NAIZ

Gernikako bonbardaketaren urteurrenean Palestinako sarraskia gelditzea eskatu dute

Gernikako bonbardekataren urteurrenean, Palestinako sarraskia gelditzea eskatu du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak. Aldarrikapen honek eragile politiko eta sozial ugariren sostengua jaso du.

Edorta Jimenezek olerki bat irakurri Palestinaren alde Gernikan egin duten ekitaldian.
Edorta Jimenezek olerki bat irakurri Palestinaren alde Gernikan egin duten ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Azken hilabeteotan maiz elkartu gara Israel Gazako zerrendaren aurka egiten ari den eraso izugarria eta palestinarren genozidioa salatzeko ekimenetan (Donostiako manifestazioa, Gernikako mosaikoa, diru-bilketa...). Euskal herritarrok Palestinarekin gaude eta okupazioa eta genozidioa salatzen ditugu. Horrek batzen gaitu», gogoratu dute Gernika-Palestina Deialdi Herritarreko kideek.

«Orain, Israelen jokabidearen ondorioz, Gazan gosetea hedatzeko arriskua dago. Horrekin batera, Israelek Damaskon egindako erasoek eta Irandik misilak eta dronak jaurti izanak tentsioa areagotu dute eskualde osoan. Gaur egun Palestinan bizi den egoera lazgarria hedatuko den beldur gara eta, berriz ere, argi utzi nahi dugu zein den gure jarrera: Gernikako herria gara; herri solidarioa gara; ez dugu herri bakar bat ere utzi nahi indartsuenaren legearen menpe; herrien subiranotasuna onartzeko eskatzen dugu, etorkizuna kanpoko tutoretzarik gabe erabaki dezaten; desadostasunak modu baketsuan konpontzeko eta eskalada militaristak ekiditeko exijitzen dugu», aldarrikatu dute.

NBEren ebazpenak

«Horregatik, Israeli eta Palestinari dagozkien NBEren ebazpenak zorrotz betetzeko eskatzen dugu, baita nazioarteko komunitateak Palestinako Estatua onartzeko ere. Espainiako Gobernuari eta gainerako instituzioei exijitzen diegu Israelekiko arma-merkataritza eten dezatela eta neurriak har ditzatela Israelgo Estatua behartzeko bere apartheid politikak, legez kanpoko koloniak eta sarraskiak bertan behera uztera», gaineratu dute.

Aldarrikapen honekin eragile hauek egin dute bat: EH Bildu, PSE, Ezker Anitza-IU, Sumar Mugimendua, EAJ, Guztiontzako Herria, LAB, ELA, CCOO-Euskadi, Steilas, Etxalde, Yala Nafarroa, Gernika Memoriaren Lekuko eta Ernai.