NAIZ

Asturiagako segadatik 50 urtera, Mondragon eta Roke oroitu dituzte Hondarribian

50 urte dira Hondarribiko Asturiaga hondartzan Espainiako poliziak bi gazte hil zituenetik, hirugarren bat bazegoela esaten da baina ihes egin zuela, infiltratutako polizia omen zen. Larunbat goiz honetan oroitu dituzte Mondragon eta Roke hil zituzten hondartzan bertan, ekitaldi xume batean.

Ekitaldi xumea egin dute Asturiagako hondartzan, Hondarribian.
Ekitaldi xumea egin dute Asturiagako hondartzan, Hondarribian. (Foku)

50 urte igaro dira 1974ko maiatzaren 20az geroztik, eta oraindik ez da Asturiagako segadan gertaturikoa argitu. Larunbat honetan, ordea, Hondarrabiko Asturiaga hondartzan poliziak hildako bi gazteak oroitu dituzte hondartza horretan bertan, «herriak ahazten ez dituela ozen esateko».

Espainiar Poliziak Jose Luis Mondragon (27 urteko arrasatearra) eta Xabier Roke (21 urteko santurtziarra) gazteak hil zituen tiroz Asturiaga itsasbazterrean ETAko kide zirela eta heriotzak tiroketa baten ondorio izan zirela dioen bertsio ofiziala gainditzeko lanean dihardu Asturiaga 1974 oroimen elkarteak.

Bertsio ofizialean bi gazteak itsasontzi txiki batean hondartza gerturatu eta poliziak altoa ematean jaramonik ez egiteaz gain, tiroka hasi zirela jasotzen da; bi gazteak ETAko kideak zirela gaineratuz. Asturiaga 1974 elkarteak, ordea, bertsio ofizialez gain bestelako datuak kontrastatu ditu azken urteetan zehar. Batetik, ETAko kideak zirela esaten zen, eta ETAk bi komunikatu atera zituen Mondragon eta Roke ez zirela erakunde kide esanez. Gertaerak 17.00etan izan zirela agertzen da prentsa frankista guztietan eta mare goian 16.30ean zen, eta beraz, marea biziekin hondarta ez zela ia ikusiko argitu dute oroimen elkarteko kideek.

Elkartearen iritziz, «frankismoa errelato bat zabaltzen saiatu zen». Are gehiago, «gerra zikineko lehen esperimentuetako bat» estaltzen saiatu ziren.

Asturiaga 1974ak dakienaren arabera, Mondragon Arrasateko mugimendu abertzaleetan ibilia zen, alde egin zuen denbora batez eta ondoren Baionan errefuxiatu zen, baina «erakundearekin harremanak moztuta zituen». Roke, berriz, fronte kulturalean ibilia zen. «Sekulako grina zuen poesiarekiko», nabarmentzen dute.

Istorio honetan agertzen den beste izena Jesus Arrondo Marin ‘Cocoliso’ infiltratutako poliziarena da. Bertsio ofizialen arabera, bi gazte hil egin zituen eta hirugarrenak ihes egitea lortu zuen. ETAn eta errefuxiatuen artean egondako infiltratuetako bat izan zen Arrondo. «Poliziaren hainbat informaziok diote ez ote zuten goizegi erre. Kotxean harrapatu zioten pistola bat, errefuxiatuen argazki pila batekin. Gertakari honen ondoren alde egin behar izan zuen. Urte batzuetara tirokatuta agertu zen Andaluzian hilda», azaltzen dute Asturiaga elkartetik.