NAIZ

Parte hartze marka hautsi du Donostiako Minbiziaren Aurkako Lasterketak

Parte hartze errekorra hautsi du igande goiz honetan Donostiako Minbiziaren Aurkako Lasterketa eta Martxaren 10. edizioak, 2.000 lagun baino gehiago bilduz. Jardueretan bildutako dirua paziente eta senideei ematen zaizkien zerbitzuak indartzeko izango da.

Minbiziaren aurkako lasterketaren une bat, irudian.
Minbiziaren aurkako lasterketaren une bat, irudian. (Minbiziaren Aurka Gipuzkoan)

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatutako ekimenak berdez tintatu ditu hiriburuko paraje ezberdinak. Alderdi Ederretik abiatu den bost kilometroko lasterketak 1.228 parte hartzaile izan ditu. Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohia eta bakarrizketaria izan da korrikalarietako bat. Adierazi duenez, «ohore eta plazer bat izan da minbiziaren aurkako lasterketa solidarioan 1. zenbakia eraman izana».

Hamargarren edizioko kamiseta sortu duen Iñigo Manterolak ere parte hartu du lasterketan. Azaldu du «edozein lasterketako denbora garrantzitsua dela, gaixotasun honen detekzio goiztiarra bezala», eta mezu hori islatu duela aurtengo ediziorako diseinatutako elastikoan.

Lasterketaz gain, hiru kilometroko ibilbidea egin duen martxa izan da, alderdi politiko desberdineko ordekarien parte hartzea izan duena eta ia 900 lagun bildu dituena.

Lasterketa eta martxaren inguruan festa giroko beste espazio batzuk izan dira. Aurten jolasgune bat egokitu dute txikienentzako hainbat jarduerarekin, zumba eskola egon da lasterketaren ostean, eta Donostiako Udalaren musika eta datza eskolaren Trikitixa taldeak girotu du goiza.

Ekitaldien baitan, betsalde, 500 neska-mutil baino gehiagoren artean egin den kartel lehiaketaren sari banaketa egin dute. Axular ikastetxeko eta La Salleko ikasleak izan dira aurtengo edizioko irabazleak.

Doako arreta emateko

Bertan bildutako dirua «pazienteei zein senideei doako arreta eta zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko» erabiliko dela gogoratu dute.

Izan ere, elkarteak nabarmendu du helburua dela dortsalekin eta martxan jasotako diruari esker «ahalik eta paziente eta senide gehien artatzea».

Eskaintzen dituen doako zerbitzu horien artean, besteak beste, terapia psikologikoa, arreta soziala, elikadura, erizaintza eta ariketa fisikoarekin lotutako jarduerak edota material ortopedikoaren mailegua daudela.

Antolakuntzak esker ona adierazi die ekimenari babesa eman dioten enpresei eta parte hartu duten boluntarioei, egin duten lanaren garrantzia azpimarratuz.