Iraitz Mateo

‘Nina’, western usaineko mendeku gosea Andrea Jaurrietaren bigarren film luzean

Andrea Jaurrieta (Iruñea, 1986) zuzendariak bere bigarren film luzea aurkeztu du Giza Eskubideen Zinemaldian, ‘Nina’. Kontsentimenduaren mugen inguruan hausnartzera bultzatzen duen filma izatea espero du. Maiatzaren 10etik aurrera egongo da zinema areto komertzialetan.

Arabanburu eta Jaurrieta, ‘Nina’ filmeko aktorea eta zuzendaria.
Arabanburu eta Jaurrieta, ‘Nina’ filmeko aktorea eta zuzendaria. (Gorka Rubio | FOKU)

‘Nina’ filmean iraganeko oroitzapen mingarriek, herriaren isiltasunak, mendeku goseak eta, batez ere, minak sendatzeko beharrak egiten dute bat. Andrea Jaurrieta nafarraren bigarren filma da, eta Malagako Zinemaldian Kritika Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia itxiko du ostiral honetan, 19.00etan.

Ninak hazi zen kostaldeko herrira itzultzea erabakitzen du, poltsan eskopeta bat eta helburu bat dituela: Pedrori mendeku hartzea, herriak orain omentzen duen idazle ospetsuari. Bere sorlekuarekin, iraganeko oroitzapenekin eta haurtzaroko lagun Blasekin elkartzeak berriro barruak mugituko dizkio, eta zer nolako mendekua behar duen pentsaraztera eramango du. Bi «late motiv» daudela zehaztu du zuzendariak: batetik, Blasen pertsonaiarekin herria, eta iraganarekin lotura; eta bestetik, Pedroren presentzia. Westernaren estilo «purua» mantendu nahi izan du zuzendariak, eta traman zein paisaietan suma daiteke hori.

Protagonistaren papera, Ninarena, Patricia Lopez de Arnaizena da; Dario Grandinettik gorpuzten du Pedro, idazle ospetsua; Aina Picarolok Nina gaztearen pertsonaia egiten du; Iñigo Aranburuk protagonistaren lagun mina pantailaratu du Blasen paperean; eta Mar Sodupe eta Ramon Agirrek ere hartzen dute parte.

Jose Ramon Fernandezen antzerkian inspiratu zen Jaurrieta, baita Chejoven ‘Antxeta’ pertsonaian ere, eta gai sozial bat lantzeko baliatu nahi zuen filma: «Kontsentimenduaren mugak non dauden, emakume ikuspegi aktibo batetik, harreman mota horiek duten konplexutasun psikologiko eta sozialetik. Erraz tipifikatu daiteke neska adingabe baten bortxaketa. Baina nola zehaztu abusua itxuraz halako kontsentimendu bat dagoenean?». Herriaren isiltasun konplizea ere erdigunera ekarri du zuzendariak, horrek Ninari eragindakoa pantailaratuz. Zuzendariarentzat garrantzitsua izan da westernaren genero zinematografikoaren eta gai sozial bat lantzearen arteko oreka bilatzea, eta azaldu du ahalegin berezia egin duela horretarako.

Inspirazioa eman zioten bi testuetan, Ninak maitasunagatik barkatzen dio eraso egin zion gizonari, eta gertakari horri esker aktore hobea izaten ikasi duela kontatzen du. Jaurrietak, ordea, beste ikuspegi bat eman nahi zion istorioari, eta mendeku gosea gehitu dio Ninaren itzulerari. Boterearen erabilera, eta kontsentimenduaren mugak eztabaidagai jarri nahi zituen; horregatik erabaki zuen protagonistaren adina gutxitzea, «aldarrikapen bat egiteko». Guztia ez dela «zuria edo beltza» gogoratu du Jaurrietak prentsaurrekoan, eta publikoari zer esana emango diola espero du.

Mundaka eta Bermeo

Paisaiari eta horren atzean ezkutatzen denari garrantzia eman dio Jaurrietak. Izan ere, bere haurtzaroa eta folklorea lotuko zituen, baina aldi berean kostako herria izango zen paisaia baten bila abiatu zen; antzerkian ere kostako herri batean gertatzen da. Eta Nafarroan itsasorik ez dutenez kostalera igotzea erabaki zutela kontatu du irri artean. 2020an furgonetan egin zuten bidaia bat kostaldeko herri guztiak bisitatuz.

Paisaiak «tentsio dramatikoa» behar zuela pentsatzen zuen eta Mundaka eta Bermeorekin egin zuen topo taldeak. Erreferentzia bisualak western klasikoarenak direla kontatu du prentsaurrekoan Jaurrietak: «Herriko kaleak estuak izatea nahi nuen, klaustrofobia sentsazioa ematea Ninak bere iragana gogoratzean; eta aldi berean, naturako paisaia handiak izatea, Nina txiki sentitzeko: Urdaibai bikaina zen horretarako».

Herri txiki batean kokatu du istorioa arrazoi ezberdinak medio. Zuzendariaren ustez herrietan iragana eta oraina nahasian daude: «Ematen du guztiak berdin jarraituko duela beti, baina zerbait aldatzen ari da, urteetan normalak izan diren gauzak aldatzen ari dira, ez direla uste bezain normalak konturatzen hasten gara». Eta konturatzeko, herriaren isiltasun konplizearen aurrean Ninaren ahotsa goraipatu du zuzendariak.

Errealitatea pertsonaietan

Iñigo Aranburu aktorea ere prentsaurrekoan egon da, eta Jaurrietarekin lan egitea «gozagarria» dela kontatu du, zuzendariak baikortasuna eta indarra eskaini baitio errodajeari bere ustez, eta beti errespetu handiz lan egiten duela azaldu du. Lopez de Arnaizekin lan egin ahal izatea «masterclass» bat jasotzearekin alderatu du aurkezpenean, eta bere pertsonaiari dagokionez, honek egiten duen bidea gustatu zaiola gehien nabarmendu du.

Zuzendariak ere hitz onak besterik ez ditu izan Aranbururentzat, istorioari errealismoa gehitzen diola aipatu du, eta nabarmendu du ez dela batere erraza «heroiaren laguntzailea den bigarren pertsonaia» bat antzeztea. Grandinettiren inguruan ere esan ditu bi hitz: batetik, bere eskuzabaltasuna azpimarratu du, eta nola zuzendaria bera grabaketan ohartzen ez zen baina gerora ikusi dituen «matiz txiki asko» sartu dituen kontatu du.

Gaiztoarena egitea egokitu zaio Grandinettiri, baina zuzendariak adierazi du berak «maitasunetik» egitea eskatu ziola: «Pedroren pertsonaia maiteminetik egitea eskatu nion, eta gero ni arduratuko nintzen kameren posizioen eta abarren bidez bera istorioko gaiztoa izateaz». Aktoreekin lan handia egin duela aitortu du, izan ere, gidoietan oso gutxi idazten omen zu zuzendari nafarrak, «ikus-entzunezkoen bidez kontatzea gustatzen zait», gehitu du.