Ilusioz eta oroitzapen onei eutsita ekingo dio Realak Kopako kanporaketari

Talde donostiarrak Atletico Madril bisitatuko du etzi finalerdikoen joaneko partida jokatzeko. 2019Ko finalaren batera, azken bisitetan emandako irudi ona goraipatu du Nerea Eizagirrek.

Eizagirre ilusionatuta agertu da Zubietan eskainitako prentsaurrekoan.
Eizagirre ilusionatuta agertu da Zubietan eskainitako prentsaurrekoan. (Real Sociedad)

Otsaileko lehen etenaldi luzeari puntako hitzorduarekin emango dio amaiera Realak. Sporting Huelva eta Levante kanporatu ondoren, donostiarrek beren historiako Kopako bigarren finalerako txartela dute jokoan, etzi eta datorren astean Atletico Madrilen kontra izango dituzten partidetan. Egungo txapelduna da talde zuri-gorria eta Ligan Realak baino puntu gehiago pilatu ditu baina Zubietan kakotxen artean jartzen diote faborito etiketa, Reala bera izaten ari den goranzko bideari eta Atleticok pizten dituen oroitzapen onei jarraituz. Horrela adierazi dute Natalia Arroyok eta Nerea Eizagirrek gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan.

«Badirudi inoiz ez garela gu faboritoak –esan du kapitainak– baina gero min egiten dugu beti eta hori garrantzitsua da. Atleticoren beraren kontrako Kopako finalean ez ginen eta irabazi genuen. Levanteren aurka ere ez ginen faboritoak. Egia esateko, eskertzen da aurkariak izatea erantzunkizun hori. Baina gero jokatu egin behar da». Eta Eizagirrek ilusio handiarekin begiratzen dio kanporaketari, Atletico «oso talde ona» bada ere. «Badakigu talde gogorra dela eta jokalari oso onak dituela, partida batere erraza ez dela izango. Baina Levanteren aurkakoa ere oso zaila zen eta bertsio oso ona eman zuen taldeak, aurkari handien aurrean lehiatzeko gai garela erakutsi genuen. Oraingoan ere bertsio horretara heltzea espero dugu. Gainera, Madrilen beti eskaini dugu bertsio on bat, ondo moldatzen gara zelai horretan», gogoratu du tolosarrak.

Eizagirrek, gainera, itzulia Zubietan jokatzearen garrantzia azpimarratu du. «Ondo etortzen zaigu bi partida izatea. Han partida ona egiten saiatu behar gara, emaitza ona lortzen, kanporaketa hemen borobiltzeko, gure zaleen bultzadak lagunduta», esan du. Ez du uste, hala ere, datorren asteko partidan pentsatuz zelairatu behar direnik etzi zuri-urdinak. «Nik partidaren bila joatea planteatuko nuke, ahalik eta emaitza onenarekin etortzen saiatzeko. Partida gogorra izango da eta garrantzitsua izango da baloia asko egitea, eurek min asko ez egiteko, gol-aukera asko sortu. Jokoa aurkariaren zelaian eukitzeak lagundko digu. Eta defentsiboki ondo egon behar gara, talde sendoa izan. Ez da erraza arlo guztietan zure maila onena ematea une oro baina ahalik eta partida onena egiten saiatuko gara, itzuliko norgehiagokan helburua gertuago eukitzeko».

Natalia Arroyok bat egin du, ez berak eta ez bere taldeak «espelulatzen» ez dakitela azpimarratuz. «Ez dakit nola egiten den. Ahalik eta partida onena egiten saiatuko gara, gauzak ondo eta gure erara egin ditugunean gauzak atera ditugulako euren kontra. Betiere eurek mina egiteko sekulako gaitasuna dutela eta kanporaketa etxeko partida oso bideratuta uzten zaiatuko direla ahaztu barik –azaldu du–. Badakigu 90 edo 120 minutu gehiago jokatuko ditugula datorren astean baina aurreko 90 minutuak ondo jokatzen ditugun heinean, finaletik gertuago egongo gara, bide bakarra hori dela uste dut. Gero ikusiko dugu neurketan zehar erlojua begiratzen hasteko unea heltzen den baina hori azken minutuetako kudeaketa kontuak dira, Ligako partidetan gertatzen den moduan. Bi partida dira baina gaur lehenengoa da garrantzitsuena eta behar baino lehenago hasten bagara bigarrenean pentsatzen, huts egingo dugu».

Entrenatzaile zuri-urdinak «oso ilusionatuta» ikusten du taldea eta horrela dago bera ere bai. Gainera, etenaldi luze honetan egindako lana goraipatu du. «Ez da erraza, egun batzutan sei jokalari besterik ez baikara egon. Baina lana ia pertsonalizatuta egiteko aprobetxatu dugu, sekulako konpromisoa erakutsi dute futbolariek eta hori goraipatzekoa dela uste dut eta onurak ekarriko dituela badakit. Eta kanpoan ibili direnak ere ondo itzuli dira, alde horretatik lasai nago, beraz».

Ilusioarekin batera, konfiantza azpimarratu du Arroyok. Eta horretan zerikusi handia izan du aurreko kanporaketan gertatutakoak. «Autoestimuan eragina izan zuen eta beharra geneukan, Ligan aurkari handiekin gehienez berdindu egin baikenuen aurretik. Partida horrek irabazteko gai garela esan zigun. Gainera, markagailuan atzetik joan ondoren, Levante bezalako talde baten kontra… Horrelako bigarren zati ona egin, lehena ere nahiko txukuna izan bazen ere, behin eta berriro saiatzeko pazientzia eduki… Gauza askorengatik, partida horrek bidea zein izan daiteken eratkusi zigun. Beti ez zaizu ondo irteten baina garrantzitsua izan zen guretzat bai garaipena bai irabazteko era eta garrantzitsua izan daiteke hurrengo aurkariei begira, eurek ere badakitelako bertsio hori emateko gai garela. Gure erronka da maizago ematea eta, ahal bada, kanporaketa honetan bertan eskaintzea», esan du.

Madrilen gerta daitekenari buruz dagokionez, Ligako partida irizpidetzat hartu du entrenatzaile zuri-urdinak, bere taldearen «gola kontraerasoan heldu» zela gogoratuz «eta beste hiruzpalau trantsizio on eduki genituen ere. Ildo horretan, taldea hazi dela uste dut, errekurtso gehiago dituela. Gero eta min gehiago egiten dugu espazioak dituzten partidetan baina egia da ere bai partida kontrolatuek pausua eta konfiantza ematen dizkigutela eta aurkaria nekatzen dutela. Edozein kasutan, erregistro guztietan ondo egin beharko dugu eta une oro argi eduki plana, badakigulako ezin izango dugula baloia 90 minutuetan zehar eduki. Une batzuetan Atleticok menderatuko du eta horietan hortzak estutu beharko ditugu eta oso ondo defendatu. Hori ere ondo maneiatuz, gure aukerak izango ditugu».

Arroyok, azkenik, finalera heltzeko «ilusioa» azpimarratu du, «jokalariena, talde teknikoarena, nerea eta klubarena». Ez du uste lorpen horrek gizonezkoen taldeak Mallorcaren kontra jasotako kolpearen «minarekin amaituko lukeenik, min hori bera izango litzateke». Baina «kluba bizitzen ari den aste handiak» azpimarratu ditu. «Final baten atarian geratzea nahikoa ez izateak zer edo zer esan nahi du. Zer edo zer handia, Imanolen taldea eta denok oro har egiten ari garena erakusten duelako. Nesken taldeak Kopako finala irabazi ondoren beste bi final jokatuko ditu, Champions kanporaketa… Ohitzen hasi gara aste bereziak bizitzen eta hori ona da. Egia da talde biek finala jokatzearen ilusioa geneukala eta hori dagoeneko ez dela gertatuko baina gu saiatuko gara gurera heltzen eta eurek ia Kopako mina kentzen duten bihar irabaziz eta Europan aurrera jarraituz», amaitu du.