NAIZ

Eneko Andueza: «PSE da mota guztietako eskuinak garaitzeko gai den indar bakarra»

«PSE da mota guztietako eskuinak garaitzeko gai den indar bakarra; EAJ edo EH Bildu babestea botoa galtzea da», baieztatu du Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak alderdiak Gasteizen egin duen kanpaina ekitaldian. Bertan izan da Pilar Alegria ere, Gobernu espainiarreko bozeramailea.

Pilar Alegria Madrilgo Gobernuko bozeramaileak PSEk Gasteizen egin duen mitinean parte hartu du.
Pilar Alegria Madrilgo Gobernuko bozeramaileak PSEk Gasteizen egin duen mitinean parte hartu du. (EUROPA PRESS)

Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak larunbat honetan esan du PSE dela eskuina garaitzeko gai den indar bakarra, eta EAJ edo EH Bildu babestea «botoa galtzea» dela.

Pilar Alegria Gobernu espainiarreko bozeramaileak larunbat honetan PSEk Gasteizen egin duen ekitaldian parte hartu du, eta berretsi du bere alderdiak «PP eta Voxen koalizio atzerakoia» geldiarazteko lan egingo duela.

Madrilgo Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kiroletako ministro eta bozeramailearen ustez, ultraeskuinak «arazotzat» du Pedro Sanchezen gobernua, erakusten duelako, bere esanetan, «egunez egun hazi daitekeela, enplegua sortu dezakeela eta gutxieneko soldata nahiz pentsioak igo ditzakela».

Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteari gaitzetsi dio ez argitzea «Europan ultraeskuinarekin elkartuko dela», baina, bere aburuz, «errealitatea boteretsua da»: «PPk eta Voxek elkarrekin gobernatzen dute bost autonomia erkidegotan eta 130 udaletan».

Ildo berdinean, Idoia Mendia Europako Legebiltzarrerako hautagaiak eta Eneko Andueza PSEren idazkari nagusiak eskuin muturraren arriskuen inguruan ohartarazi dute, baina ekainaren 9an alderdi aurrerakoiek irabaziko dutela iragarri du Mendiak, «bizikidetza eta bakearen alde egiten duen gehiengo sozial bat dagoelako».

«Araban, Euskadin eta Espainian irabaziko dugu –Baieztatu du–! Zeren, gehiengoak bezala, matxismorik, oihurik eta irainik gabeko Europa bat nahi dugu, ultraskuinik gabeko Europa bat».

Anduezaren esanetan, gainera, PSEk behar ditu batu eskuin muturra geldiarazteko botoak, gainontzeko alderdiek ez baitute halakorik lortuko. «PSE da mota guztietako eskuinak garaitzeko gai den indar bakarra. Horregatik, euskal gizarteari dei egin nahi diot botoa etorkizuneko aukerari eman diezaion. EAJ edo EH Bildu babestea botoa galtzea da», esan du.