Pentsio sistema publiko eta propio baterako proposamena aurkeztu du LABek

LAB sindikatuak gaurko Euskal Herriko pentsio sistemaren azterketa eta gogoeta plazaratu eta sistema justuago baterako trantsiziorako proposamenak egin ditu: zaintzagatiko pentsioa, sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzailea eta Gizarte Segurantzaren arloko eskumen osoak izatea.

Amanda Verronek eta Igor Arroyok LABen pentsio-sistema publiko eta propio baterako proposamenak aurkeztu dituzte.
Amanda Verronek eta Igor Arroyok LABen pentsio-sistema publiko eta propio baterako proposamenak aurkeztu dituzte. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

‘Haritik’ argitalpenaren alerik berriena aurkeztu du gaur LABek Bilbon, pentsio-sistema berri baterako proposamenari buruzkoa. Euskal Herrirako Pentsio Sistema Publiko eta Propioa eratzeko egindako ekarpentzat jo du, eta sindikatuaren Programa Sozioekonomikoan marraztutako norabidean kokatutako analisiak, hausnarketak eta proposamenak biltzen ditu txostenak.

2023ko abenduaren 1eko datuen arabera, eta Gizarte Segurantzaren sistemako erregimen guztiak kontuan hartuta, Hego Euskal Herriko kotizaziopeko pentsioak 718.788 dira, pentsio guztien %97,7. Moten arabera banakatzen baditugu, %67 erretiroagatik dira, %23 alarguntzagatik, %7 ezintasun iraunkorragatik eta %3 zurztasunagatik.

Datu ofizialen arabera, sistemaren pentsio guztien batez besteko zenbatekoa 1.459 eurokoa da Hego Euskal Herrian. Hala ere, datu estatistiko honek desberdintasun handia ezkutatzen du, 200.000 pentsiodun baino gehiago ez baitira 1.080 eurora iristen, eta, horien artean, ia %70 emakumeak dira.

Pentsiodun kopurua zenbatekoaren tarteen arabera.

Izan ere, genero-arrakala oso nabarmena da. Generoagatik soldata-arrakala %21 baino handiagoa den bitartean, pentsioetan %38koa da. Horrek esan nahi du gizon pentsiodunek emakumeek baino 517 euro gehiago kobratzen dutela hilean, batez beste.

Ipar Euskal Herrian ere gertatzen da desparekotasun hori, eta emakumeen batez besteko pentsioa gizonena baino %40 txikiagoa da. Orotara, 163.176 pentsiodun daude Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan, eta datu ofizialen arabera oinarrizko/derrigorrezko pentsioaren batez bestekoa hilean 1.400 euro eta 1.600 euro artekoa da. Baian, Hego Euskal Herrian bezala, arrakalak nabarmenak dira.

Bizitzaren kostuaren igoera esponentziala dela kontuan harturik, euskal pentsiodunen benetako egoera sozioekonomikoa gero eta txarragoa dela salatu du LABek. «Indarrean dauden pentsio sistemek ez digute bizitza duin baterako bermerik eskaintzen, diru sarrera eznahikoak dituzten sistemak dira. Erreformaz erreforma, pentsio-sistema publikoa ahulduz doa sistema pribatuaren mesedetan, langileen arteko desberdintasunak areagotuz, bereziki, genero-arrakala», adierazi du Amanda Verronek, LABeko politika publikoen azterketarako arduradunak.

Proposamen nagusiak

Egoera honi aurre egiteko, pentsio-sistema berri baterako proposamenak plazaratu ditu sindikatu abertzaleak. «Jakin badakigu premiak, beharrek eta testuinguruak behartzen gaituztela trantsizio bat marraztera eta ausart bezain egingarriak izango diren proposamenak plazaratzera pentsioen sistema publiko eta propioa bultzatze aldera», adierazi du Verronek.

Proposamenen artean, horietako hiru nabarmendu ditu: zaintzagatiko konpentsazio-pentsioa sortzea, «alarguntza-pentsioa ordezteko eta kotizatzeko eskubidea ukatu zaien emakumeekin gizarteak duen zor patriarkala ordaintzeko»; gutxieneko pentsio duina bermatu eta defendatzea, «Gizarte Segurantzaren eskumenak berehala transferituz, EAEn eta Nafarroan oinarrizko legeria garatuz eta aurrekontu publikoen bidez finantzatuz»; eta enpleguari lotutako sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzaile bat bultzatzea, «norberaren finantza-baliabideen kapitalizazio- eta espekulazio-irizpideetara lotua egongo ez dena eta egungo eredu osagarri pribatua ordezkatuko duena».

LABeko koordinatzaile nagusi Igor Arroyok azken proposamenean sakondu du, adierazi duelarik BGAEen (Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeak) ereduak «porrot» egin duela, «ez baitute balio izan gehien behar dutenen pentsioak duintzeko». «Izan ere, arrazoi horregatik erabaki zuen LABek, duela bi urte, BGAEen zuzendaritza-organoak uztea. Madrildik sustatu nahi den eredua, enpleguari loturiko pentsio osagarriena, are okerragoa da. Ez bata ez bestea, hirugarren bide bat proposatu dugu: enpleguari loturiko sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzailea, akordio intersektorial baten bidez arautuko litzatekeena», argitu du.

Bukatzeko, Arroyok Nabarmendu du pentsio duina bermatzeko «benetako alternatiba bakarra» hemen lan egiten duenak lurraldean bete-betean kotizatzea eta aberastasuna sistema publiko indartsu eta sendo baten bidez banatzea dela. «Eta hori soilik izango da posible Euskal Herrian sistema propio baterantz aurrera egiten badugu», gaineratu du.

Hemen ikus daiteke txosten osoa.