NAIZ

Ezkurdiak eta Zabalak zentzu guztiak dituzte jarrita larunbateko hil ala biziko neurketan

Nafarrak eta errioxarrak kexarik gabeko material aukeraketa egin dute asteazken honetan Labriten larunbateko partida erabakigarrirako. Hori bai, Ezkurdiak presio gehiago izan dezakeela nabaritu da. Izan ere, arbizuarraren hitzetan, Javier Zabalak «galtzeko gutxi dauka».

Ezkurdia, aurpegi txarrarekin, Artolaren aurkako neurketako momentu batean.
Ezkurdia, aurpegi txarrarekin, Artolaren aurkako neurketako momentu batean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Hil ala biziko Buruz Buruko neurketa jokatuko dute larunbatean, Iruñeko Labriten, Joseba Ezkurdiak eta Javier Zabalak. Bi pilotariak final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian galtzetik iritsiko dira bigarren partidara, eta galtzaileak agur esango dio finalerdietara sailkatzeko aukerari. Irabazleak, berriz, aurrerapausoa emango du erronka horretan, nahiz eta hirugarren norgehiagokan 22ra iritsi beharko lukeen baita ere.

Nahiz eta emaitza aldetik bi pilotariak egoera berean egon, esan daiteke benetan Ezkurdia eta Zabala ez daudela egoera berean. Arbizuarrak presio gehiago izan dezake gorputzean, ibilbide zabalagoa duelako eta errioxarrak «galtzeko gutxi» duelako.

Halaxe azaldu da gaur Ezkurdia Labriten kexarik gabe egindako material aukeraketan. «Bolada oso onean datorren pilotari bat da, txispa berezia duena, pilotari asko ematen dio besagain, bai botean, astindu egiten du pilota. Saiatuko naiz deseroso edukitzen bera, ez dadila eroso egon, eta ea nik erritmoa ematen diodan partidari», azaldu du nafarrak Zabalari buruz.

Ezkurdiak lehen jardunaldian 10-22 galdu zuen berpizte galanta izaten ari duen Iñaki Artolaren aurka. Onartu egin du sentsazioak ez zirela onak izan: «Aurreko partidan gauzak ez genituen egin behar ziren bezala egin, asko oparitu genuen, jokatzeko eran sentsazioak ez ziren onak izan kantxan kokatuta egoteko modu horretan...».

Gehiago zabaldu da bere erantzunean: «Fisikoki ondo ikusten naiz, txisparekin ere ikusi nintzen. Partida hasieran opariak egin nituen, taktikoki ez nuen ondo jokatu eta kezkak sartu zitzaizkidan eta partida guztian dudarekin egon nintzen. Bigarren zatian Iñakik oso partida ona egin zuen eta sakearekin eta bigarren pilotakadarekin min handia egin zidan, baina hasiera horretan ni ez nintzen gustura ibili, batez ere taktikoki eta jokatzeko erarekin».

Hala ere, lasai nabaritu zaio. Izan ere, esperientzia handiko pilotaria izanik, gogoratu du «ez dela aurreneko aldia honelako egoera batean nagoela». Hala, «gogotsu» dagoela azaldu du, eta «hil ala biziko partida» izango dela aurreratu.

Sentsazio ezberdinak porrotaren ostean

Aipatu bezala, materiala ez da oztopo izango. Egia da Zabalak pilota pixka bat gehiago faltan bota duela, baina ez da aitzakia izango. Ezkurdiarentzat ere ez: «Material ona, aitzakiarik gabe. Nik uste dut jokatzeko pilota onak direla, eta ea hala ematen den».

Zabalaren lehen porrotak utzitako sentsazioak oso ezberdinak dira. Errioxarrak oso partida serioa eta ona egin zuen aurreneko jardunaldian. Eta aurkaria ez zen edonolakoa. Aurrean Aitor Elordi egungo txapelduna izan zuen, zeinek zalantzaz bete nahi izan zuen Zabala era guztietako sakeak eginda.

Naxerakoa ahal zuen bezala mantendu zen partidan eta gainera presioa pasa ahal izan zion bizkaitarrari azken unean. Izan ere, 21-15 galtzetik 21na berdintzeko aukera bikaina izan zuen, baina orduan esperientziak ematen duen lasaitasuna falta izan zitzaion eta 22-20 galdu zuen. Nahiz eta porrota jaso, «jokoarekin konforme» geratu zela onartu du Zabalak, eta larunbatean berriro saiatuko dela adierazi du.

Orain, Ezkurdiaren aurka, errioxarrak badaki «ez dela jokatzeko partida erraza» izango, baina «gogo askorekin» ekingo dio. «Partida hauetan zentzu guztiekin atera behar zara», azpimarratu du gaur Labriten.