NAIZ

Euskal Herriko bideo-esperimental artxiborik handiena bildu du EHUk

EHUko Arte Ederren Fakultateko Akmeka ikertaldeak bideo-sorkuntzako artxiboa berreskuratzeko proiektua aurkeztu du. Orain arte 732 ikus-entzunezko pieza biltzen ditu proiektuak, adibidez, Juan Carlos Eguillor, Isabel Herguera, Estibaliz Sadaba, Bego Vicario eta Beatriz Silvarenak.

Gabriel Villota, Libe Belandia, Arturo Rodriguez, Pablo Maravi, Arantza Lauzirika eta Leire Saenz.
Gabriel Villota, Libe Belandia, Arturo Rodriguez, Pablo Maravi, Arantza Lauzirika eta Leire Saenz. (UPV/EHU)

Bideo-sorkuntzako artxiboa berreskuratzeko proiektua aurkeztu berri du UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Akmeka ikertaldeak. Euskal Herriko eta espainiar Estatuko 70eko, 80ko, 90eko eta 2000ko hamarkadetako artisten 732 bideo pieza ditu, formatu analogikoan. Ezaugarri horiek dituen Estatuko artxiborik garrantzitsuenetako bat da.

Orain arte Euskal Herriko 65 egileren eta kolektiboren lan artistikoak inbentariatzea lortu da. Esaterako, hauenak: Juan Carlos Eguillor, Jose Ramon Saenz Morquillas, Txupi Sanz, Isabel Herguera, Ramon de Vargas, Bego Vicario, Estibaliz Sadaba, Beatriz Silva eta Josu Rekalde. Goya sariak, Estatuko eta nazioarteko sariak, Gure Artea sariak eta beste sari batzuk jaso dituzten artistak dira horiek guztiak.

«Bideoak ikus-entzunezko piezak egiteko aukera gizarteratu zuen aldi horretan, Euskal Herria eremu bereziki emankorra bilakatu zen, Arte Ederren Fakultateko ikus-entzunezkoen espezialitateari esker (Estatuan aitzindaria), Artelekuk material horiekin lan egiteko ematen zituen erraztasunei esker edo Gasteizeko Irudiaren eta Teknologia Berrien Zentroari esker. Ondorioz, ikus-entzunezkoen sortzaileen hainbat belaunaldi sortu ziren, eta pieza esperimentalen, animazioen, bideoklipen eta abarren ekoizpen zabala», azaldu du Arantza Lauzirikak, Arte Ederren Fakultateko irakasleak eta Akmeka ikertaldeko zuzendariak.

EHUko Arte Ederren Fakultateko Akmeka ikertaldeak aurkeztu du proiektua. (UPV/EHU)

Nabarmendu duenez, artearen historiaren parte diren piezak jasotzen ditu bildumak, «eta teknologia praktika artistikoan txertatu zen garai baten lekukoak dira». Arteleku ekoizpen artistikoko zentroko bideoteka desagertu zenetik, hau da ezaugarri horiek dituen Euskal Herriko artxibo bakarra.

«Euskal Herrian bideoak praktika artistiko garaikideen garapenean garrantzi handia izan bazuen ere, orain arte, ekoizpen horien zati handi bat ahaztuta egon da, eta galtzeko arrisku handian», gogoratu du Lauzirikak.

Tesi baten luzapena

Izan ere, Pablo Maravi Martinezen ‘Pérdidas de generación: de la historización del videoarte en el Estado español a la arqueología videográfica en Euskal Herria’ doktorego tesiaren luzapen gisa jaio zen proiektua.

«Biltegiratzeko gailu elektromagnetikoen hauskortasunak eta izaera efimeroak (inoiz ez dira egon pentsatuta informazioa epe luzean gordetzeko) eta erakundeek material horiek kontserbatzearekin lotutako arazoaren aurrean izandako interes faltak arrisku larrian jarri dute Euskal Herriko memoria artistiko-historikoaren zati bat», adierazi du Maravik.

Ikus-entzunezkoen euskal ondareari buruzko proiektu honek 1970 eta 2005 urteen arteko aldia hartzen du barne, eta hainbat eragileren laguntza du, hala nola Euskadiko Filmategiarena, Elias Querejeta Zinema Eskolarena edo Audiovideorestauración enpresa galiziarrarena, beste batzuen artean. Egileen artean daude EHUko ikertzaile hauek: Pablo Maravi Martinez, Libe Belandia Juaristi, Gabriel Villota Toyos, Fito Rodriguez Bornaetxea, Arantza Lauzirika Morea eta Natxo Rodriguez Arkaute.

Artxibo hau Bizkaiko Campuseko Maria Goyri eraikinean dago (Leioa, Sarriena auzoa z/g) eta bideoarteko 732 pieza baino gehiago ditu. Arte Ederren Fakultateko funts historikoak, Bosgarren Kolektiboaren artxiboa (Tolosako Bideoaldiaren lau edizioak antolatu zituen taldea) eta ikus-entzunezko material berriaren ekarpen puntualak biltzen ditu.