Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Nakbaren astean Israel «desnormalizatzeko» manifestazio nazionala egingo da Iruñean

Israelgo Estatuaren izaera baztertzailea salatzeko eta Palestina osoaren deskolonizazioa aldarrikatzeko manifestazio nazionala deitu du Palestinarekin Elkartasunak Iruñean hilaren 18rako, Nakba gogoratzen den astean.

Hilaren 18ko manifestazio nazionalaren berri emateko Palestinarekin Elkartasunak Iruñean egin duen agerraldia.
Hilaren 18ko manifestazio nazionalaren berri emateko Palestinarekin Elkartasunak Iruñean egin duen agerraldia. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Palestinarrek Nakba, Hondamendia, gogoratzen duten astean elkartasuna adierazteko eta Israelgo Estatuaren «desnormalizazioa» aldarrikatzeko manifestazio nazionala egingo da Iruñean hilaren 18an (12.30, Basotxoan) Palestinarekin Elkartasunak deituta. Deitzaileen izanean Julio Villanuevak eta Txuri Ollok nabarmendu dutenez, «historiako ofentsiba ankerrenetako baten lekuko izaten ari gara», Palestinaren kontrako erasoa urriaren 7an ez zela hasi gogoratuz. Duela 76 urte izan zen Nakba, Israelgo Estatuaren sorrera, jarri dute gertatzen ari denaren abiapuntu bezala. «Egun horrek agerian uzten du Israelgo Estatua palestinarren kanporatzean eta lurren lapurretan oinarritzen dela, eta horrek erakusten du baterazinak direla Estatu sionistaren existentzia eta herri palestinarraren askapena», azpimarratu dute.

«Krimen eta ankerkeria sionisten zerrenda amaigabea da, eta ikusten dugu Palestinari emandako babes orokorra eta genozidioaren gaitzespena ez direla nahikoa izaten ari egoera aldatzeko. Baina ezin gara inpotentzian erori. Palestinarekin Elkartasunetik uste dugu premiazkoa dela mobilizatzen jarraitzea eta Palestinarekiko elkartasunari ekiteko moduan urrats bat gehiago ematea, hau Israelgo Estatuarekiko konfrontazio eta desnormalizazioarekin lotuz», adierazi dute.

Errefuxiatuak, presoak eta deskolonizazioa

Palestinar herriaren askatasuna errefuxiatu ororen itzulerarako eskubidean, preso politiko guztien askatasunean eta Palestina osoaren deskolonizazioan oinarritu behar dela aldarrikatu dute.

Ildo honetan, Israelgo Estatua garbiketa etnikoan, apartheid sisteman eta palestinar lur eta eskulanaren esplotazioan oinarritzen den «izaera koloniala» dela gogoratu dute. Honekin batera, lurraldeari dagokionez, bukatu gabeko proiektua da.

Bi estatuen proposamena «sasikonponbidea» dela nabarmendu dute, Israel NATOren bazkide «pribilegiatua» delako. Errefuxiatuen hiru belaunaldien etorrera ez duela bermatzen eta Israelek alboan eskumen osoak izango lituzkeen estatu bat ez duela onartuko gaineratu dute. Orain arte bi estatuetan oinarrituriko saiakerak porrota izan direla gogoratu dute, 1974ko banaketa plana eta Osloko hitzarmena kasu.

Horregatik, konponbide bakarra Palestina osoaren deskolonizazioan eta, ondorioz, Israelgo Estatuaren desagerpenean oinarritu behar dela nabarmendu dute. «Horrek premiaz ekin beharreko hainbat eginkizun ezartzen dizkigu: palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea baldintzarik gabe zilegiztatu eta aldarrikatzea; Mendebaldeko instituzio, alderdi politiko eta enpresei Israelekin dituzten harremanak apur ditzaten exijitzea; entitate sionistaren kolaboratzaile diren aldetik, palestinar herriaren kontrako zapalkuntzan duten erantzunkizuna seinalatzea; eta Estatu genozida horren aurkako boikota, desinbertsioak eta zigorrak exijitu behar ditugu, horri uko egiten diona seinalatzearekin batera», esan dute.

Erakunde sionista ahalbidetzen duten bitartean Palestina babesten dutela dioten erakundeen «hipokresia» ere salatu dute, Pedro Sanchez Gobernu espainolaren buruak egiten duen bezala. Gobernu frantsesari, berriz, erakunde sionistaren krimenak publikoki babestea egotzi diote.