NAIZ

Aste bat eta gero, euskal laborariek A63ko blokeoa altxatu dute

Joan zen asteartean FDSEA eta Laborari Gazteak 63 sindikatuen aginduari jarraituz, hamarnaka laborarik abian eman zuten blokeoa, A63 autopistan, Lapurdiko hiriburuaren parean, amaitu da. Arratsalde hasieran traktoreek haien etxaldetarako bidea hartu dute.

Traktoreak, hilaran jarrita, blokatze gunetik ateratzeko prest.
Traktoreak, hilaran jarrita, blokatze gunetik ateratzeko prest. (Guillaume FAUVEAU)

Joan zen asteartean, urtarrilaren 23an, heldu zen Ipar Euskal Herrira egun batzuk lehenago Okzitanian laborariek abian eman zuten protesta diru-sarrera duinak galdetzeko. Geroztik, gau eta egunez, blokeo gunea atxiki dute laborariek A63 autobidean, Touya zubian, Baiona parean. Ekintzak oihartzun handia izan du, baita ondorioak ere.

Laborariek, ordea, urtarrilaren 29 honetan ekimen ikusgarri hori amaitutzak ematea deliberatu dute. Horrela erabaki dute gaur goizean. FDSEAko bozeramaleetako batek, Patrick Etxegaraik, erabakia jakitera eman du.

Euskal Irratietan eginiko adierazpenen bidez «arratsalde honetan hemendik joaten gira baina borroka segituko dela» iragarri du.

Hitza hitz. 15:00ak aldera traktoreak, emeki emeki, autopista libratuz joan dira, beraien etxaldetarako bidea hartu aitzin.

Gabriel Attalek ez zituela laborariek pausaturiko galdera guztiendako arraposturik eman, joan zen ostiralean eginiko agerraldian, nabarmendu ostean, FDSEAko kideak ez du, ordea, baztertu «sindikatu guztiek elkarrekin» ondoko egunetan protesta ekintzak egitea.

Are gehiago Paristik espero dituzten «benetako erantzunak» ez badira heltzen. Lehen ministroak eginiko iragarpenei segida emanez, gaur Emmanuel Macronek bilera deitu du Eliseon eta horren ondotik «neurri berri gehiago» iragarriko direla aitzineratu du Marc Fesneau Laborantza ministroak.

FNSEA eta Laborari Gazteak sindikatuetako ordezkariek, bestalde, hitzordua dute gaur 18.00tan Matignonen.

Antza denez interlokuzioak azkartu dira krisiari irtenbide amen nahian.

Ekintza gehiago baztertu gabe

Gatazka aste erabakigarruia sartzeko zelarik, igande eta astelehen gauean, Baiona eta Angeluko bi hipermerkatuen sarbidean mozkinen gainean ordaintzen diren orezio apalak salatzeko ekintza egin dute laborariek.

 

Laborarien ekintza Leclerc katearen saltegi batean.
Guillaume FAUVEAU

Edonola ere, arratsalde honetan begirada guztiak Parisera zuzenduak dira.

Dagoeneko, besteak beste, Bretainia eta Paris arteko errepideetan traktoreen martxak abian dira, eta sindikatuek erronka potoloa jarri dute mahai gainean: 14.00etatik aurrera Paris blokeatzea.

Dena ahal da blokeatu, Paris izan ezik

Frantses Gobernuak laborarien blokeoak ez saihesteko agindua eman zuen joan zen astean. Nahiz eta, berdin A63n edo A64an martxan ziren protestek ondorio handiak izan zituzten Baiona edo Paueko herritarrentzat. Baita bide nagusi horiek baliatzen duten garraiolarientzat ere.

Alta, sindikatuek joan zen asteburuan astelehen arratsaldetik landa Paris blokeatzeko asmoa agertu zutelarik, erabaki politikoak aldatu dira.

Hala, 15.000tik gora polizia eman ditu errepideetan Barne Ministaritzak frantziar hiriburuaren «eta beste hiri handien blokeatzea» galerazteko.

Pariseko biztanleak elikatzeko ezinbestekoa den Rungis merkatu erraldoia babesteko blindatuak eman baditu ere, agian Eliseon eta Matignonen aurreikusitako bilerei begira giroa ez ozpindu nahian, blokeoa garatzen dutenen laborarien kontra ez oldartzeko agindua berretsi du Gerald Darmanin ministroak.