Andoni Arabaolaza

Bost euskal podium, Abiadura eta Blokeko Espainiako Kopan

Leire Ruiz de Argandoñak irabazi du seniorreko abiadurako proba, eta Unax Uterga hirugarrena izan da. Blokean, berriz, Eneko Carretero bigarren postuan sailkatu da. Gazte maila ezberdinetan, Ines Allendek urrea sinatu du eta Maddi Agirrek, brontzea.

Eneko Carretero, artxiboko irudi batean; bigarrena izan da blokeko proban.
Eneko Carretero, artxiboko irudi batean; bigarrena izan da blokeko proban. (Fedme)

Eskalada eta Mendi Kirolen Espainiako Federazioak (Fedme) hasiera eman dio eskaladako lehien denboraldiari. Lehen hitzordu nagusia Cuencan izan da, eta hiri horretan abiadurako eta blokeko lehen proba jokatu da. Deialdi horrek inoizko parte-hartze handiena izan du: 300 lehiakide baino gehiago bertaratu ziren-eta.

Euskal ordezkarien lanari dagokionez, bost euskal podium erdietsi ziren: bi abiaduran eta hiru blokean. Lehen modalitate horretan Nafarroako Mendizale Federazioko lehiakideak izan ziren arrakasta erdietsi dutenak. Blokean, aldiz, Euskal Mendizale Federazioko ordezkariak.

Seniorretan, egungo espezialista sasoikoenak, Erik Noyak eta Leslie Romerok, ez zuten parte hartu. Leire Ruiz de Argandoña izan zen euskal emaitza onena eskuratu zuen lehen euskal lehiakidea. Sailkapen txanda guztietan Carla Martinezek erakutsi zuen azkarrena zela. Bere marka onena 7,39 denbora izan zen. Finalean, berriz, kataluindarra eta nafarra nor baino nor aritu ziren. Martinez aurretik hasi zen, baina huts egin zuen eta finala galdu ere. Hortaz, Ruiz de Argandoñak irabazi zuen 8,29 kronoarekin.

Mutilen kategorian, Alejandro Rivasek nagusitasun osoa erakutsi zuen, eta lehen proba hori bereganatu zuen. Miguel Gomez bigarren postuan sailkatu zen, eta Unax Uterga, hirugarrenean. Nafarrari dagokionez, 6,14 izan zen bere denbora onena.

Beste hiru

Blokeko probari dagokionez, nagusien mailan jokatu ziren sailkapenetan berdintasun handia egon zen. Mutiletan, lehen zortzi sailkatuek prestatu ziren bost proposamenak sinatu zituzten. Mikel Linacisoro, gainera, lehen postuan sailkatu zen ekinaldi gutxien egin zituen lehiakidea izan zelako. Eneko Carreterok eta Andoni Espartak ere finaleko txartela eskuratu zuten.

Azken fase horretan egoera aldatu egin zen. Guilermo Peinadok argi utzi zuen oso indartsu dagoela, eta lau blokeak sinatu zituen. Peinado irabazlearen atzetik, Carreterok bigarren postua lortu zuen eta Hugo Martinek hirugarrena. Espartak laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, eta Linacisorok bosgarrenarekin. Nesken kategorian, finalean, ez zen euskal ordezkaririk egon.

16 urtez azpikoen mailan, Ines Allendek final handia egin zuen. Lau proposamenetatik hiru biribildu zituen, eta lehen postuarekin egin zen. Udane Mugikak seigarren postuan bukatu zuen. Kategoria horretan baina mutiletan, Eñaut Uson bosgarrena izan zen. Azken euskal podiuma Maddi Agirrerena izan zen. 18 urtez azpikoen mailan, finalera igaro eta brontzearekin egin zen. Intza Elizalde eta Alain Ambrosi zazpigarrenak izan ziren.