NAIZ

Zutikako hirugarren enborrean kateatuta, bigarren txapela bai baina markarik ez Mugertzak

Mutrikuarrak lehen lanetik hartu du Euskal Duatloiaren finalaren agintea eta azkenerako 1:52ko aldea atera dio bigarren izan den Kañamares IV.ari. Atzetik aurrera egin duen Arkaitz Jauregirentzat izan da hirugarren postua, sei segundo gehiagorekin.

Azpeitiko zezen plazan aritutako kirolariak euren sariekin.
Azpeitiko zezen plazan aritutako kirolariak euren sariekin. (Jon URBE/FOKU)

Duela bi urte bezala, Ugaitz Mugertzak irabazi du III. Euskal Duatloieko txapela gaur Azpeitiko zezen plazan jokatutako finalean nagusi izan ostean. Mutrikuarrak lehen lanetik, etzanda ebaki beharreko lau enborretatik, hartu du probaren agintea, korrikan alde hori handitu ere egin du eta marka hobetzeko moduan heldu da azken lanera, zutika ebaki beharreko lau enborretara, baina enbor gogorrekin egin du topo, batez ere hirugarrena, eta bertan geratu zaizkio marka ahaleginak (31:56). Lan oso erregularra eginda, Kañamares IV.a izan da bigarrena, irabazlearengandik minutu eta 52 segundotara, atzetik aurrera etorri den Arkaitz Jauregirekin lehia bizian (33:54).

Iaz parterik hartu ez zuen Mugertzak hasiera-hasieratik hartu du probaren aginte makila eta lehen posturako lehian emozio gutxi egon da gaurko finalean. Lehen lau enborrak ebakitzerako 14 segundotako aldea atera dio Ibai Soroa iazko txapeldunari eta 38koa Kañamares IV.ari. Arribekoa korrikako proban aldea jaten saiatu da, baina mutrikuarra korrikalari aparta da, lau minututan bete ditu lau itzuliak eta nafarra erabat hondoratu da, azkenerako podiumetik kanpo geratzeraino. Laugarren izan da, garailearengandik 2 minutu 55 segundotara.

Akatsetatik ikasi

Iaz egindako akatsetik ikasita, Oier Kañamaresek oso lan erregularra burutu du eta korrika lortutako bigarren postuari eutsi ahal izan dio azken aizkorako lanean, nahiz eta Arkaitz Jauregik majo estutu duen zutikako lau enborretan. Sei segundotako aldea baino ez da egon azkenean bi hauen artean, sakandarrak lehen proban atzerapen handia pilatu bazuen ere.

Bosgarren postuan Suharri Rodriguez geratu da 35:17ko denborarekin eta seigarren postua azken unean Xabier Zaldua ordezkatu behar izan duen Julen Kañamaresentzat (40:24).