Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Donostian auzitegietara eraman du protesta EHEk Harrotze Astearen barruan

Euskaldunon Harrotze Astea aurrera doa eta ostiral honetan dozenaka lagunek euskararen aurkako erasoaldi judiziala salatu dute Donostian, bertako auzitegien aurrean.

Epaiketa hau irudikatu dute EHEko kideek, Donostiako Entzutegiaren aurrean.
Epaiketa hau irudikatu dute EHEko kideek, Donostiako Entzutegiaren aurrean. (Gorka Rubio | Foku)

Tokian tokiko ekintzez gain, nazionalak ere egiten ari dira Euskaldunon Harrotze Astearen barruan. Azkena, ostiral honetan, Donostian. Hamarnaka herritar bildu dira bertako Entzutegiaren aurrean,  «euskararen nahiz euskaldunon aurkako erasoak salatu eta euskaldunon eskubideak aldarrikatzeko xedearekin». Epaiketa bat irudikatu dute, «zapalkuntaren arduradunak eta konplizeak seinalatuz», EHEk jakitera eman duenez.

Zehazki, «CCOO eta UGT sindikatuak nahiz PSOE, PP eta Vox alderdi politikoak jarri ditugu jopuntuan. Izan ere, beste hainbaten artean, eurak dira euskararen aurkako helegiteak jartzen edota diskurtso euskarofoboak zabaltzen ari direnak. Horrez gain, epaileak ere seinalatu nahi izan ditugu; horietako batzuk, modu sistematikoan, euskararen aurkako epaiak ematen ari baitira bata bestearen atzetik. Azkenik, nola ez, Espainiako eta Frantziako Estatu linguizidak eta supremazistak. Ikusten dugunez, egungo marko juridikoak ez du euskaldunon eskubideak bermatzeko balio eta espainiar nahiz frantziar estatuen menpe zapalkuntzak jarraitu egingo du».

Euskalgintzaren Kontseiluak iazko azaroaren 4an Bilbon eginiko mobilizazio arrakastatsua ekarri dute gogora, bertan «argi geratu baitzen herritarrak kezkatuta eta haserre daudela». Aktibazioaren beharra nabarmendu ondoren, «eraso horien aurrean ez gara kikilduko eta ez gaituzte isilduko», ziurtatu dute bildutakoek.

Bilbon asteazkenean

Beste ekintza nazional bat asteazkenean izan zen, Bilbon. Euskal Herrian Euskarazek, hiriko euskalgintzako eragileekin batera, Euskararen Ordenantza berri bat exijitu zion Udalari, jauzia ez delako erabilera eta kontzientzia linguistikoa sustatzetik bakarrik etorriko. «Horrez gain, instituzio publikoek euskara erdigunean jarri eta hizkuntza politika sendoak planteatu behar dituzte», defendatu zuten.

Salatu zutenez, «euskaldunontzat eta euskararentzat bizigarria ez den hiria ari dira eraikitzen, non aginte makila gaztelaniaren eta hizkuntza globalen akuilu den eta euskarari zein euskaldunoi mugak jartzeko erabiltzen den».

«Euskaldunok ez dugu bigarren mailako herritar izaten jarraitu nahi, eta gure eskubideak errespeta daitezela eskatzen dugu. Bilboko eta nazio mailako euskalgintzaren aspaldiko aldarrikapena izan da lege babes handiagoa izatea eta hiriaren hizkuntza irizpideak arautuko lituzkeen euskararen udal ordenantza egitea».

«Euskaldunak aspertu gara beti adeitsuak eta atseginak izateaz, aspertu gara isilpean pasa behar izateaz eta aspertu gara mespretxatuak izateaz. Harrotasunez eta tinko eutsiko diogu geureari, euskarari!», azpimarratu zuten.

Beskoitzen

Bertze ekintza nazional bat ostegunean egin zuten, Beskoitzen, ‘Euskaraz bizitzeko, hezkuntza euskalduna’ lelopean. Beskoitzeko Ikastolakoek beren historia, borrokak eta egungo egoera kontatu zuten, eta unibertsitateetako euskara taldeek eta Azterketak Euskarazekoek segitu zieten. Azkenik, hezkuntza euskaldunak nolakoa izan behar duen hausnartu zuten elkarrekin.

Horrelako espazioen eta saretzen jarraitzeko beharraren inguruan denok ados daude; baita eremuz eremu borrokak piztearen eta indartzearen garrantzian ere. Bide horretan, berriki onartu den EAEko Hezkuntza Legea «porrot historiko bat» izan dela eta askotariko eragileen arteko estrategia bateratuak garatu behar direla azpimarratu zuten.

 

Hezkuntza euskaldunaren aldeko argazkia. (EHE)

 

Ikastolako gurasoek antolatutako bazkari partekatuaren ondotik, hezkuntza euskaldunaren aldeko ekintza egin zuten. Horren bidez, «tokian tokitik, behar dugun benetako hezkuntza euskaldunaren alde guztiok ari garela ikustarazi nahi izan dugu. Baita borrokatuz garaipen txiki-handiak lortzeko gai garela ere», adierazi zuten.

Euskal Herriko maparen silueta bat izan zen mosaikoaren forma. Erdian, hezkuntza euskalduna aldarrikatzen zuen pankarta izan zen. Mosaikoaren gainean dantza egin zuten ikasle zein ikastolako gurasoek elkarrekin. Bertso batekin itxi zuten jardunaldia, ikastolakoei esker onez opari bat emanez.

 

Mosaiko batekin bukatu zuten ekitaldia. (EHE)

 

Sarean

Sarea aspaldi bihurtu zen gure bizitzako espazio natural. Bertan egin dezakegu bestelako lekuetan egiten dugun ia guztia: ikasi, lan egin, erosi, lagunekin solastatu, mota guztietako harremanak sortu, jolastu, filmak ikusi… Horregatik, ‘Sarean ikusiko dugu elkar’ manifestua sinatu du hainbat pertsonak, plaza digitalean ere euskaraz bizi nahi duela adierazi, eta euskaltzale orori sarean ere euskaraz bizitzeko deia egiteko, «euskarazko edukiak sortuz, sustatuz, kontsumituz eta euskal komunitatearen parte izanez». Hemen, sinatzeko aukera.

«Mundu digitalak aukera berri anitz ekar diezazkiguke, eta gure eginkizuna da horiek geureganatzea, besteak beste, euskararen erabilera sustatzeko. Gainera, Euskal Herria estaturik gabeko nazioa izanik, internetek gune aske bat eskaintzen digu, non gure identitatea eta hizkuntza aldarrika ditzakegun; hau da, interneten topa ditzakegu euskaraz bizitzeko espazio berriak, mugen gainetik Euskal Herri osoa batzeko gauza direnak», baloratu dute.

Larzabalen

Aste osoan sumatzen ari da herriz herri euskaldunon harrotasuna. Adibidez, Larzabalen. «Joan den urriaren 6an, tindaketa baten bidez, Hilarri Biribilen Interpretazio Zentroaren seinaletikan lehentasuna euskarari eman genion. Botere publikoek tindaketa hori aski fite ezabatu zuten. Horregatik, tindaketa berriz egin dugu, ederrago», kontatu dute.

 

Larzabaleko Hilarri Biribilen Interpretazio Zentroaren seinaletikan euskarari eman diote lehentasuna. (EHE)

 

Hala azaldu dute ekintzaren arrazoia: «Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da. Dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da, zeren hizkuntza batek, bizitzeko lurralde bat behar du non herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren».

Sareetan #EuskarazTaHarro etiketa idatzita ikusi eta konpartitu daitezke Harrotze Astearen barneko ekintza guztiak.