NAIZ

Ezkako ur-lasterretan omendu dute Burgin almazainen ofizio galdua

Ofizio galduaren imitazioak jende-saldoa elkartzen du urtero Burgin, egurrezko almadiak errekan behera nola jaisten diren ikusteko. Gaur espektakulu dena lanbide zen antzina, rafting zer zen ezagutzen ez zen garaian.

Almadien jaitsiera Burgiko Ezka ibaian.
Almadien jaitsiera Burgiko Ezka ibaian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ur-lasterrak hartuta Piriniotan botatako enborrak garraiatzeko almadiak erabili zituzten hainbat hamarkadaz Burgi inguruan. Almadiazainen ofizioa galdua da jada, baina urtean behin, Almadien Egunean, egurrezko baltsa hauek errekan behera jaurtitzen dituzte, lauzpabost almadiazainek gidatuta, eta erreka bazterrak jendez betetzen dira. Hala egin dute larunbat honetan.

Berpiztu da Burgin almadiazainen lanbidea eta milaka pertsonak ikusi dute nola almadiek Ezka ibaiaren ur-lasterrak hartu dituzten udalerriko Erdi Aroko zubira iristeraino. Ibilbide askoz luzeagoa egiten zuten antzina, Zaragoza edo Tortosaraino eramaten baitzituzten Pirinioetako egurrak, rafting-a zer zen ez zekiten garaietan.

Hilabeteak ematen ditu festa antolatzen eta almadiak eraikitzen Nafarroako Almadien Kultur Elkarteak, bisitariek ikus dezaten zertan zen Erronkarin, Zaraitzun edo Aezkoan errotua zen lanbide galdua.

Orhipean (Otsagabiako ofizioen jaia) antolatzen duen taldea eta Xabier Agote, Pasaiako Albaola zentroan San Juan baleontzia berreraikitzeko bultzatzailea, omendu dituzte aurtengo edizioan. 

Urtero bezala, eta egun horretan herri txikira hurbiltzen diren milaka pertsonen aurrean, Erdi Aroko azoka bat jarri da Burgin. Festak arratsaldean jarraituko du, musikak lagunduta, Erronkariko herri honetan.