Bilboko hilerrian dauden sei gudarien hilobiaren lekualdatzea atzeratzea lortu dute

Gogora institutuan bilera izan dute Bilboko hilerriko panteoi batetik Elgoibarrera eraman nahi dituzten gudarien senideek. Lekualdatzearen aurka daude, Memoria Historikoaren Legeak babesten dituela iritzita, eta maiatzean Bilboko Udalarekin izango duten bilera batera arte atzeratzea lortu dute.

Hilobian lurperatutako sei gudarien oroigarri den hilarria.
Hilobian lurperatutako sei gudarien oroigarri den hilarria. (Gudarien Babesa)

600 sinaduratik gora jaso ditu Unai Zabalak aitaita zenaren eta beste bost gudariren hilobia Bilboko hilerritik lekualdatu ez dezatela eskatzeko. Elgoibarreko hilerrian hezurtegi batera eraman nahi dituzte Paulino Beraza Madariaga, Felipe Elorriaga Larrea, Blas Larrazabal Inunciaga, Juan Zabala Loza, Ambrosio Etxebarria Uriarte eta José Txintxurreta Zamakona gudarien gorpuzkiak, Bilboko hilerriko panteoiko kontzesioa bukatu baitzitzaien ia bi hamarkada direla.

Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariarekin astelehen honetan izan duten bileran ez da Bilboko Udaleko ordezkaririk izan eta instituzioarekin bilera jarri dute maiatzaren 9an. Ordura arte, behintzat, atzeratuta geratuko da lekualdaketa, Unai Zabalak NAIZi azaldu dionez.

1982ko uztailaren 8an lur eman zieten ekitaldi politiko-erlijioso batekin, Pikaza familiak utzitako panteoian, uda horretan bertan aurkitu baitzituzten Zirardamendi mendian, Elgoibarren. Sei gudariak Begoñako EAJko militantean ziren eta Ibaizabal batailoiko Zubiaur konpainiako kideak ziren. Elgoibarren bertan hil ziren 1936ko irailaren 25ean, armada frankista geldiarazteko borrokan.

Hori dela eta, panteoitik atera behar dituztenez, Elgoibarren dagoen hezurtegira eramateko arriskuan daude. «Guk uste dugu nahikoa dela», dio Zabalak lekualdaketari buruz. Senideentzako mingarria litzateke, orain dauden tokia memoriarako espazio bilakatu baitzaie.

Gainera, Zabalak azaldu du Memoria Historikoaren Legeak era horretako tokiak babestea aurreikusten duela eta, beraz, lekualdatzea bertan behera geratu beharko litzatekeela. Udal ordezkarien arabera, ordea, zerbitzu juridikoek diote ezin dela bereizketarik egin hilobi honekin eta, besteekin egiten den bezala, kontzesioaren epemuga igarota mugitu egin behar direla gorpuzkiak.

Kolunbarioa Derion

Ezenarrok astelehen honetan bileran azaldu die Bilboko Udalak badaukala hilerrian bertan kolunbario berri bat egiteko asmoa, bertan ehorzteko 36ko gerran zendutako gudarien gorpuzkiak. Zabalak azaldu duenez, lekualdaketa hori balitz ados egon litezke senideak, metro batzuk mugitzea baino ez litekeelako izango, batetik bestera ibiltzeko beharrik gabe.

Itxaropentsu agertu da, Udalarekin eskatutako bilerari baiezkoa eman dietelako, baita proposamenarekin ere. Horrela, maiatzaren 9ra arte hilobiak «babestea» lortu dutela azaldu du Zabalak.