NAIZ

Afrika Egunak harrotasunez busti du Bilbo

Bilbo harrotasun afrikarraren espazioa bilakatu da larunbat honetan, hainbat elkartek elkarlanean antolatzen duten Afrika Egunaren festan. Bertan izan da Nerea Melgosa sailburua, eta aldarrikatu du pertsona migranteen eskubideak defendatu behar direla, mezu arrazistak gailentzen ari baitira Europan.

Bilbon egin den Arika Egunak utzi duen irudietako bat.
Bilbon egin den Arika Egunak utzi duen irudietako bat. (Endika PORTILLO | FOKU)

Bilbo harrotasun afrikarrez busti du larunbat honetan hainbat elkartek elkarlanean antolatzen duten Afrika Egunak. Musika, aldarrikapena eta hausnarketarako plaza bilakatu da Bizkaiko hiriburuko Etxeberria parkea.

Danbor soinuak erakarri du dozenaka bilbotar Etxeberria parkera. Han, prest ziren artisauek jarritako postuak, erakusketak, haurrentzako espazioa, eta espazioa musikarekin girotu duten DJak. Harrotasun afrikarra aldarrikatu eta erakusteko egunean egitarau zabala eta anitza prestatu dute arduradunek, kalejiratik hasi eta Afrikako nahiz diasporako emakumeen eskubide eta askatasunei buruzko mahai ingurura.

Bertan izan da Nerea Melgosa Lakuako jarduneko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ere, eta Europar hauteskundeetako kanpaina baliatuta, pertsona migranteen «eskubide eta betebeharrak» defendatu behar direla aldarrikatu du.

Eskubideok babesteko unea dela nabarmendu du, arriskuan egon baitaitezke, ohartarazi duenez. «Gero eta indar handiagoz gorroto, arrazismo eta xenofobia mezuak nagusi diren Europa batean bizi gara. Azpimarratu eta aldarrikatu egiten dugu aniztasuna, gure herriaren berezko ezaugarri gisa», agertu du Nerea Melgosak Etxeberria parkean.

Afrika Egunak, Melgosaren esanetan, «Eusko Jaurlaritzak Afrikatik datozen eta gure artean lan egiten duten elkarteen lana aintzatesteko apustua» ere ordezkatzen du.