Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Entrevue
Helena Barrenetxea
Puntista

«Garaipen oso handia da finalera iristea, gehienbat Durangon delako»

Helena Barrenetxea (Durango, 2007) Winter Serieseko finalera sailkatu da, Arai Lejardi markina-xemeindarra, iazko txapelduna, lagun duela. Bikote orekatua osatzen dute eta durangarra, finalerdietan, oso trebe aritu zen tantoak errematatzen. Behin finalera iritsita, etxean txapela jantzi nahi du.

Helena Barrenetxea, Winter Serieseko finalerdietan.
Helena Barrenetxea, Winter Serieseko finalerdietan. (ERAMAN JAI ALAI)

Pozik sumatzen zaio Helena Barrenetxeari, «ilusio askorekin». Winter Serieseko finalean lekua egin du, Arai Lejardirekin bikotea osatuz. Joan den astelehenean Maite Ortiz de Mendibil eta Frida Watkins mendean hartu zituzten, atzetik aurrera eginda. Zital aritu zen durangarra aurreko koadroetan, urtebetean sekulako urratsa egin duela agerian utziz. Partida ikusgarria eskaini zuten eta, beraz, zoriontasuna bikoitza da; izan ere, «gogoa neukan  erakusteko neskak nola jokatzen dugun. Ondo jokatu genuen eta gainera, irabazi».

Bihar, 19.30ean, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, bigarren finalerdia jokatuko da, Erika Mugartegi-Maialen Aldazabal eta Elaia Gogenola-Naroa Merino bikoteen artean. Durangarrari, etxean jokatzen ari dela, «berdin» zaio zein bikoteren aurka jokatu finala.

Partida ikusgarria izan zen. Hasieran agian urduri samar egon zineten?

Bai, nik uste dut igarri zela urduritasuna. Markagailuan 0-4 hasi ginen baina tira, gero irauli genituen nerbioak eta oso ondo aritu ginen.

Maila oso ona erakutsi zenuen, pilota berotu ahala, partidan sartzen hasi zinen.

Garrantzitsuena izan zen nerbioei buelta ematen jakitea. Lasaitasun puntu hori hartzea eta partidan zentratzea, burua partidara jarri, ez pentsatzea harmaila jendez lepo zegoela.

Horrez gain, zein izan zen partidaren gakoa?

Maite [Ortiz de Mendibil] oso trebea da, bi bider irabazi du Munduko txapelketa. Bagenekien Maite jokoan sartzen baldin bazen, oso partida gogorra izango zela. Gure jokoa zen Frida [Watkins] kargatzea, nekatzea, eta uste dut bera izan zela pilotakada gehien eman zituena. Asko nekatu genuen eta horrelako kasuetan ohikoa izaten dira akatsak egitea. Gure estrategia zen tantoa menderatzea eta ahal nuenean tantoa bukatzea.

«Hilabete asko neramatzan saihetseko jokoa praktikatzen eta ondo atera zen partidan zehar»

Tanto ikusgarriak egin zenituen; horma-bikoarekin oso trebe aritu zinen.

Aurrelaria naiz, tantoak egin behar ditut. Hilabete asko neramatzan saihetseko jokoa praktikatzen eta ondo atera zen partidan zehar.

Hobekuntza nabarmena ikusi genuen. Iaz Eneritz Lizardirekin aritu zinen bikote, eta urtebetean sekulako hobekuntza egin duzu.

Joan den urtekoa pena izan zen. Aurrerapauso oso handia eman dugu denok. Jendeak esan dit asko hobetu naizela. Nik uste dut oso gazteak garela, eta hain gazteak izanda urtez urteko hobekuntza asko nabaritzen da.

Motibatu zaituzte ikusteak badagoela zesta-puntaren aldeko apustu bat?

Jokatzen ditugun partida gehienak doan jokatzen ditugu, frontoiak ere hutsik daudela. Horrelako aukerak dauzkagunean aprobetxatu behar ditugu. Gutxika-gutxika horrelako aukera gehiago dauzkagu, urtean zehar horrelako txapelketa gehiago jokatzen ari gara eta oso pozik gaude. Horrelako txapelketek motibazio handiagoa ematen digute.

Baita presioa ere, ezta? Ondo egin behar hori hainbeste ikusle zuei begira daudela.

Helburu kolektiboa da txapelketa polita ateratzea, jendeak disfruta dezala, partida ikusgarriak eskaintzea. Gu gara emakumezkoetan horrelako jarraitutasunarekin jokatzen ari garen lehendabiziko belaunaldia eta badaukagu presio hori; ez badugu eskaintzen ikuskizun ona agian jendeak esango duela emakumeok ezin dugula zesta-puntan jokatu. Zama hori igartzen dugu.

«Gu gara emakumezkoetan horrelako jarraitutasunarekin jokatzen ari garen lehendabiziko belaunaldia; [ondo egitearen] zama hori igartzen dugu»

Etxean txapel bat janztea ere ederra litzateke, ezta?

Niretzat garaipen oso handia da finalera iristea; oso zail ikusten nuen, Maite neukalako aurkari. Garaipen bat da finala jokatzeko aukera izatea, gehienbat Durangon delako. Horrelako txapelketak ez dira hilero jokatzen eta, gainera, etxean jokatuko dut.

Iaz famatu bilakatu zen urte batzuk lehenago Durangoko Udalari helarazi zenion olerki bat; orduan pilotalekua eraberritzea eskatu zenuen. Eraberritu zuten. Orain zer eskatuko zenioke?

Batez ere, jarraitzea horrela, frontoia ondo zaintzea. Guk zesta-puntako txapelketa gehienak Markinan, Berriatuan  eta Mutrikun jokatzen ditugu. Durangon zesta-eskola bultzatzea eskatuko nioke, proiektuak sustatzea neska gehiago animatzeko, ze Durangoko eskolan ni naiz neska bakarra.

Helena Barrenetxearen erremate bat, Winter Serieseko finalerdian. (ERAMAN JAI ALAI)

Aurten Aritz Erkiaga hasi da zuekin, ezta?

Bai, zuzendaritza talde berri bat sartu da. Hamaika pertsonak osatutako zuzendaritza talde bat; lortu dute Aritz Erkiaga etortzea monitore bezala eta, kasu honetan, nire monitorea da, bai (barrez). Asko laguntzen dit, baina aurrepausoaren gakoa da gazteak garela eta gure artean asko ikasteko gaitasuna daukagula.

Bihar bigarren finalerdia jokatuko da. Nola ikusten duzu?

Partida orekatua izango da. Erika aurten izan da Munduko txapeldun, iaz Winter Series ere irabazi zuen; Maialen oso atzelari ona da, segurua. Bestalde, Elaia berria da txapelketa honetan, bere aurka asko jokatu izan dut eta maila oso handia dauka. Naroa urduriago egon daiteke ze azken unean sartu da, Iharten ordez. Ez du izan denbora prestatzeko. Gainera, aurrelaria da eta Durangon atzean jokatuko du.

Zuk zein nahiago finalean?

Berdin zait. Guk gure jokoa egingo dugu, erakutsi dugu nola jokatzen dugun Arai eta biok. Sailkatzen den bikotearen arabera gure jokoa aldatu egingo da baina, finean, berdin zait zein arerioren aurka jokatu.