Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

«Alternatiba hirukoitza» eta «Estatu tresnak» aldarrikatu ditu LABek bere 50. urteurrenean

Maiatzaren Lehenak izaera berezia du aurten LABentzat, 50 urte betetzen dituelako. Horregatik, ospakizun bakar eta handia egin du, Iruñean, mobilizazioa eta Anaitasunan ekitaldia bildu duena. Bietan borrokarako arrazoiak eguneratu ditu.

Urteroko hitzorduak hausnarketa bereziak dakarzkio LABi Maiatzaren Lehenengo honetan, mende erdia betetzen baitu. Horregatik, desberdina izan da aurtengo hitzordua; ohiko mobilizazioaz gain ekitaldi politiko handi bat izan da Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

 

Manifestazioa abiatu aurretik, «urtebetetze» horri erreparatu dio Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, baina egungo aldarrikapen gakoak bereziki nabarmendu ditu.

«Aldarrikapen eguna eta ospakizun eguna», biak uztartzen direla adierazi du Aranburuk, manifestazioa abiatu aitzin Gaztelu plazako kioskoan hedabideokin elkartu denean. Lehenengoari dagokionez, «munduko langilegoari begiratzeko» parada ematen du beti M1ak. «Inperialismoak eta kapitalismoak» eragindako hondamenari erreparatu dio, gerrak, «planetaren suntsiketa» eta desoreka guztien areagotzea aipatuz. «Faxismoaren» aurrerapausoa ere kokatu du testinguru honetan.

Honen aurrean, ordea, «alternatiba» egon badela segurtatu du idazkari nagusiak. Hirukoitza dela zehaztu du: «Zaintza, enplegua eta ondasuna banatu behar dira. Erabat bidegabea den sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonial batetik bizitza erdigunean izango duen eredu batera pasatu behar da». Hain zuzen, aldarri feministak ozen entzun dira mobilizazioan.

 

Hori Euskal Herrian lortzeko, «Estatu tresnak» ezinbestekoak direla erantsi du Aranburuk. Guzti hori langileen antolakuntza eta borrokaren bidez bultzatu behar dela defendatu du.

Ernaiko gazteen indarra

Euripean ekin diote bideari. Ez LABeko kideek bakarrik, toki askotatik Iruñera hurbildu baitira sindikatuarekin harremana duten ehunka lagun: Asturies, Aragoi, Galiza, Andaluzia, Katalunia, Valentziar Herrialdea, Bretainia, Korsika, Sardinia, Aosta... Ernaik gazte blokea osatu du, mobilizazioarekin ibilbidean batu dena, eta EH Bilduko ordezkari ugarik hartu du parte.

Ane Alava gazteak erran du argi dutela bertze mundu bat posible dela. Horretarako gaurdanik aldaketak bultzatu eta alternatiba integralerako bideak marraztea eta abiatzea dagokiela aldarrikatu du, «gure esku baitago inongo gazte zapaldurik biziko ez den Euskal Herria eraikitzea»

Goizane Vegasek gaineratu du gazteak gizarteak bizi duen prekarizazio prozesu orokortuaren lehenengo katebegia direla. «Kapitalak ziurgabetasunez betetako lan mundurako sarrera eskaintzen digu, prekarizazioa onartu, eta gainerako sektoreengana zabaltzeko estrategia da haiena. Kapitalak gazteak prekarizatzen ditu ahalik eta etekin ekonomiko gehien atera ahal izateko», salatu du.

«Gora, gora, gora, langileon borroka!» eta «euskal gazteria, aurrera!» egin dute garrasi, Sarasate pasealekuan LABen manifestaziora batu direnean.

Bizitzaren alde tira

Pixkanaka-pixkanaka jendez bete da pabiloia, eta Internazionalaren txalaparta doinu ederrekin patxadaz eseri dira gehienak harmailetan. Bertzeak pistan gelditu dira.

Lehenbizi, sindikatuko zuzendaritzako kideak igo dira oholtzara. Krabelinen iraultzak bezala, guk ere diktadura gainditu genuela eta herria askatasunera eramango dugula hitz eman du Garbiñe Aranburuk. Zapaldutako herriei elkartasuna erakutsiz hasi, eta gogoan izan ditu euskal presoak, Baionan intersindikalarekin batera mobilizatu diren kideak, eredu ederra izaten ari diren pentsiodunak, eta Ernaiko gazteak, itxaropena ematen dutenak. Angela Davisen esaldi eder batekin amaitu du: «Ez gaude aldatu ezin duguna onartzeko. Onartu ezin duguna aldatzeko gaude!»

Alternatibarik badela baietsi du bigarren koordinatzaile orokorrak, Igor Arroyok. Bi aukera daudela erran du, bizitza eta kapitala, eta bizitzaren alde denok tiratzera animatu du, gure etorkizuna ez dagoelako idatzia, herriek idazten dutelako.

50.000 afiliaturen langa gainditu berri du LABek. Lantoki, kale eta erakundeetan ari da lanean, «badelako alternatiba iruteko haria» burujabetzan aitzinera tiratuz. «Tira egiten ari gara lantokietan, kalean zein instituzioetan». 30 orduko lan astearen edota zaintza lanetarako baimenen alde, etxebizitza espekulazioari aurre eginez eta zerbitzu publikoak defendatuz, eta politika publikoak langileen alde jarri edota zaintza, osasun eta hezkuntza sistema publiko komunitarioak garatzeko, bertzeren artean.

Papertxoak zeuden aulkietan, ‘Internazionala’, ‘Herria, batua, inoiz ez garaitua’, ‘Zutik emakumeak, transak eta bollerak’ eta ‘Eusko gudariak’ abestien letrekin, eta elkarrekin abestu dituzte.

Palestinarekiko elkartasuna

Kantu eta kantu artean, hainbat sindikatu lagun igo da taulara: Asturies, Aragón, Galiza, Andaluzia, Katalunia, Valentziar Herrialdea, frantziar Estatua, Bretainia, Korsika, Sardinia eta Aostatik etorriak. Pambis Kyritsis Mundu Federazio Sindikaleko burua mintzatu da, 105 milioi langileren eta 133 herrialdetako elkarteen ordezkari. Langileen tresnak elkartasuna eta internazionalismoa direla nabarmendu du, eta gauza bera egin du Vu Manh Tiem Vietnamgo Lanaren Konfederazio Nagusiko kideak ere.

«Palestina, askatu!» oihua etengabe aditu da manifestazioan, baita ondoko Anaitasunako ekitaldian ere. Eta hunkigarria eta indartsua izan da Palestinako Langileen Batasun Nazionaleko Sousan Abdel-Salamek hitza hartu duen momentua. Zutik jarri dira entzuleak, txaloka eta oihuka. Berak «agur militante bero bat» eskaini, eta esker ona adierazi die bere etxe palestinarraren inguruan hitz egiteko aukeragatik eta Palestinarekiko elkartasun irmoagatik. Eskaera bat ere egin die bertaratutakoei: elkartasun jarrera hori indartzeko, «erasotzaileak inpunitatez egiten ari direna gelditu beharra dagoelako». Baieztatu duenez, elkartasun horri esker ez dira munduan bakarrik sentitzen.

Era berean, azpimarratu du Palestinan gertatzen ari dena ez dela kasu isolatu bat eta etsai bera dugula: «Inperialismo basati eta arrazista». Ez direla zenbaki hutsak eta etxea, senide eta lagunak, ametsak, historiak dituztela ere oroitarazi du. Berehalako su etena eta premiazko osasun laguntza lortzeko lan egiteko deia egin du.