NAIZ

Mendia, azoka eta kantua, euskal hautagaien «agendarik gabeko» egunean

Gertukoekin bildu eta mendia, azoka, bazkariak... asteburuetako ohiko planen bidez atseden hartzea izan da, beste behin, hausnarketako egunerako hautagaiek gorde dituzten zereginak. Bozkatzera joaten garrantzian jarri dute azpimarra gehienek.

Pello Otxandianok mendian osteratxoa egiteko abangunea hartu du.
Pello Otxandianok mendian osteratxoa egiteko abangunea hartu du. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hausnarketarako egunak atseden hartu eta «agendarik gabe» ibiltzeko beta ematen die hautagaiei, baita diskurtsoak alboratu eta baloreak ekintzen bidez transmititzekoa ere. Hauteskundeetan, itxurak urrea balio du. Hala, naturarekin kontaktua, tokiko produktuen erosketa eta ekitaldi kulturaletan parte hartuz kolektiboan aritzea izan dira larunbat honetan hautagaiek balioan jarri dituzten eginkizunetariko batzuk.

Portugaleteko azokan egin dute topo hautagaietariko bik, EAJko Imanol Pradalesek eta PSEko Eneko Anduezak. Herri bizkaitarreko biztanle dira biak, eta elkar agurtzeko tartea ere hartu dute azokan bertan. «Portugaletearrok badugu larunbatetan azokara etortzeko ohitura, elkar topo egitea ohikoena da», esan du Anduezak.

Pradalesek pastelak eta etxerako loreak erosi ditu eta kanpainan zehar alderdi bakoitzak proposatu duena aztertu ostean, igande honetako hauteskundeetan «parte hartze handia» egon dadila nahi duela adierazi die hedabideei, «hurrengo lau urteetarako gobernua baitago jokoan».

Imanol Pradales, Portugaleteko azokan, gozoak aukeratzen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Andueza, aldiz, goizean bere emaztearekin batera Barakaldora joan da, alabetariko baten saskibaloi partida ikustera, eta ostean fruta eta gozoak erosi ditu Portugaleteko azokan. Urtebetetze bazkari bat du larunbat honetan, eta arratsaldean etxean igarotzeko asmoa du, biharko indarberrituta egoteko.

Andueza, Portugaleteko azokan erosketak egiten. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

EH Bilbuko hautagai Pello Otxandianok mendi buelta baterako abagunea hartu eta familiarekin batera «deskonektatu eta atseden hartzea» izan ditu larunbat honetako zeregin nagusiak. Hala ere, tarte bat hartu du euskal gizarteari bozkatzera joan dadila eskatzeko, igande honetakoa «egun garrantzitsua» dela iritzia, «hurrengo urteetako gure etorkizuna baitago jokoan», adierazi du.



Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko hautagaia, bere aldetik, Bogoroditsie koruko bere kideekin batera kantuan aritu da Durangoko Kurutzesantu museoan, Udalaren programa kulturalaren barneko ekitaldi batean. Honek ere parte-hartzean jarri du azpimarra, «izan programa kulturaletan edo politikan, parte-hartzea beti baita oso garrantzitsua», eta bihar hauteskundeetako «egun berezia» dela nabarmendu du: «Espero dut mundu guztiari axola izatea eta denok joatea bozka ematera».

Miren Gorrotxategi, ensayando con su coro en Durango. (ELKARREKIN PODEMOS)

PPko hautagai Javier de Andresek bere alderdiko kideekin biltzea hautatu du. Kanpainan zehar musutruk lanean aritu direnekin berak sukaldatutako karramarro kazola bat partekatu du alderdiaren Gasteizko egoitzan. Arabako PPko kideekin Bastidan bazkaldu eta arratsaldea familiarekin pasako du De Andresek.

 

Azkenik, lagun eta alderdikideen artean ibili da Sumarreko Alba Garcia ere. Azkorri eta Sopela arteko pasealekuan bildu da eurekin. «Arratsaldean nire familiarekin egongo naiz, nire aititeekin, nire gurasoekin, eta anaiari dei bat ere egingo diot... atseden hartu eta biharko indarrak hartu behar dira», esan du.