Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Ikuskizuna eta goi-mailako lehia uztartzeko xede tinkoarekin dator Women Winter Series

Gizonezkoen Winter Series bukatu eta segituan, emakumezkoek hartuko dute lekukoa, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Bigarren edizio honetan, iazko pilotari berdinak lehiatuko dira, min hartuta dagoen Eneritz Lizardiren lekua Elaia Gonegolak hartuko duela. Otsailaren 26an jokatuko da lehen finalerdia.

Women Winter Series jokatuko duten puntistak –Arakistain falta–, Lekerika, Erkiaga eta txapelketako antolatzaile, babesle eta Durangoko alkate Mireia Elkoroiribe.
Women Winter Series jokatuko duten puntistak –Arakistain falta–, Lekerika, Erkiaga eta txapelketako antolatzaile, babesle eta Durangoko alkate Mireia Elkoroiribe. (ERAMAN JAI ALAI)

Women Winter Series txapelketaren bigarren edizioa hasiko da hurrengo astelehenean, hilak 26, 19.00etatik aurrera. Iaz bezala, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatuko dira partidak. Bi finalerdi eta final handia jokatuko dira, datozen hiru astelehenetan, eta berritasun handien artean, Euskotrenen babesletza dago.

Gizonezkoen txapelketari lekukoa hartuko diote emakumezkoek, euren maila erakusteko prest direla. Arrakastatsua izan zen iazko edizioa, estreinakoa, bai mugitu zen jendearengatik bai eta puntistek erakutsi zuten maila apartarengatik ere. Erika Mugartegi eta Arai Lejardik jantzi zuten txapela, final estua Maite Ortiz de Mendizabal eta Maialen Aldazabal mendean hartuta.

Bi markinarrak, gazteak izanagatik –berriro ere txapelketako gazteenak dira–, erakutsi dute oso indartsu datozela eta aurten ere arreta guztia beraiengan dago. Batez ere, Lejadirengan, Banakako egungo txapelduna.

Aurten, ordea, ez dute elkarrekin jokatuko, oreka bat mantentzen saiatu dira antolakuntzatik eta Aldazabalek NAIZi onartu dionez, «ez dago bikote bat bestea baino eskasago ikusten dudanik, oreka handia dago». Berriatuarra izango da, hain zuzen ere, Mugartegiren bikotea.

Lejardik, bestalde, Helena Barrenetxea durangarrarekin osatuko du bikotea eta honen ustetan, «bikote ona» egingo dute, aurrelariak pilotalekua ezagutzen duen plusa baliatuta. Dena dela, Mugartegi-Aldazabal bikotea jo du faboritotzat.

«Egia da Maialenek [Aldazabal] ez duela pilotarik galtzen, oso ondo jokatzen du, berba pila bat egiten du eta edozein bikoterekin ondo komunikatzen da», onartu du Mugartegik, baina ez du faborito txartela eraman nahi, are gutxiago finalerdian Gogenola-Arakistainen aurka jokatzen dutela ikusita.

Elaia Gogenola da, hain zuzen ere, berritasun handiena. Berriatuarrak debuta egingo du Winter Seriesen, luzerako min hartuta dagoen Eneritz Lizardi ordezkatuz. Mutrikuarrak belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen urtarrilean eta ebakuntza egin zain dago –martxoaren 14an egingo diote–. Hala, bere lekua hartu du Berriatuako aurrelari gazteak, eta atzean lagun izango du Ihart Arakistain, lehen aldiz atzeko kuadroetan arituko dena.

Beraz, ziurgabetasuna da nagusi bikote honetan, baina Gonegolak uste du «ondo moldatuko» direla. «Ihartek indarra dauka, ez da izango inor baino gutxiago atzean jokatu arren», esan du tinko berriatuarrak.

Hain zuen ere, ongi ezagutzen dute elkar, sopeloztarrak Berriatuan entsegatzen baitu. «Ihart eta ni batera hasi ginen zestaz, hasi ginenetik elkarren aurka jokatzen ibili gara. Biok aurrelariak izanda, aukera berri bat suertatu zaigu. Ezin dugu esan esperientzia daukagula elkarrekin jokatzen baina bai ondo ezagutzen garela eta lagunak izanda, konfiantza daukagula», azaldu du Gogenolak.

Modu honetan, Aldazabal harro agertu da Berriatuako zesta eskolako hiru kide Winter Seriesa jokatzen egongo direlako. «Gure sasoian, lau neska hasi ginen eta horietatik hiru, txapelketa hau jokatzera iritsi izana, handia da benetan», esan du.

Aurkezpen ekitaldian denek nabarmendu dute gogoz daudela euren maila erakusteko, «ikuskizuna emateko». Lehentasuna da hori, «eta gero, ahal bada, irabazi», adierazi du Mugartegik.

Iaz sekulako finala jokatu zuten eta Aldazabal harago doa; alegia, finalerdiak ere politak eta ikuskizun handikoak izatea: «Oraingo urtean ahalegindu behar gara aurreko partidak ere horrelakoak izatea. Ez bada irabazten ere, eboluzionatzen joatea, jendea ere hurbiltzea eta datorren urtera begira, ba beste txapelketa bat antolatzen jarraitzea». 

Women Winter Series txapelketarekin batera, Banakako Series torneoa jokatuko dute gizonezkoek. Lau puntistak neurtuko dituzte indarrak: Aritz Erkiaga –Winter Serieseko azken irabazlea eta iaz, Durangon ere txapeldun–, Unai Lekerikabeaskoa –Binakako azpitxapelduna–, Johan Sorozabal eta Ludovic Laduche.

Txapelketa osorako bonoak jada salgai daude Eraman Jai Alai enpresaren webgunean. ETB1ek emango ditu partida guztiak, 22.15etatik aurrera hasitako saioan.

Lehen finalerdia, otsailak 26, 19.00etan

Helena-Arai vs. Maite-Frida (Winter Series)
Johan vs. Laduche (Banakako Series)

Bigarren finalerdia, martxoak 4, 19.00etan

Erika-Maialen vs. Elaia-Ihart (Winter Series)
Erkiaga vs. Lekerika (Banakako Series)

Final handia, martxoak 11, 19.00etan