NAIZ

Orain Errepublikak koalizioa berresteko aukera izango dute bihar EH Bilduren oinarriek

EH Bilduren oinarriek bihar bozkatuko dute europar hauteskundeetan ERC, BNG eta AraMés alderdiekin batera Orain Errepublikak koalizioan aurkeztea berresten duten edo ez.

Pernando Barrena izango da EH Bilduren hautagaia europar hauteskundeetan.
Pernando Barrena izango da EH Bilduren hautagaia europar hauteskundeetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

EH Bilduk aurreakordioa du ERC eta BNGarekin, 2019an egin bezala, berriro elkarrekin aurkezteko, eta oraingoan AraMés Balearretako alderdi federazioak ere bat egin du Orain Errepublikak koalizioarekin. «Estaturik gabeko herrien eskubideak defendatu eta Europan hedatzen ari den autoritarismoaren olatuari aurre egingo diogu».

EH Bilduko oinarriek bozkatu ahalko dute bihar, hilak 27, Orain Errepublikak koalizioa errepikatzeko aurreakordioa berresten duten. EH Bilduk aurreakordio horren berri eman zuen urtarrilaren 13an Bilbon, Batzar Orokorrean, eta orain bilkideei dagokie horren inguruan erabakitzea. Hilaren hasieran berretsi zuten lehen tokian Pernando Barrena izango duen hautagaien zerrenda. Zerrenda hori EH Bilduko hainbat kidek eta euskal gizarteko izen esanguratsuek osatuko dute

Akordioa alderdi bakoitzaren barne-prozedurei jarraituz berretsi behar da orain, eta hala bada, oso epe laburrean sinatu eta ofizialki aurkeztuko da, eta horren ostean, jakinarazi dutenez, «Orain Errepublikak irekita egongo da Estatuko beste nazio batzuetako indar aurrerakoi eta suberanisten babesa jasotzeko».

EH Bilduk ohartarazi duenez, «Europar Hauteskundeak eskuin muturraren eta belizismoaren gorakada handi baten testuinguruan egingo dira, europar proiektuaren krisialdi baten erdian, herri sektoreen bizi baldintzen okertze eta herrien eskubideen ukapen testuinguruan». Horregatik, hain justu, EH Bilduk garrantzitsutzat jotzen du hauteskunde hauetara mezu eta helburu argiekin aurkeztea: «Herri bat garela aldarrikatu, estaturik gabeko herrien eskubideak defendatu, Europan hedatzen ari den autoritarismo eta faxismoaren olatuari aurre egin, militarismo eta gerraren aldeko deien aurrean bakea eta herrien burujabetasuna aldarrikatu eta bizitza duinen eta justizia sozialaren aldeko deia zabalduko dugu, Euskal Herriaren ahotsa Europan entzun dadin».