NAIZ

Igeldoko Toki Erakunde Txikia sortzeko epeak azkartuko ditu Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak «ahalik eta gehien» azkartuko ditu Igeldoko Toki Erakunde Txikia sortzeko epeak. Hiru hilabete baino lehen egin nahi du.

Igeldoko bizilagunak, igandean botoa ematen.
Igeldoko bizilagunak, igandean botoa ematen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldoko Toki Erakunde Txikia (TET) sortzeko eman beharreko urratsen berri eman du astearte honetan. Igandeko kontsultan botoa eman zuten bizilagunen %84,6k baiezkoa eman zioten aukera horri eta, Irune Berasaluze bozeramaileak adierazi duenez, Donostiako Udalak orain arte osatutako espedientea «Foru Aldundiari bidali bezain laster, lanari ekingo diogu Diputatuen Kontseiluan Toki Erakunde Txikia sortzeko dekretua onartzeko».

Horretarako gehieneko legezko epea hiru hilabetekoa izango litzatekeela azaldu du, baina Aldundiak «denborak ahalik eta gehien bizkortuko ditu hori baino lehen egiteko».

Azaldu duenez, Udalaren espedientea jaso ondoren, Aldundiari dagokio aztertzea ea betetzen diren Gipuzkoako udalerriak arautzeko Foru Arauak ezartzen dituen baldintzak eta ea orain arte egin beharreko prozedura jarraitu den. Hori egiaztatzeko, Gobernantza departamentuaren eta Ogasun eta Finantza departamentuaren txostenak aurkeztuko dira, TETen baliabideen nahikotasunari buruzkoak. Ondoren, Diputatuen Kontseiluak foru dekretu bidez erabakiko du Igeldoko Toki Erakunde Txikia eratzea. Foru dekretu hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

Horrekin batera, Toki Erakundeen Foru Erregistroan inskribatuko da eta EAEko Administrazioari eta Estatuko Administrazioari jakinaraziko zaie, «dagozkion ondorioetarako».

Dekretuak Toki Entitate Txikiaren lurralde mugak, ondarearen banaketa, gobernu organoak, bere gain hartzen dituen eskumenak eta, hala badagokio, aurrekontu zuzkidurak jasoko ditu.

Igeldoko gobernu organoa, 2027ko udal hauteskundeak egin arte, Kudeaketa Batzordea izango da, eta bost kidek osatuko dute. Kide horiek izendatzeko, kontuan hartu beharko dira alderdiek 2023ko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan Igeldon lortutako emaitzak. Emaitza horiek zehazten dute zenbat kide dagozkion alderdi bakoitzari Kudeaketa Batzordean. Aldundiak, lehenik eta behin, alderdi politiko bakoitzari dagokion kide kopurua zehazteko eskatu beharko dio Donostiako Hauteskunde Batzordeari eta, ondoren, alderdiekin hitz egingo du izenak proposa ditzaten.

Udaren bueltan

Proposamenak jaso ondoren, Kudeaketa Batzordeko kideak Diputatuen Kontseiluaren erabakiz izendatuko dira.

Eneko Goia Donostiako alkateak beste agerraldi batean esan duenez, igandeko galdeketaren emaitza bidali dute dagoeneko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera eta datozen egunetan igorriko dute espediente osoa Aldundira. Uda baino lehen edo sasoi horren bueltan Toki Entitate Txikia errealitate izango dela espero du.