Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Pronostikoak goitik behera irauli eta Artola-Imazek lehen puntua batu dute

Artola eta Imazek finalerdietako lehendabiziko puntua batu dute, faboritoak ziren Jaka eta Mariezkurrena mendean hartuta. 8-3 galtzen joatetik, 9-15 aurretik jarri dira gipuzkoarrak eta garaipena ongi bideratuta utzi dute.

Iñaki Artola, oso pozik garaipenarekin.
Iñaki Artola, oso pozik garaipenarekin. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Partidaren hasieran onartu zuen Erik Jakak, aspaldian zebiltzala presiorik gabe jokatzen, finalerdietarako sailkapena ondo bideratu baitzuten lehendabiziko fasean. Hala, finalerdietako ligaxkako lehen partida garrantzitsu honetan nola erantzungo ote zuen zalantza zeukan. Pronostikoek bikote makalena bezala zeukaten Artola eta Imaz, batez ere azken unean, ozta ozta, markagailua iraulita –eta nola, gainera– sailkatu zirelako finalerdietara; gainera, Alegiakoa gastroenteritisa pasa berritan.

Pronostikoek eta apostuek arrazoi izango zutela zirudien hasieran, Labriteko markagailuak 6-1 adierazi baitzuen lehen txanpan, Erik Jaka bizi bati esker eta Mariezkurrena ausart bati esker. Berriozarkoak sekulako hormabikoa egin du 3-0ekoan, bai eta sekulako zartakoa bota atzera, Imaz errebotean katzeatzeraino, 6-1ekoan. Bina tanto eginda (8-3), ezustean, gorrien gainbehera hasi da. Artola jokoan sartzen joan da eta gorriek akatsak pilatu dituzte.

Urduritasuna areagotu da Jaka eta Mariezkurrenarengan, prezipitazioa, eta pilota gainetik ezin kenduta jardun dira, aurrean Artola-Imaz, atzetik aurrera eginda, beren erosotasun gorena aurkitzen ari ziren bitartean. 1-12ko partziala ezarri dute urdinek, pronostikoak goitik behera iraulita, bikote sendo baten zantzuekin.

Gorrien kalapita

Kanpora, gora, txapapera... Mota guztietako akatsak egin dituzte gorriek –orotara, 13 galdutako pilatu dituzte–, pilota motelarekin Artola eta Imaz oso gustora moldatu diren bitartean. Atzeko kuadroak menderatu ditu oiartzuarrak, ezker horman ere sartu ditu pilota arriskutsu batzuk, eta Alegiakoa ere errezitala eskaintzen hasi da. «Jokoan asko sartu behar naizen pilotaria naiz. Zaila da horrelako hitzordu handietan joko alaia egitea, baina argi daukat jokatzeko modua ez dagoela aldatzerik», esan du Artolak, pilotakada gehien jo zuen pilotariak, 157, Mariezkurrenak baino 15 gehiago. 

9-15ekoarekin, ondo bideratu dute garaipena urdinek. Gorriek, noizean behin, tantoa berreskuratuta, pilota aldaketarekin bilatu dute erreakzioa baina segituan zapuzten zitzaien, beraien akats edo urdinen inspirazioaren ondotik.

«Gezurra esango nizuke finalean pentsatzen ez dugula esango banizu, baina itsutu gabe», azaldu du Artolak. Finalerako lehia bete-betean sartu dira. Beste bi partida geratzen dira baina «bikote gogorra osatzeko nahi horrekin» edozein ezusteko emateko gai dira.

Fitxa teknikoa:

JAKA-MARIEZKURRENA 13

ARTOLA-IMAZ 22

Pilotakadak: 526 pilotakada. Iraupena: 61:30 minutu. Markagailua: 1-0, 2-0, 3-0, 3-1, 4-1, 5-1, 6-1, 6-2, 6-3, 7-3, 8-3, 8-4, 8-8, 8-9, 8-10, 9-10, 9-11, 9-15, 10-15, 10-16, 10-19, 11-19, 12-19, 12-20, 12-21, 13-21, 13-22. Eginak: 5 Jakak eta 3 Mariezkurrenak; 8 Artolak eta 1 Imazek. Sakez: 1 Jakak. Galdutakoak: 7 Jakak eta 6 Mariezkurrenak; 3 Artolak eta 2 Imazek. Gorabeherak: Binakako txapelketako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia, Iruñeko Labriten jokatua, harmailak lepo. Sakea, gorri.