NAIZ

Pantailak Euskarazek maiatzan 18an euskarazko edukien alde mobilizatzeko deia egin du

Pantailak Euskarazek ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ dinamikaren baitan maiatzaren 18rako Gasteizen deitu den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du. Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen ekoizpenerako iragarri dituen dirulagunak baloratu eta «oraindik ere egiteko lan handia» dagoela ere baieztatu du.

Pantailak Euskarazen mobilizazioa, 2022ko Zinemaldian.
Pantailak Euskarazen mobilizazioa, 2022ko Zinemaldian. (Iñaki LOPEZ DE LUZIRIAGA | Iñaki LOPEZ DE LUZIRIAGA)

Pantailak Euskarazek bat egin du ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ kanpainaren barruan maiatzaren 18rako Gasteizen deitua dagoen mobilizazioarekin (17.30, Foru Plaza). Ohar bidez azaldu duenez, «eragile, norbanako, eta euskaltzale guztien bultzada ezinbestekoa da erakundeak mugiarazi eta euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen egoera hobetzeko», eta beraz, garrantzizkotzat jotzen du mobilizazioan parte hartzea.

Era berean, Jaurlaritzak argitaratu berri dituen ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko dirulaguntza berrien gaineko balorazioa ere egin du. Plataformak ekoizpenerako dirulaguntzak hirukoiztu direla eta erdia gutxienez euskarako edukiei bideratu duela nabarmendu du, baina aldi berean «oraindik ere egiteko asko» dagoela ziurtatu du.

Gogora ekarri du orain hiru urte Pantailak Euskaraz sortu zutenetik hainbatetan eskatu dietela erakundeei partida hauek handitzeko, «ikus-entzunezkoek herritarren bizitzetan geroz eta pisu handiagoa duten bitartean», Jaurlaritzaren ekoizpenerako dirulaguntzek «hainbat urte baitzeramaten kopuru berean izozturik (2,4 milioi euro inguru)», eta diru horren kopuru handiena, %70 inguru, gaztelerazko proiektuetara bideratu izan dela kritikatu dute.

«Egoera honek eragin du azken urteetan euskarazko fikzio berririk ia estreinatu ez izana, eta hau benetan kaltegarria izan da euskara zinemaren eta ikus-entzunezko plataformen mundu berrituan kokatzeko orduan», salatu dute, eta zentzu honetan ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ kanpainaren eskaeretako bat Kultura eta Politika Sailaren aurrekontuaren %5 euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea dela ekarri dute gogora; urtean 18 milioi euro inguru. «Jaurlaritzak onartutako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako dirulaguntza berriak oraindik ere kopuru horretatik urrun egon arren, herritarren eta ikus-entzunezko ekoizleen eskaerak, hein batean behintzat, aintzat hartu ditu», jarri dute balioan, kopuru hori 2,4 milioi eurotik 7,3 milioi eurora igo dela nabarmenduz.

Jaurlaritzaren dirulaguntzek euskarazko telesailak ekoizteko 2 milioi euro (laguntza lerro berria), luzemetraietarako 2,9 milioi euro (1,6 gutxienez euskarazkoetarako), aurrekontu txikiko luzemetraietarako 250.000 euro, animazio film luzeetarako 1,5 milioi euro (800.000 gutxienez euskarazkoetarako), dokumental luzeentzat 390.000 euro (160.000 gutxienez euskarazkoetarako) eta film laburren ekoizpenerako 240.000 euro (120.000 gutxienez euskarazkoetarako) aurreikusten dituzte.

«Ikus-entzunezkoen ekoizpenera bideratutako aurrekontua ia hirukoiztuko da, eta kopuru orokorretik erdia baino gehiago (4.680.000 euro), euskarazko proiektuentzat izango dela bermatuko da», jarri du balioan Pantailak Euskarazek, eta «emandako pausoa positiboki» baloratzen badu ere «azken urteetan euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena, fikzioarena bereziki, hilzorian» egon dela gogorarazi du. Beraz, euskarazko ikus-entzunezko industria biziberritzeko, «datozen urteotan baliabideak biderkatzen jarraitu beharra» azpimarratu nahi izan du.

«Oraindik ere lan handia dute egiteko Euskal Herri osoko erakundeek: beharrezkoa da, besteak beste, atzerriko edukiak euskarara bikoizteko dirulaguntza lerroak sortzea, euskaldunok zinemetan bizi dugun diskriminazio egoerarekin amaitzeko arauak onartzea, ETBn euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzea, diru publikoz egindako bikoizketak streaming plataformetara bidaltzea, euskal ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren Legeak garatzea...», zerrendatu du, eta hori guztia aldarrikatzeko maiatzaren 18an Gasteizen egongo direla ziurtatu du.