NAIZ

Profesionalekin udan aritzeko bide bat irekiko du Mutrikuko zesta-puntako Elite txapelketak

Ostiral honetan hasiko da Euskadiko Federazioak antolatutako txapelketa honek 16 puntista batuko ditu. Iaz ere Mutriku izan zen eszenatokia, bai eta emakumezkoetan ere, eta datozen bi urteetarako hitzarmena sinatu da.

Mutrikun aurkeztu dute gaur aurtengo zestako Elite txapelketa.
Mutrikun aurkeztu dute gaur aurtengo zestako Elite txapelketa. (EEPF)

Zesta profesionala bere etorkizuna beste begi batzuekin ikusten ari den honetan, punta-puntan dabiltzan pilotari horien eta harrobiko gazteen artean zubi lanak egingo dituen sistema edo moduak eratzea da kirol honek, bere biziberritze prozesuan, aurrean duen erronkarik handienetako bat. Bide horretan, Euskadiko Pilota Federazioak eta enpresek adostutakoaren baitan, ostiral honetan Mutrikun hasiko den Elite txapelketak profesionalekin aritzeko bidea irekiko die irabazleei. «Sari ekonomikoaz aparte, bi enpresekin lortutako akordioen arabera udako txapelketa batean behintzat, parte hartu ahal izango dute irabazleek. Era oso ona da profesionalekin lehiatu ahal izateko eta enpresen eta afizionatuen arteko harremanen arteko zubiak sortzeko. Orain arte horrelako gauzak ez dira egin, baina pilota aurrera eramateko beharrezkoak dira», azaldu du Gotzon Enbil, puntista ohi eta Federazioko lehendakariak gaur Mutrikun egin den aurkezpenean. 

Denboraldian zehar lortutako emaitzen arabera eratutako rankingean 12 puntistarik onenek eta hautaketa teknikoz aukeratutako beste bi aurrelari eta bi atzelarik, denera 16 pilotarik, hartuko dute parte ostiral honetatik aurrera Miruaitz pilotalekuan jokatuko den txapelketan. Agirre, Goitia, Urreisti, Antxon Alberdi, Basterra, Hernandez, iazko irabazle Aaron Gonzalez de Matauco eta Ormaetxea izango dira aurrelariak, azken biak teknikoek aukeratuak. Atzelariak, aldiz,  Manzisidor, Mugartegi, Uranga, Cabanillas, Suso eta Lekue, emaitzen arabera eta iazko txapeldun Bailo eta Mandiola izango dira hautaketa teknikoz sartutakoak.

Binaka jokatuko den bakarkako txapelketa

Lehiaketari dagokionez, iaz sistema bera errepikatuko da, hau da, parte hartzaileak bi multzotan banatu dituzte zozketa bidez eta pilotari bakoitzak hiru partidako ligaxka bat jokatuko du, jardunaldiro bikotez aldatuz. Hau da, banakako lehiaketa bat izango da, jardunaldi bakoitzean lortutako tantoen araberako puntuazio bat jasoko du eta multzo bakoitzeko bi aurrelaririk eta bi atzelaririk onenek lortuko dituzte apirilaren 12an jokatuko diren finalerdietarako txartelak. Finala, aldiz apirilaren 19rako dago iragarria.

Txapelketa honetako partida guztiak Mutrikun jokatuko dira, eta ez aurtengoak bakarrik, bertako Udalak eta Euskadiko Federazioak bi urtetarako hitzarmena sinatu dute eta, hau da, 2025eko txapelketa ere Miruaitz pilotalekuan jokatuko da, gizonezkoetan bezala emakumezkoetan.