NAIZ

Indarkeria matxistak hildako emazteen seme-alabentzako diru-laguntzen dekretua onartu du Lakuak

Lakuako Gobernuak onartutako dekretuaren asmoa da, atzeraeraginezko izaerarekin, 2003tik arau hau indarrean sartu arte matxismoaren ondorioz hildako amen seme-alabei ordaina ematea. Urtero jasoko dute laguntza, adinez nagusi izan arte edo 25 urtera arte, ikasle edo mendeko badira.

Nerea Melgosa sailburua, joan den azaroan Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Egunean, kanpaina aurkezten.
Nerea Melgosa sailburua, joan den azaroan Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Egunean, kanpaina aurkezten. (Endika PORTILLO | FOKU)

Lakuako Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeen seme-alabentzako laguntza ekonomikoa arautzen duen eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legea garatzen duen dekretua. Laguntza berri horren abiapuntua da adingabe umezurtz horiek emakumeen aurkako indarkeriaren biktima zuzenak direla aitortzea.

«Amei eragindako indarkeriaren biktima zuzenak dira, haien ongizate emozionalean eta garapen pertsonalean eragiten baitie», adierazi du Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. «Dekretu hau beste urrats bat da haiek laguntzeko eta babesteko».
 
Seme-alaba horiek urtero jasoko dute laguntza ekonomikoa, 18 urte bete arte. Kasu batzuetan, laguntza horiek 25 urtera arte luzatuko dira: adibidez, ikasketa akademiko arautuak egiten ari direlako, mendekotasuna dutelako eta aitortutako %33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutelako.

Gaur egun, 5.760 euro urtean

Adingabeek hamabi hilabeterako Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoaren %80 jasoko dute urtero. Gaur egun, 5.760 euro urtean. Gainera, desgaitasuna edo mendetasuna duten pertsonen kasuan, zenbatekoa bikoiztu egingo da, 11.520 euroraino.

Laguntza eskatzeko honako baldintzak bete behar direla zehaztu dute: Ama hil zioten urtean, 18 urte beteta ez izatea. Laguntza eskatzen den unean 21 urte beteak ez izatea. Laguntza eskatzean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako edozein udalerritan bizitzea eta erroldatuta egotea, eta laguntza jasotzen den bitartean ere bai, etenik gabe, ikasten ari diren bitartean kanpoan erroldaturik ez badaude behintzat.

Diru-laguntza eskatzeko eta dokumentazioa aurkezteko, bide elektronikoa erabil daiteke, edo, bestela, Gobernuaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan –Zuzenean–, dekretu hori Buletin Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

2003tik

Dekretuak ohiz kanpoko neurri bat aurreikusten du: 10.000 euroko ordainketa bakarra, atzerako eraginarekin, 2003ko urtarrilaren 1az geroztik indarkeria matxistaren ondorioz amarik gabe geratu diren guztiei. Bete beharreko baldintza izango da ama hil zieten une horretan umeak adingabeak izatea. Pertsona horiek bi urteko epea izango dute laguntza eskatzeko. 2003ko ilbeltzaren lehena hartu da erreferentziatzat, ordutik aurrera hasi baitziren kontatzen genero indarkeriaren biktimak.

Ordainketa bakarreko laguntza hau dekretua onetsi eta lehenengo bi urteetan emango da.