Joseba Salbador Goikoetxea
Donostia

Txakurrek ere badute autoan gustura joateko musika

Hainbat ikerketaren arabera, musika klasikoaz gain, reggae eta rock leuna dira autoan bidaiatzeko lasaigarrienak. Aitzitik, heavy metala da ekidin beharreko generoa.

Txakurrek ezin dute beren uhalarekin lotuta joan.
Txakurrek ezin dute beren uhalarekin lotuta joan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Txakurrak dituzten herritarren kopuruak gora egin du urteotan eta, horren ondorioz, gero eta pertsona gehiagok egiten dituzte bidaiak errepidez beren maskotekin.

Nahiz eta txakur batzuentzat autoz egindako joan-etorriak esperientzia atsegina izan, askorentzat antsietate eta estres iturri dira, eta horrek ere jabeen gidatze-esperientzia baldintzatzen du.

Musikari esker estres mailak behera egiten duela kontuan hartuta, azken urteotan hainbat ikerketa egin dira musika eta, bereziki, musika estilo espezifikoek txakurrengan duten eragina aztertzeko.

Horrela, Eskoziako animaliak babesteko elkarte batean garatutako ikerketa batek reggae eta rock leunaren eraginkortasuna erakutsi zuen, hain estresagarria den ingurune horretan txakurrei lasaitasuna emateko. Eta Coloradoko Unibertsitatean aurkitu zuten txakurrak gehien urduritzen dituen generoa heavy metala dela.

Ikerketa horietan guztietan oinarrituta, Sam Suttonek, West Londoneko Unibertsitateko musika irakasleak, autoz doazen txakurrak erlaxatzeko 60 abestiz osatutako playlist zabala prestatu du.

Laburpen gisa, beste bi zerrenda egin ditu: autoan goazenean gure txakurrei jartzeko eta lasaitzeko onenak iruditzen zaizkion hamar abestiak biltzen dituen bat, eta hamar okerrenak biltzen dituen beste bat.

Horrela, abesti lasaigarrienen artean Bee Gees, Bob Marley, Bryan Adams, Pink Floyd, UB40 eta The Eagles musikariek konposatutakoak aurki ditzakegu. Bestetik, txakurra estresatu nahi ez badugu ekidin beharreko abestien artean talde hauenak daude: Led Zeppelin, AC-DC, Metallica, Deep Purple eta Motorhead, besteak beste. Sutton irakasleak beste aholku bat ematen du: hobe txistuak dituzten gaiak saihestea, zure txakurra aktibatzea saihesteko.

Londoneko unibertsitateko musika irakasleaz gain, Audi marka ezagunak ere lau abestiz osatutako playlist bat osatu zuen 2023ko uztailaren 21ean Txakurraren Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Lau abestiak, kasu honetan, Bartzelonako musika-estudio batekin elkarlanean sortu dituzte eta zaunka desberdinen erritmoa eta eskalak erabiltzen dituzte oinarri gisa. Hala, maskoten kortisol mailak murrizten laguntzen duten maiztasunak eta tempoak dituzte, horiek erlaxatuta egoteko gaitasuna handitzeko.

Errepidean, beti ondo lotuta

Animaliak ezin dira edozein modutan eraman autoan. Askatuta da eramateko modurik txarrena, distrakzioak eragin baititzakete eta, istripurik izanez gero, lesio larriak. Beren uhalarekin lotuta edo leihotik begira ere ezin dira joan. Maskota ondo lotuta ez eramateagatik 100 eurorainoko isuna jar diezagukete.

Animaliei eusteko hainbat sistema daude. Lotura bateko edo biko arnesak, lurrean edo maletategian eramateko kutxa edo transportinak, baita sare zurrunak ere, txakurrak gidariarengandik bereizteko.

Bata edo bestea aukeratzea animaliaren tamainaren eta motaren araberakoa da. Txikiak badira, nahikoa izango da ibilgailuaren zoruan transportin bat jartzea. Eta handiak badira, transportinak maletategian egon beharko du, baina zeharkako posizioan. Segurtasun handiagoa izateko, sare zurrun bat jar daiteke maletategian.