NAIZ

Armairu adimendunak jarriko dituzte Arabako kuadrilletan landa eremuko merkataritza sustatzeko

Arabako Aldundiak armairu adimendunak jarriko ditu datozen asteetan Araia, Artziniega, Guardia, Murgia, Langraiz Oka eta Kanpezun. Helburua da landa merkataritzari produktuak eta zerbitzuak banatzea eta merkaturatzeko kanal berri bat eskaintzea.

Ostegun honetan aurkeztu dute landa eremuari zuzenduta dagoen ekimen berria.
Ostegun honetan aurkeztu dute landa eremuari zuzenduta dagoen ekimen berria. (ARABAKO FORU ALDUNDIAK)

Arabako Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak armairu adimendunak jarriko ditu datozen asteetan Araia, Artziniega, Guardia, Murgia, Langraiz Oka eta Kanpezun, landa merkataritzari produktuak eta zerbitzuak banatzeko eta merkaturatzeko kanal berri bat eskaintzeko.

Cristina Gonzalez ahaldun nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak azaldu duenez, helburua da merkaturatze bide berriak zabaltzea, «eta aukera ematen diegu kontsumitzaileei beren produktuak eskuratzeko, establezimendu fisikoa itxita dagoenean».

Armairu adimendun horiek maiatza eta ekaina bitartean jarriko dira, eta 5.000 biztanletik beherako udalerrietan kokatutako eskualde bakoitzeko landa saltegi guztiek eskuratu ahal izango dituzte.

Smart locker bakoitzak 28 armairu izango ditu guztira: tamaina desberdinetako lehorreko 22 armairu eta elikagaiak kontserbatzeko sei hozkailu. APP baten bidez funtzionatuko dute. Eskaera bat armairuan entregatzen denean, bezeroak abisua jasoko du, esanez bere eskaera han dagoela eta hura jasotzeko jarraibide batzuk emango zaizkio.

Aldundiak landa eremuko merkataritzari laguntzeko martxan jarritako plan batean jasota dago armairuen ekimena. Gonzalezek azaldu duenez, «lurraldearen kohesio proiektu baten aurrean gaude, zeinaren helburua baita babestea Arabako herrigune txikien premiei eta gure herrietan bizi diren arabarren premiei erantzuten dien merkataritza».

«Premia materialak, baina baita gizarte premiak ere, landa saltegiak bizilagunen benetako elkarguneak eta gizarte harremanen iturri baitira. Landa saltegiek komunitatea letra larriz sortzen laguntzen dute», gaineratu du.

Plan honek sektorearen esku jartzen du «sustapen, kudeaketa, merkaturatze, prestakuntza eta digitalizazio tresna multzo bat, askotan horrelako negozioen irismenetik kanpo daudenak. Landa merkataritzaren kontsumoa bere eragin eremutik harago bultzatu nahi dugu, merkaturatzea eta digitalizazioa hobetuz, eta produktibitatea indartu nahi dugu trazabilitate eta kudeaketa logistikoko ekintzen bidez, bezeroari ematen dion zerbitzua hobetzeko».

«Arabako Landa Merkataritzari Laguntzeko Plan hau abiaraziko dugu, konbikzio osoa baitugu landa merkataritza bizia funtsezkoa dela gure herriak erakargarriak izan daitezen bizitzeko eta lan egiteko eta, horrela, despopulazioa geldiarazteko, Arabako herrien sare sozioekonomikoa indartzeko, tokiko ekoizleen eta artisauen eta azken kontsumitzailearen arteko zubia izateko, bai eta bisitariak erakartzeko ere», azpimarratu du.

Plan bat, zortzi ekintza

Helburu horietan aurrera egiteko, planak zortzi ekintza garatzen ditu aldi berean, eta haietatik lehenengoa da Arabako landa merkataritza identifikatzen duen marka bat sortzea, bai barrura begira, bai kanpora begira, eta marketin digitaleko kanpainak abiaraztea. Marka irudiak marra horiak ditu, eta logoak testu hau: ‘ADN. Arabako Denden Nortasuna’.

Bigarren ekintza azoka ibiltari bat da, helburua da Arabako herritarrei erakustea landa merkataritzak eskaintzen duen guztia. Azoka horrek showroom formatua izango du, eta gaurtik datorren larunbatera arte egongo da Gasteizen. Datozen asteetan kuadrilla guztiak bisitatuko ditu, landa saltegiak, haien produktuak eta zerbitzuak ikusarazteko.

Arabako Landa Merkataritzari Laguntzeko Plana osatzeko, erosketak kudeatzeko plataforma elektroniko bat jarri da landa merkataritzaren esku, zuzeneko sarbidea emango diena handizkako merkataritzari eta beste ohiko hornitzaile batzuei.

«Landa merkataritzari doako prestakuntza eskaintzen diogu, banakakoa eta neurrikoa, negozioan bertan, haren eraldaketa digitala sustatzeko haren ondasunen eta zerbitzuen merkaturatzea hobetuko duten tresnen bidez», adierazi du Gonzalezek.

Planaren zazpigarren ekintza da merkataritzako lokal ireki eta itxien errolda bat sortzea, inbertsiogile eta ekintzaile gazteen eskura jartzeko eskuragarri dauden lokalak eta hautemandako merkataritza beharrak.

Amaitzeko, eta azken ekintza gisa, Arabako landa merkataritzari buruzko jardunaldi bat egingo da, ekainean seguruenik, sektorearen oraina eta etorkizuna aztertzeko.