Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Martija agintzen, Zabala jotzen eta Altuna III.ena, harmailetan, pozik

Martija eta Zabalak garaipen handia eskuratu dute Jaka eta Eskirozen aurka (10-22). Aurrelari errioxarrak berme handiz ordezkatu du Altuna III.ena; Baikoko atzelariari, ordea, kosta zitzaion atzeko kuadroetan eta urdinen nagusitasuna onartu beste erremediorik ez zuen izan.

Javi Zabala, pilotari emateko prest, alboan Erik Jaka adi-adi begira duela.
Javi Zabala, pilotari emateko prest, alboan Erik Jaka adi-adi begira duela. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Anai-arreba zaharrenak gazteenari begiratzen dion harrotasun puntu batekin zirudien Altuna III.ak, Javi Zabalaren pilotakadei so. Amezketako aurrelaria ez zen sasoiko ikusten ligaxkako 12. partida jokatzeko eta atseden hartzeko hautua egin zuen eta Atano III.ena pilotalekuan ikusi zuenarekin, hurrengo partidan ere deskantsu hartu behar badu, badauka lasai egoterik. Zabalak sekulako partida osatu du, Julen Martija agintari izan duela. «Erikek [Jaka] eta Iosuk [Eskiroz] oso bikote ona osatzen dute baina Julen azkenengo partida askotan oso ondo ikusi dut. Javi gorakada handian dago, kriston mina egiten du, erritmoa asko azkartzen du, oso pilotari deserosoa da aurkariarentzako», esan zuen Amezketakoa, partida 4-14 markagailuarekin zegoela.

Erik Jaka eta Iosu Eskiroz –Jon Mariezkurrena ordezkatzen bigarren astez jarraian– dantzan ibili dituzte urdinek. Gorriek ez dute bere lekua aurkitu: Jakak errematatzeko aukera gutxi eta Eskiroz atzean oso estu, Martijaren pilotakaden preso. Urrats handia egin du Etxeberriko pilotariak txapelketa honetan, konfiantzaz lepo, aginte makila hartzeko ere prestu.

Igande honetan, jendez lepo zegoen Atano III.enean, aukera aprobetxatzeko ilusioz zegoen Zabalak ederki lagundu dio. Oldarkor aritu da errioxarra, hasi eta buka, defentsatik erasora ziztu bizian igarota. Oin azkarrak ditu eta joko gogorra. 13 egindakorekin bukatu du partida eta bi pilota soilik galduta. «Espero baino hobeto joan da, pilotalekuko harmailak topera daudela», adierazi du. Haserako abantailak gerora lasaiago jokatzeko aukera eman ziela ere onartu zuen.

Hain zuzen ere, hasieratik ireki dute tartea urdinek, Zabalaren sake indartsuak gorriak ezustean harrapatu dituela (1-4). Tartekatu dituzte pare bat tanto –Jakaren inspirazioak funtzionatu duenean eta Martija errebotean sartu dutenean, esaterako (4-7)–, baina segituan hartu du kontrola Zabala-Martija bikoteak. Hamar tanto jarraian eginda (4-17), partida oso bideratuta utzi dute urdinek.

Makilatu dute markagailua gorriek, behar baino gehiago. 7-21ekoarekin, Jakaren pilotak txapa ere jo duelako, baina epaileek ez dute hala ikusi. Azkenean, hamar tantora iritsi da sailkapenean lehen postuan dagoen bikotea, urdinen garaipena zalantzan jartzea dagoeneko oso ariketa zaila baitzen.

Seigarren garaipena da Altuna-Martijarentzat eta honekin, laugarren postura igo dira, bosnako berdinketa hirukoitza apurtuta. Urrats handia egin dute. Martijak ere onartu du geratzen diren bi partidetan helburua izan behar dela sailkapenean ahalik eta goren bukatzea, horrek aukera bikoitza ematen baitu.

Jaka eta Mariezkurrenak, aldiz, gertu ikusten dituzte finalerdiak baina oraindik guztiz ziurtatzeko azken urratsa egitea falta zaie.

Fitxa teknikoa:

JAKA-ESKIROZ* 10

ZABALA*-MARTIJA 22

Pilotakadak: 540. Iraupena: 58:10 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 1-2, 1-4, 2-4, 2-5, 2-6, 3-6, 3-7, 4-7, 4-8, 4-17, 5-17, 6-17, 6-18, 6-20, 7-20, 7-21, 8-21, 10-21, 10-22. Sakeak: 0 Jakak eta 2 Zabalak. Egindakoak: 4 Jakak, 3 Eskirozek, 13 Zabalak eta 3 Martijak. Galdutakoak: 4 Jakak, 2 Eskirozek, 2 Zabalak eta 1 Martijak. Gorabeherak: Sarrera bikaina Atano III.ena pilotalekuan, ligaxkako 12. jardunaldiko azken partida ikusteko.