Ipuruako ibilbideari eutsi nahi dio Eibarrek, aurkari gogorrenaren aurrean

Armaginek Espanyolen bisita hartuko dute bihar. Joseba Etxeberriaren ustetan, 2. mailara igotzeko faborito nagusia da talde zuri-urdina. Eibarrek 2024ko partida guztiak irabazi ditu etxean.

Rios Reina baloiarekin Jofreren aurrean, bina amaitu zen lehen itzuliko partidan.
Rios Reina baloiarekin Jofreren aurrean, bina amaitu zen lehen itzuliko partidan. (SD Eibar)

Denboraldiaren bigarren herenari amaiera emango dio Eibarrek larunbat honetan, bere une goxoenetakoan dagoela. Eta hirugarrenari egoera beran ekiteko, Ipuruako ibilbideari eutsi beharko dio 2. mailako aurkari gogorrenaren aurrean. Horrela adierazi du, behintzat, Joseba Etxeberriak, Espanyol «denboraldi hasieratik Lehen mailara igotzeko faborito nagusia» dela adieraziz.

Sailkapena ez dator bat elgoibartarraren hitzekin, Eibar bera baita indartsuagoa momentuz, talde bien arteko aldea puntu bakarrekoa besterik ez bada ere. Zenbakiak deigarriagoak dira neurketa Ipuruan jokatuko dela kontutan hartuta, bertan partida bakarra galdu baitute armaginek, orain dela sei hilabete liderraren aurka, eta, adibidez, 2024ko hirurak irabazi dituzte, hiruretan atea hutsean utzita. Eta Espanyol, berriz, kilikolo dabil etxetik kanpo. Urrian azken garaipena lortu zuenetik, hiru puntu besterik ez ditu eskuratu bisitari bezala jokatutako zortzi norgehiagoketan.

Eztabaidarik ez dago partidaren garrantziari dagokionez, irabaziz gero lau puntutara handituko baitluke abantaila Eibarre, lehen itzulian Cornellan berdinduz gero golaveragea bere alde usteaz gain. Adostasuna dago ere gipuzkoarrek joan den astean Elxen eskaini zuten jokoa hobetzeko beharraren inguruan eta azken aste hauetan lan defentsiboan erakutsi duten hobekuntzan sakontzearen komenigarritasunean, Espanyol baita Eibar bera baino gol gehiago sartu dituen talde bakarra. Baina era berean, zuri-urdinak inoiz baino konzentratutago zelairatu beharko dira ere, eurek ere igo nahi duen talde batek beharko lituzken baino gol dezente gehiago jasotzen baitutuzte –31 egin diote Eibarri 27 jardunaldietan eta 30 Espanyoli–. Lehen itzuliko partida bina amaitu izan ez omen da kasualitatea.

Defentsari dagokio asteko albiste ona Josena Etxeberriarentzat, Berrocal bueltan baitako zigorra bete ondoren. Deialdira eta hamaikakora ere itzuliko da kontratua urtebetez luzatu berri duen zentrala. Horrela, beste behin ere, zalantza zelai erdian egongo da, Vencedor, Sergio era orain arte aulkitik irten den Nolaskoain lehian baitaude postu bat eskuratzeko Matheusen alboan.

EIBAR
Hamaikakoa: Luca; Tejero, Berrocal, Arbilla, Rios Reina; Vencedor, Matheus; Aketxe, Mario Soriano, Stoichkov; eta Bautista.
ESPANYOL
Hamaikakoa: Pacheco; Sergi Gomez, Victor Ruiz, Cabrera; Omar El Hilali; Aguado, Keidi Bare, Jofre Carreras, Puado; Milla eta Braithwaite.
Deialdia: J. Garcia, Oscar Gil, Keita Balde, Olivan, Gragera, Lazo, Sanchez, Ruben, Roger, Fortuño, Ian eta Gaston.
Bajak: Exposito, Omar Sadik, Melamed, Calero eta Pol Lozano, lesionatuta.

Epailea: Quintero Gonzalez (Andaluzia).
Zelaia: Ipurua.
Ordua: 18.30 (LaLiga Hypermotion TV).