NAIZ

Neguan Annapurna igotzeko erronka betetzeko bidaia abiatu du Alex Txikonek

Nepalerako bidean da Alex Txikon neguan Annapurna igotzeko erronkari aurre egiteko. Asteazken honetan abiatu da Loiuko aireportutik. 1987 urtetik inork ez du lortu Annapurna neguan igotzea. Urte sasoi honetan dagoeneko Nanga Parbat eta Manaslu igo ditu neguan Txikonek.

Alex Txikon Loiuko aireportuan Nepalerako bidaia hasi aurretik.
Alex Txikon Loiuko aireportuan Nepalerako bidaia hasi aurretik. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Neguan Annapurna mendira (8.091 metro) igotzeko erronka abiatu du dagoeneko Alex Txikonek. Nepalerako bidea hartu du gaur Loiuko aireportutik. Mendi hau ez du neguan inork igo 1987 urtetik.

Sostengu taldeak jakitera eman duenez, mendizale bizkaitarrak lehen asteotan gorputza egokitzeko hainbat trekking egingo ditu Himalaian. Ondoren, munduko hamargarren mendirik altuena igotzeko saiakerari ekingo dio. 2010ean Annapurna menderatu zuen, baina udaberrian. Neguan igotzeak baldintzak nabarmen zailtzen ditu, eguraldia makurrago delakoa.

Annapurna igoko balu, neguan 8.000 metro baino gehiago duen hirugarren mendia gaindituko luke. Aldez aurretik, Nanga Parbat (2016) eta Manaslu (2023) igo ditu neguan.

Ali Sadpara pakistandarrarekin eta Simone Moro italiarrarekin lortu zuen Nanga Parbatera igotzea. Historia egin zuten, neguan gailur hau egitea lortu zuten lehenbizikoak izan ziren-eta. Tamara Lungfer hirugarren kideak zerbait beherago geratu behar izan zuen.

Aurreko urtean ere, 2015ean, Txikon saiatu zen neguan Nanga Parbateko gailurra egiten, baina tontorretik hiru ordura zegoenean eman behar izan zuen buelta.

K2 ospetsua eta Nanga Parbat, planetako bederatzigarren mendirik altuena, neguko gailurrik ez zuten bi mendiak ziren orduan; beraz, Lemoako alpinistak eta haren kideek lortutako arrakasta historikoa izan zen. Ordura arte, mendi honen tontorrerako neguko 29 espedizioak 7.800 metroan gelditu ziren. Gailurrera iritsi direnen heriotza-tasa %22koa da; izan ere, «Mendi hiltzailea» deitzen zaio.