Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Final ikusgarri bezain nekagarrian, Leire Garai eta Enara Gaminde txapeldun

Leire Garai eta Enara Gamindek jantzi dute VI. Bizkaia txapelketako txapela, finalean Aldai eta Capellan mendean hartu ostean (19-22). Final oso gogorra izan da, tanto luze eta nekagarriekin. Azken txanpan Dimako aurrelaria suspertu bada ere, urdinak, sufrimenduz, partida ixteko gai izan dira.

Bizkaia Torneoko irabazleak, urdinez, eta txapeldunordeak, gorriz.
Bizkaia Torneoko irabazleak, urdinez, eta txapeldunordeak, gorriz. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Amaia Aldairen azken pilotakadak atera duen txapa soinua sinfonia lirikoa izan da Leire Garairentzat. Lurrean belaunikatu da gasteiztarra, azkenean, partida gehiegi konplikatuta, garaipena eskuratu baitu, Enara Gaminderen ezinbesteko laguntzarekin. Bizkaia Torneoko txapela jantzi dute urdinek; lehen aldiz Laukizkoak, bigarrenez Gasteizkoak. Txapelketako bikote erregularrena izan da, lau partidak irabazita, eta final handian, lehen erdian sekulako sendotasuna erakutsi izanak, garaipenera eraman ditu.

Leire Garai, lurrean, Aldairen pilotak txapa jo ostean, garaipena ospatzen. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Hasiera parekatua izan du –eta hasieratik jokatu dira tanto gogorrak– baina 4-4ko berdinketaz geroztik, korrontearen kontrara igeri egitera behartuta ikusi dira gorriak. Sei tanto jarraian eginda (4-10), alde nabarmena lortu dute urdinek. Garai oso fin aritu da tantoak amaitzerako garaian eta Gaminde, bere mailarik gorenean, Capellan baino sendotasun gehiagorekin. Laukizkoak errezitala eman du, batez ere lehen erdian. Pentsa, 9-15ekoan bere bosgarren tantoa egin du eta une horretan, egindako tanto gehien pilatu dituen pilotaria zen, Amaia Aldairen aurretik.

Dimakoak atzetik aurrera egin du. Zenbait tanto huts egin ditu, barneratuta daukan arriskatzeko joeraren ondotik, eta Capellanek nola edo hala eutsi dio partida agitz gogorrari. Bigarren erdian, baina, aurrelari bizkaitarrak beregain hartu du erantzukizuna. Leire Garai eta Gaminderi, akidurak zeharo eraginda, gehiago kosta zaie Aldai jokoz kanpo uztea eta Dimakoak bere errepertorioa atera du, txokoan utzitako pilotek distira egin dutela. Egindako tanto bakoitzean azaleratu duen ospakizuna adierazgarria izan da. Estutu du partida eta sekulako defentsa erakutsi zuten lau pilotariek eta sufrimendua agerikoa izan zen.

Tanto bakarrera (19-20) jarri dira gorriak, urdinen desesperaziorako. Garaik giharrak luzatu behar izan ditu eta bere lasaitasunerako, Aldaik bi pilota jarraian txapapera bota ditu. Sekulako erakustaldia eman dute laurek eta horren arrastoak bidea egingo du, ziur.

Bizkaia Torneoaren sei edizioetatik lauetan pilota mistoarekin aritu dira, urtez urte maila hobetzen. Gaurkoa luzaroan gogoratuko da.