Jon Ormazabal

Lau kilometro eskas, baina mundu bat era berean, Labritetik Nafarroa Arenara

Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian garaipen erosoak lortuta, finaletik urrats batera daude larunbatean Iruñean elkarren aurka ariko diren Artola-Imaz eta Peio Etxeberria-Zabaleta.

Peio Etxeberria eta Iñaki Artola Labriten elkarren aurka jokatutako azken partidan.
Peio Etxeberria eta Iñaki Artola Labriten elkarren aurka jokatutako azken partidan. (Aitor KARASATORRE/FOKU)

Mapa baten gainean, 4 kilometro eskas baino ez daude Iruñeko erdialdean kokatuta dagoen Labrit pilotalekutik, Euskal Herriko hiriburuko aldirietan dagoen Navarra Arenara. Paseotxo bat bihurtuko den mundu bat larunbat honetan Alde Zaharrean topo egingo duten Artola-Imaz eta Peio Etxeberria-Zabaletarentzat. Biek ala biek Binakakoaren finalerdiko lehen jardunaldian garaipen erosoak eskuratuta, larunbatean 22. kartoira heltzen denak hanka eta erdi izango du Aberri Egunean jokatuko den finalean, galtzaileek Labritera itzuli beharko dute hurrengo astean, edo Eibarko katedraletik pasatu, txapelaren bila jarraitzeko.

Lortuz gero, lehen Binakako finala litzateke Iñaki Artola zein Peio Etxeberriarentzat, bi atzelariak, aldiz, azken aldian ohitura bihurtu zaien lorpen bat eskuratuko lukete. Izan ere, Julen Martijaren baimenarekin, azken urteetako bi atzelaririk erregularrenak dira Ander Imaz eta Jose Javier Zabaleta. Aurreko bietan Unai Lasorekin txapelketako azken partidara helduta, hirugarrena litzateke jarraian oiartzuarrarentzat, Jose Javier Zabaletarentzat, aldiz, bosgarrena azken zazpi urteetan, seigarrena orotara, tartean lau txapel ere jantzi dituelarik.

Dohain oso desberdineko atzelariak, bien arteko demak garrantzi handia izango du sasoi ederrean diren bi bikoteren arteko talkan. Agian aurten ez gara pilota ikusgarriki atzeratzen duen Zabaleta bat ikusten ari, baina bere frontis erdian jotako pilotakadek karga handia hartzen dute eta atzelaririk sendoenak ere menderatzen ari da erregulartasun handiarekin jokatzen duenean.

Imaz, fresko

Horiexek lirateke, sendotasuna eta lehiakortasuna, Ander Imaz bi hitzetan definitzeko pilotazale ia gehienek aukeratuko lituzketen bi adjektiboak, eta egia da oiartzuarrak partida luze eta gogorrei inolako beldurrik ez dien horietako bat dela, baina ezkerrez eta airez asko hobetzeaz harago, azkenaldian oso fresko ari da jokatzen eta kolpez ere aurkaria erasan dezakeela erakusten ari da.

Baina aurrelarien lana ere funtsezkoa izango da pisu handiko garaipenaren bidean. Azken bietan, garaipenak pisurik handiena izan duten partidetan, eman du Peio Etxeberriak bere mailarik onena, partidaren zama guztia Zabaletaren bizkar uzteak onik egiten ez diela barneratu duenean eta gaur ere erasoan ardurak hartu beharko ditu irabazi nahi badute. Iñaki Artolak, bere aldetik, ongi daki protagonista izan behar duela, partidaren erritmoa jarri beharko duela aukerak izateko.