NAIZ

Ikus-entzunezko ekosisteman euskara erdigune izan dadila exijitu dute

Ozen entzun da Gasteizko kaleetan ikus-entzunezkoetan euskara erdigune izatearen aldeko aldarria. ‘Aldatu Gidoia Euskararen Alde’ kanpaina amaierako ekitaldian, argi eskatu diete Lakuari eta EITBri: ezinbestekoa da euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko apostua berehala egitea.

‘Aldatu Gidoia Euskararen Alde’ kanpaina amaieran manifestazioa egin zuten Gasteizen.
‘Aldatu Gidoia Euskararen Alde’ kanpaina amaieran manifestazioa egin zuten Gasteizen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskarak ezin du itxaron. Euskal hiztunek euskarazko erreferenteak behar dituzte bizitzako alderdi orotan, baita ikus-entzunezkoetan ere, eta egungo eskaintza hanka-motz geratzen da. Irakurketa hori egin dute larunbat honetan Gasteizen ehunka pertsona batu dituen ‘Aldatu Gidoia Euskararen Alde’ kanpaina amaierako mobilizazioan bildu diren eragileek.

Irailean kanpaina abian jarri zutenetik, euskalgintzako eta kulturako eragile ugariren babesa jaso du ekimenak Aldatu Gidoia-ko ordezkariak zenbait alderdi politikorekin eta Lakuako Kultura Saileko arduradunekin bildu dira, ikus-entzunezkoetan euskara erdigunean jartzea urgentziazkoa dela transmititzeko.

‘Euskal telebista euskaraz’, ‘Euskarazko sortzaileak aurrera’ edo ‘Pantailetan ere euskaraz’ leloak oihukatuz abiatu da manifestazioa Foru Plazatik. Euskarazko ikus-entzunezko edukiak eskatzeko aldarriekin Gasteiz Antzokia irekitzearen aldeko pankarta eta plataformako kideak ere egon dira.

Mobilizazioaren amaierako ekitaldian gogora ekarri duten bezala, herri orotan kultura eta hizkuntza eskutik lotuta doazen elementuan dira eta euskal kulturaren transmisioan EITBk duen eragina «ukaezina» dela nabarmendu dute. Euren hitzartzean, ETB aski ongi ezagutzen duten Elixabete Garmendia kazetariak eta Aritz Ganboa artzainak irrati-telebista publikoaren sorrerako helburuak «lausotu» egin direla eta egun «marko espainiarra» gailendu dela salatu dute –Miel Anjel Elustondok, Lanartearen izenean, salatu duen bezala, «ETB1en kanpaina guztiak erdaraz sortutako lelotan oinarritu dira»–.

«Hizkuntzarentzat zerbait estrategikorik bada, Euskal Irrati-Telebista indartsua izatea da. EITBri dagokio herritar guztiei euskarara sarbide unibertsala bermatzea, herritarrak euskaran eta euskal kulturan osoki murgiltzea. Euskal Irrati-Telebista sendoa behar dugu, euskararen normalizazioaren ardura nagusia bere gain hartuko duena», ziurtatu dute, eta EITBk bere «euskarri eta lehio guztietarako» euskarazko sorkuntza, kultura eta ikus-entzunezkoen eskaintza «zabal eta erabakigarria» osatzea «urgentziazkoa» dela nabarmendu dute.EITBn euskarazko sorkuntza eta kulturari lehentasunezko tokia egiteko, gutxieneko emisio-kuotak ezar daitezela eskatu dute.

Kultura politikak birpentsatu

Ikus-entzunezkoetan euskarak duen tokiaren inguruko gogoeta ekarri dute, beren aldetik, Iraia Elias antzezleak eta Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak. Azken urtetan euskarazko zinemaren «loraldiaz» luze eta zabal hitz egin den arren, 2022an zinemetan ez zela euskarazko fikzio bakar bat ere estreinatu eta 2023an euskaraz soilik ‘Irati’ ikusi ahal izan genuela ekarri dute gogora. «Bada talentua, bada gogoa, bada konpromisoa hainbat ekoizle, zuzendari, aktore, itzultzaile eta bikoiztaileena. Hainbat eta hainbat dira euskaraz gehiago lan egin nahiko luketen kultura arloko profesionalak. Baina, non daude politikak, non aurrekontuak, baliabideak, eta dirulaguntzak?», galdegin dute.

EITBn ere gaztelerazko fikzioa dela nagusi salatu dute, baita euskarazko fikzioaren sorkuntza eta bikoizketa «baztertuta» dituztela ere. Azken honen kasuan, gogora ekarri dute 1991n euskarara 1.589 ordu bikoiztetik, 2022an 100 ordu eskas bikoiztera pasa zirela.

Hala, EITBz harago ere euskararen aldeko hizkuntza politikak abian jartzea eskatu diote Gasteizko Gobernuari eta, era berean, baita Euskal Herri osorako jardun dezala ere, euskarazko kultura, sorkuntza eta fikzioaren eskaintza erakargarria osatu eta zazpi lurraldeetako herritarren eskura jarriz.

Bere hitzartzean, Amagoia Mujika ‘Berria’ egunkariaren zuzendariak herritarren ekimenak bultzatutako Euskaldunon Egunkariaren sorrera ekarri du gogora eta Euskal Herrian «gure hizkuntzan pentsatzeko eta kontatzeko eskubidea dugula» nabarmendu du.

Manifestazioan ez ezik, amaierako ekitaldian ere Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformako kideei babesa adierazi diete «norabide berdinean euskarari eta euskal kulturari toki erreferentziala egiteko eskatzen» ari dira eta. Gasteizen euskararen susperraldiak segida izan dezan, «euskarari tokia eskaini behar» zaiola aldarrikatu dute.

Azkenik, euskararen eremuko hiru administrazioei –Lakuako Gobernua, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoa– eta hedabide publikoei eskatu diete elkarlanean lan egiteko, hizkuntza politika komunak adostu eta norabide horretan urrats sendoak eman daitezen.