NAIZ

LGTBI+ kolektiboaren aurkako 15 eraso izan ziren iaz Donostian

2023an Donostian izandako LGTBI+fobia erasoen inguruko hirugarren txostenak azaleratu du kolektiboaren aurkako 15 eraso izan zirela 2023an hirian. Zaira Garcia Dafontek egindako txostenak agerian utzi du erasotzaile gehien-gehienak gizonezkoak direla eta eraso homofoboak direla nagusi.

Cristina Lage eta Zaira Garcia Dafonte, txostenaren aurkezpenean.
Cristina Lage eta Zaira Garcia Dafonte, txostenaren aurkezpenean. (Donostiako Udala)

Homofobiaren, Lesfobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, 2023an Donostian izandako LGTBI+fobia erasoen inguruko hirugarren txostena aurkeztu du Donostiako Udalak, Zaira Garcia Dafontek egina. Aniztasuneko, Inklusioko eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkaria den Cristina Lagek jakinarazi du 15 eraso izan zirela, erdia baino gehiago, homofoboak. Halaber, azaldu du eraso gehienak gizonek burutu zituztela, baita pairatu ere, eta gehienak espazio publikoan jazo zirela.

Lagek azaldu duenez, «txosten horiek oso tresna baliotsuak dira kolektiboko pertsonek bizi dituzten diskriminazioak eta gorrotoarekin zerikusia duten gorabeherak zein diren jakiteko eta kolektiboak zer eskaera egiten dituen ezagutzeko». Gaineratu du ikuspegi panoramikoa lortzeko aukera ematen duela, baita «politika publiko inklusiboak» diseinatzekoa ere.

Txostenak argitara ateratako datuak aurreko urteetako antzekoak dira, gorabehera askorik gabe. Izan ere, 2019an 19 eraso izan ziren, bat gutxiago 2018an eta iaz 15. Aurreko urteetan bezala, 2023an homofobia kasuak izan ziren nagusi. Iaz 8 eraso homofobo erregistratu ziren, hots, kasuen %53,3, aurreko urteetan baino %20 gutxiago, hain zuzen ere. Eraso transfoboak 4 izan dira, %26,6a, alegia.

Eraso gehienak udan ematen direla eta, nolabaiteko «urtarokotasuna» dagoela ondorioztatu du txostenak, orduan ematen direlako hartu eman sozial gehiago. Halaber, batez ere kalean ematen dira erasoak.

Eraso mota zabalduena hitzezko erasoa da (%42), ondoren fisikoa (%33,3), diskriminazioa (%12) eta mehatxuak (%8,3). Eraso fisikoak apur bat areagotu dira 2021 eta 2022 urteekin alderatuta eta taldeka egindako erasoek behera egin dute.

Erasotzaile gehienak, gizonak

Horrez gain, txostenak agerian utzi du erasotzaileen %80 gizonezkoak direla eta jarrera homofoboa dela agertzen dutena. Erasoen erdiak gizonezkoek pairatu dituzte, %18 emakumezkoek eta %6,3 genero ez bitarrarekin identifikatzen diren pertsonek.

Halaber, txostenean bertan zein gaurko aurkezpenean azpimarratu dute ez direla eraso guztiak salatzen eta horrek emaitzetan eragina duela.