NAIZ

Atila sarietarako deialdia egin du Ekologistak Martxanek; iaz, Artxanda eta Erdiz «irabazle»

Erdiz bazterra defendatzeko manifestazio jendetsua, Iruñean; auzi hau «irabazle» atera zen iaz.
Erdiz bazterra defendatzeko manifestazio jendetsua, Iruñean; auzi hau «irabazle» atera zen iaz. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ekologistak Martxan erakundeak eta Ecologistas en Acción taldeko gainerako federazioek Atila sarietarako deialdia egin dute, azken urtea honetan «ingurumena suntsitzen lagundu duten pertsonak, erakundeak edo proiektuak nabarmentzeko eta salatzeko». Horretarako hautagaitzak maiatzaren 31ra arte aurkez daitezke.

Lehiaketa urtero antolatzen da ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta. Sariak 1992. urtean eman ziren lehen aldiz, Rio de Janeiroko Lurraren Gailurrarekin batera.

Ekologistak Martxan erakundetik gogora ekarri dutenez, bi kategoria daude: Atila eta Atilaren Zaldia. Edozein pertsonak jo dezake elkartera gizabanako edo erakunde juridikoren baten izendapena proposatuz, eta «merituak» zehaztu beharko ditu.

Horrela, izendatuek sarietako edozein ataletan parte hartu ahal izango dute: ekintza ankerragoa, tontakeria nabarmenagoa, natura suntsitzeko funts publikoak edo pribatuak bidegabe erabiltzea eta lardaskeria handiagoa.

Iazko edizioan, Bilboko Udala Artxandako zonaldearen kudeaketa kaskarragatik (Atlia saria) eta Nafarroako Gobernua eta Magnesitas Navarras S.A. (Magna) Baztango Erdiz inguruan aire zabaleko meatze bat irekitzeko proiektuagatik izan ziren «sarituak».

Aurtengo ediziorako izendapenak Internet bidez aurkez daitezke, maiatzaren 31ra arte. Epaimahaiaren erabakia ekainaren 4an jakinaraziko da, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bezperan hain zuzen ere.