NAIZ

Ihurtzuri gazte feminista taldea sortu dute Ipar Euskal Herrian

Gazte feministentzat bilgune izateko xedez Ihurtzuri taldea sortu dute Ipar Euskal Herrian. Aitzinetik Hego Euskal Herriko hainbat herritan antolatzeari ekin dion Euskal Herriko Neska* Gazteen sarean txertatuko da talde berria. Martxoaren 8an antolaturiko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Ihurtzuri taldea bidea egiten hasi da Ipar Euskal Herrian.
Ihurtzuri taldea bidea egiten hasi da Ipar Euskal Herrian. (@ihurtzuri)

Ihurtzuri da Martxoaren 8ko bezperetan aurkeztu duten talde berriaren izena. Hain zuen, gazte feministen taldea bezala bere burua aurkeztu duen eragilea buru belarri ari da lanean, beste kolektibo feministekin elkarlanean, Emaztearen Nazioarteko Eguna kari Ipar Euskal Herrian deituriko ekimenak antolatzeko.

Ohar baten bidez taldeak azaldu duenez, «Ipar Euskal Herriko gazte feministak saretu eta antolatzeko asmoz, borroka feministari ekarpena egin nahi diogu gazte subjetutik». 

Aitzinetik Hego Euskal Herriko herri ezberdinetan antolatzeari ekin dion Euskal Herriko Neska*
Gazteen sarearekin bat egiteko asmoa agertu du Ihurtzuri taldeak.

Sare sozialen bidez bideoa zabaldu du Ihurtzurik bere burua aurkezteko.

 

Ihurtzuri taldeak gazte feministentzako «elkarguneak eta antolatzeko espazioak» sortzeko helburua finkatu du. Horrendako hainbat ekimen eta hitzordu proposatuko dituela iragarri du.

Martxoak 8ko hitzorduak

Egun, Martxoaren 8an Ipar Euskal Herrian antolatzeko lanean ari dira taldeko kideak, beste kolektibo feministekin batera.

Zentzu horretan, taldearen sorrera iragartzearekin batera, gazte feministei dei berezia luzatu diete Ihurtzuriko lagunek emazteen aldeko borroka sostengatzeko karrikan, eta bereziki, Martxoaren 8an, 18:00etan, Baionan iraganen den manifestaziora bertaratzeko.

Greba feminista orokorra eta manifestazioa deitu dituzte kolektibo feministek Lapurdiko hiruburuan Martxoaren 8rako.

Hitzordua, erran bezala, Baionako Askatasun plazan eman dute, Herriko Etxearen aitzinean, 18.00etan. Manifestazioaren ondotik, borroka eta besta uztartuko dituen gaualdi bat izanen da,
Planning Familialak antolaturik, Baionako Askatasun plazan lehenik eta Zizpa Gaztetxean
ondotik. Abesbatza, bertsolariak, antzerkia eta DJak badira gaualdia girotzeko.

«Emazte et genero minorizatuek oraino falta dituzten eskubideen aldarrikatzea dugu xede, eskubide berdintasunean oinarritua izanen den jendarterako aitzinapausuak emanez», azaldi dute antolatzaileek.

Horren kari, aldarrikapen nagusiak zerrendatzen dituen gutun idekia hedatu dute,
Manifeminste Instagram konduaren bidez.

Kolektibo feministek beste hainbat hitzordu emanen dituzte Marxoak 8an Ipar Euskal Herrian.

Hala,Urruñan 19.00tan ekimena deitu dute herriko plazan.

Bestalde, Hendaiako feministek Hondarribia eta Irungo borroka ahizpekin ekimen bateratua proposatuko dute. Bi zutabe abiatuko dira Martxoaren 8an, Hondarribiako Martxoak 8 plazatik (17.30ean) eta Hendaiako Gaztelu Zahar frontoitik (17.45ean).

Zabaltza plazan Irungo zutabearekin elkartu ondoren, denak batera San Juan plazara abiatuko da martxan bertan egingo baita, 19.00etan, ekitaldia.