. Eta Peñaren aurka Jokin oso ondo ikusi genuen; Eriken aurka berriz, asko sufrituta, baina aurrera egin zuen eta hortxe dago berriz. Zortzigarren finala du jarraian, eta ez dugu orain deskubrituko amezketarra.

Peiok azkenaldian jauzi bat eman du eta, batez ere, erabakiak hobeto hartzen dituela nabarmenduko nuke. Joko aldetik-eta, beste urte batzuetan ondo ikusi izan dut, fisikoki ere bai, indartsu, baina orain ematen du kontrol gehiago daukala kantxan.

Tokatuko zaio sufritzea, baina aurrera egin du alor horretan. Oraindik ere opariak egingo ditu, baina opari hauek lehen batez ere erabaki txarrak hartzen zituelako egiten zituen, kontrol handirik gabe jokatzen zuelako. Ni batez ere Gasteizen harritu ninduen alor horretan; lotuta, oso lotuta ikusten nuen, baina lehen zati oso gogor batean eutsi egin zion, partidan sartuta, buru aldetik ondo, eta, pixka bat askatu zenean, aurrera egin zuen. Beste urte batzuetan, lotuta egon denean, blokeatuta, erabaki oso txarrak hartzen zituen, opari pila bat egin, eta partidek ihes egiten zioten.

Bilboko pilotalekua ez da erritmoa jartzeko onena, defendatzeko hobea da. Partidak gogortu egiten dira eta, biak ondo badaude, normalean lehia gogorra izango da. Pilotek distira galduko dute eta fisikoa ere garrantzitsua izan daiteke, partidatik ihes ez egitea ere bai. Zaila izango da iazkoa bezalako partida bat ikustea, baina agian posible da.