Andoni Arabaolaza

Reinhold Messner-ek itxitzat jo du Gunther anaiaren gertaera iluna

Duela 34 urte Nanga Parbateko Diamir isurian desagertu zen anaiaren bigarren bota jaso berri du mendizale historikoak. Messner-ek dio konspirazio teoria guztiak bertan behera geratu direla.

Reinhold Messner.
Reinhold Messner.

Ez da Reinhold Messner-en mendiko bota izan; baizik eta anaia Ghunter-ena. Hots, duela 34 urte Nanga Parbateko Diamir isurian desagertutako senitartekoarena. Joan den astean, Reinholdek berak jaso zuen Hego Tirolen duen etxean. Bota hori 2022. urtean Diamirreko glaziarrean aurkitu zuten, eta Liver Khan pakistandarra izan da Gilgit-Baltistanetik bidaiatu eta alpinista historikoaren eskuetan utzi duena.

Jasotako botari dagokionez, aurreratu behar da 1970.eko modelo bat dela, Vibram zola handi batekin eta forradura nahiko mehearekin. Gogora dezagun bi anaiok zortzimilako horretara eginiko espedizioan Reinholdek izozketak izan zituela.

Reinholdek onartu du bigarren bota horrekin amaiera eman diola bere ibilbidean izan duen zorigaiztoko gertaerari: «Ghunter-en bigarren bota jaso dut. Liver Khanek ekarri dit, eta, era horretan, demostratzen da duela 34 urte egin genuen espedizioan gertatutako tragedian ez nuela gezurrik esan».

Aurreratu dugu Gunther-en bota Diamirreko glaziarrean aurkitu zutela, eta horrek Reinholdek tragediaren inguruan egin zuen kontakizunarekin bat dator. Hots, beste espediziokideek zalantzan jarri zutena.

Bide batez, zortzimilakoetan historia egin zuen alpinista horrek aurreratu du Pakistanera itzuliko dela: «Ez dakit aurten edo datorren urtean izango den. Itzuli nahi dut nire legatua aseguratzeko. Hainbat ekimen bultzatuko ditut: kultur proiektuak, giza laguntzak…».

Polemika sutsua

2005. urtean lehen bota aurkitu zutenean, Gunther-en inguruko desagerpenaren eztabaida piztu zen. Reinhold oker al zegoen? Bada, itxura guztien arabera, ez. Eta badirudi, bigarren botak errugabetasuna baieztatu duela.

Historiaren pasarte horri begiratzen badiogu, lehenik eta behin aipatu behar dugu 1970. urteko ekainaren 17an Messner anaiek Nanga Parbateko gailurra zapaldu zutela Rupal aurpegitik. Isuri horretatik egin zen lehen igoera izan zen.

Eskalada historiko horrek, ordea, bilakaera tragikoa izan zuen. Jaitsieran, Diamir isuriaren oinarritik gertu zirela, Reinhold ohartu zen anaia atzean geratu zela. Haren bila joan zen, baina ez zuen aurkitu: elur-jausi batek erantsi zuen.

Reinholdek ezin ez zuen ezer egin. Soilik jaitsierarekin jarraitu. Bost egun ezer jan gabe zegoen; leher eginda ere. Hala nola haranera iritsi zen, eta han artzain batzuekin topo egin zuen.

Etxera itzuli eta ezbeharraren inguruko gaia polemika sutsua bihurtu zen. Reinholdi leporatu zioten jaitsiera horretan anaia abandonatu zuela.

Urteen poderioz, Gunther-en aztarnak agertzen hasi ziren. 2.000.ean, adibidez, peronea agertu zen. Eta bost urte beranduago, lehen bota hainbat alpinista tiroldarren gorpuzkiekin. Esan dugun bezala, azkena, duela bi urte aurkitutako bigarren bota izan da. Badirudi, 1970. urteko espedizioaren inguruan izan diren zurrumurru eta susmo guztiak behin betirako amaitu direla.