NAIZ

Gerrari «planto» egin eta bakearen protagonista izateko hautua agertu dute feministek Gasteizen

Dozenaka emakumek elkarretaratzea egin du ostiral honetan Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, esateko Euskal Herriko feministek «planto» egiten diotela gerrari, herrialde honetako armagintzako enpresetan hasten baita gerra, beraien esanetan.

Emakumeek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.
Emakumeek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. (EGA)

Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Eguna kari, hainbat emakumek elkarretaratzea egin du ostiral honetan Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, esateko feministek «planto» egiten diotela gerrari.

Elkarretaratzearen ostean, ‘Emakumeok gerraren aurka’ manifestua zabaldu dute. Horren bitartez, gerrari eta bere alde guztiei planto egiteko deia egin dute. «Planto egiten diogu banka armatuari, industria militarrari, mugen militarizazioari, atzerritartasun legeari, murrizketa sozialei, armadei.... Izan ere, gerra hemen hasten da, armak egiten dituzten Euskal Herriko ehun enpresa baino gehiagotan eta horrek zuzenean interpelatzen gaitu», adierazi dute.

Emakume hauek erabaki dute ez dutela «konplize ez axolagabe» izan nahi, eta gerrari ukatzen dioten guztia bakeari aitortzen diotela ziurtatu dute; «bakea ez baita gerrarik eza, baizik eta indarkeria, diskriminazio eta desberdintasun guztiak ezabatzea», adierazi dute.

«Gerrarako ezer ez; dena, biolentzia ezan oinarri hartuta, guztiok merezi duen bizitza bizi ahal izateko alternatibak eraikitzeari eta harrera eta zaintzarako sare feministak ehuntzeari», berretsi dute.

‘Emakumeok gerraren aurka’ manifestuak zehaztu du patriarkatuak gerraren «ikusle edo biktima» soil gisa aurkezten dituela emakumeak, baina feministek «protagonista» izan nahi dutela agertu dute, «gerraren aurka ahotsa altxatu eta alternatibak proposatu eta birsortu dituzten emakumeei errekonozimendua emanez».