Dabi Piedra

Kontrako markagailuari buelta emanda, Eurocup-1eko finalean sartu da Bidaideak Bilbo

Bidaideak Bilbo gurpil aulkiko saskibaloi taldeak Eurocup-1 txapelketako finala jokatuko du igande honetan, Fenerbahçeren aurka. Finalerdian Wiesbaden Rhinos garaitu du talde bizkaitarrak, markagailua iraulita (73-55).

Bidaideak Bilbo taldeko jokalariak, ikurrinarekin, Eurocup-1 txapelketan.
Bidaideak Bilbo taldeko jokalariak, ikurrinarekin, Eurocup-1 txapelketan. (BIDAIDEAK BILBAO BSR)

Bigarren urtez jarraian, Bidaideak gurpil aulkiko saskibaloi taldeak Eurocup-1 txapelketako finala jokatuko du, finalaurrekoan 73-55 gainditu baitu Wiesbaden Rhinos. Italiako Giulianova hirian jokatzen ari den zortziko finaleko partidetan, azken energia apurra ere xahutu behar izan dute bilbotarrek, baina onik irten dira erronka gogor guztietatik, kemenari eta talde-lanari esker. Beraz, azken urratsa baino ez zaie falta garaikurra etxera eramateko, Fenerbahçeren aurka, bihar (12.30), Giulianova ondoko Alba Adriatica herriko kiroldegian.

Rhinosen kontrako finalaurrekoa 18 puntuko aldeaz poltsikoratu badute ere, asko sufritu dute bilbotarrek, batez ere partidaren lehenengo erdian. Alemaniarren puntu jarioa ezin etenda eta erasoan kamuts, 13-25 atzetik egon da Bidaideak bigarren laurdenean. Michael Paye estatubatuarraren bizitasuna eta Arinn Young kanadarraren eskumutur fina kate motzean lotu dituztenean, baina, goitik behera aldatu da egoera. Hirugarren laurdenaren erdian egin du 39-38koa Giulio Papik bilbotarrentzat, eta, amaierara arte, aldea handitu baino ez dute egin.

Asier Garcia izan da Bidaideaken jokoaren ardatza hasieran, baina arrakastarik gabe. Kapitainaren ordez Txema Abendaño kantxaratuta ere ez du asmatu Adrián Yáñezek. Baloia alde batera eta bestera bizkor mugituz, Rhinos nagusi izan da eta distantzia ertain eta luzeko jaurtiketetan dena joan zaie barrura. Lehenengo laurdena 13-21 bukatu da.

James MacSorley kantxaratuta, Paye deserosoago aritu da eta Youngek jaurtiketa batzuk huts egin ditu azkenik. Orduan agertu da Patrick Anderson, jokoaren lema hartu eta Bidaideak esnarazteko. Kanadarraren eta Papiren artean, 29-34ra ekarri dute markagailua atsedenaldian. Hirugarren laurdenean Asier Garcia batu da festara eta MacSorleyren eta Mariana Perezen lan iluna ere igartzen hasi da. Alemaniarren jarioa guztiz agortu da erasoan, eta atzean ezinean aritu dira bilbotarren oldarraldiaren aurrean. 57-45ekoarekin hutsartea eskatu dute, baina ordurako Bidaideak konfiantzaz lepo egon da.

Adrián Yáñez entrenatzaileak, hainbeste sufritu eta gero, halako amaiera eroso bat «merezi» zutela adierazi du. Izan ere, Santo Stefano eta Fenerbahçeren kontrako partidak, bilbotarrek bikain irabaziagatik, azken unera arte airean egon ziren. Hasierako minutuetan Asier Garcia kapitaina kendu behar izan du, «jokoari beste erritmo bat emateko». Hala ere, hirugarren laurdenean indartsu bueltatu da bilbotarra. Partidako izarra Patrick Anderson izan da, ordea: 26 puntu sartzeaz gain, Bidaideaken susperraldia gidatu du. Asierrek 21 sartu ditu, eta Papik, 18. Azken horrek eta Mariana Pérezek minutu guztiak jokatu dituzte.

Iazko finala galdu zuenez gero, bihar itxura hobea eman nahi du Bidaideakek Alba Adriaticako pistan. Oraingoan Fenerbahçe izango du aurrean, Turkiako ligako liderra eta Giulianovako zortziko finaleko talderik osoena, ordezkoen kalitatea kontuan hartuta. Aurretik elkar ezagutzen dute Bilbokoek eta Istanbulgoek, multzoen faseko bigarren jardunaldian jokatu baitzuten. Bidaideak izan zen nagusi, 69-63, baina Fenerbahçek indar fisiko harrigarria eta egundoko kalitatea agertu zituen. Finalaurrekoetan, turkiarrek gupidarik gabe azpiratu dute Econy Canarias, 96-75. Pronostikoa egiteko orduan, biak paretsu ikusten ditu Yáñezek eta uste du defentsan fin ibiltzea ezinbestekoa izango dela irabazteko: «Errebotea geuk kontrolatu behar dugu».

Beste alde batetik, goizean, multzoen faseko azken partidan, Bidaideak ez da Köln 99ers gainditzeko gai izan (58-67), hurrengo fasean pentsatzeak dakarren berezko erlaxazioagatik eta bezperako partidu gogorren ondoren atsedena behar zutelako gehien jokatzen dutenek. Hala, Asier Garciak eta Giulio Papik ohi baino minutu gutxiago jokatu dituzte eta Patrick Anderson, David Mouriz eta Mariana Perez ia ez dira agertu. Bost minuturen faltan, Unai Labiano eta Asjad Bashir gazteek debuta egin dute Eurocupen. Porrotak ez du ondoriorik izan, atzotik jakina baitzen multzoko aurrenak bilbotarrak izango zirela.