Tarte handirik ez dutela ondo dakiten arren, euren buruari iazko udaberrian Alziran (Herrialde Katalanak) jokatutako Munduko Txapelketan lortutako emaitzak hobetzearen erronka jarrita abiatu da pilotako Euskal Selekzioa igandera artean Portugalgo Freixo de Espada á Cinta hirian jokatuko den C.I.J.B. erakundearen Europako txapelketara. «Aurreko urtean Munduko txapelketan lortu genituen kirol emaitzak aurten ere lortzea eta, nola ez, hobetzea izango da gure helburua. Emakumezkoetan Mundialean sari orokorra eraman genuen, gizonezkoetan txapeldunorde irten ginen eta Europako txapelketa honetan erronka, bietan txapeldun ateratzea izango da», adierazi du Aitor Erauzkin Euskadiko Federazioaren zuzendari teknikoak Abadiñoko egoitzan.
Horretarako, 15 pilotarik (Lur Ziarrusta, Mikel Beldarrain, Iñaki Esnaol, Andoni Urbieta, Oier Hormaetxe, Lier Arrien, Mikel Aurrekoetxea, Egoitz Amantegi, Kepa Albizu, Enara Gaminde, Amaia Alday, Olatz Arrizabalaga, Leire Garai, Naroa Agirre, eta Miren Larrarte) osatutako taldea –9 gizonezko eta 6 emakume– eramango du Euskal Selekzioak Portugalera, Patri Espinar eta Eneko Uribe hautatzaileen esanetara.
Lau joko molde
Txapelketa gaur bertan hasi eta igandera arte jokatuko da, joko zuzenetako lau joko moldetan; llargues, nazioarteko jokoa, wall-ball eta Pilota portugaldarra –ekitaldi bakoitzean bertako joko eran aritzen dira–. Euskal Selekzioko gizonezkoak lau espezialitatetan lehiatuko dira eta emakumeek, llargues-ean kenduta, gainontzeko guztietan.