Mikel Aginagalde

Euskaraz blaitzeko eta ikastolen lana aldarrikatzeko hitzordua

Heldu da, hemen da 2024ko Ibilaldia. Oraingo honetan Bizkaiko ikastolen aldeko festa mundiala haren jatorrira itzuli da. Izan ere, Getxoko udalerrian ospatu zen Bizkaiko ikastolen estreinako jaia duela 46 urte.

Algortako San Nikolas ikastolan 1.100 ikasle inguru daude gaur egun.
Algortako San Nikolas ikastolan 1.100 ikasle inguru daude gaur egun. (NAIZ)

Aurtengo edizioan Algortako San Nikolas ikastolak izan du festaren antolakuntzaren ardura, eta adin guztietako pertsonek gozatzeko moduko festa erakargarri eta gozagarria prestatu dute. Txonbo! da aurtengo leloa. Bizkaiko leku askotan uretan murgiltzeari buruz hitz egiteko erabiltzen den esamolde horrekin, euskaraz busti eta harekin murgiltzera gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak.

Aurtengo ekitaldiaren helburuak ere zehaztu dituzte: hasteko, euskalduntasuna, euskal kultura eta ikastola ardatz dituen jaia sortzea; bestetik, Getxoko gizarte-eragileekin lankidetzan harremanak sendotzea, hezkuntza komunitate osoak (guraso, ikasle, irakasle, langile...) ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea; horrez gain, Ikastolen finantzazio indibidual zein kolektiboa eta inbertsio ekimen berritzaileak diru baliabideez hornitzen dituen jaia izatea; eta azkenik, gaztetxoen eta nerabeen jarrera parte hartzailea eta hezitzailea bultzatuko duen jaia antolatzea.

Aipatu xedeez gain, festaren antolatzaileek jai eredu jasangarri, berde eta ekologikoa bultzatzeko asmoa dute, eta modu horretan ingurumen inpaktua txikiagotzeko eta praktika jasangarriak sustatzeko neurriak ezarri dituzte. Zentzu horretan, esan beharra dago San Nikolas ikastolak ingurumenarekiko duen konpromisoa aitortzen eta bermatzen duen Erronka Garbia ziurtagiria lortzeko aparteko lana egin duela.

Erronka garbi horren metodologia sei jarduera ardatzetan aplikatzen da, ekitaldiaren fase bakoitzean (azpiegiturak, erosketak, energia, ura, mugikortasuna, hondakinak) ingurumen inpaktua gutxitzeko. Hala, igandeko festara bertaratzeko asmoa duten herritarrei eskatu diete herria errespetatzeko, hondakinak dagozkien edukiontzietan botatzeko eta ekitaldian jokabide arduratsuak izateko.

Lau gune, mila aukera

Helburu horiek erdiesteko, hain justu, lau gunez eta hamaika ekimenez osatutako ibilbidea atondu dute. Udalerriko zenbait txoko ezagun eta maitatu izango dira gune horien kokalekua, eta adin guztietako pertsonek disfrutatu ahal izateko ekintzak prestatu dituzte. Lehen gunea San Nikolas ikastola bera izango da, eta bertan egingo dute hasiera ekitaldia. Besteak beste, bertsolaritzaz, euskal dantzaz, magia ikuskizunaz edo herri bazkariaz gozatzeko parada aparta izango dute Ibilaldira hurreratzen diren herritarrek. Tradizioa eta modernitatea uztartuko dira han egun guztian zehar.

Bigarren gunea San Nikolas plazan eta inguruetan kokatuko da, eta bertan kontzertuak, antzerki ikuskizunak, artisautza erakusketak eta kaleak animatuko dituzten kalejira herrikoiak izango dira; baita haurrentzako puzgarriak ere. San Nikolas enparantza ohiko elkargunea izaten da San Nikolas ikastolako komunitatearentzat, eta garrantzi eta protagonismo berezia eman nahi izan diote aurtengo ekitaldian.

Algortako portu zaharra izango da hirugarren gunea. Getxoren nortasunaren erakusle argia da kokaleku hori, eta lotura estua du, gainera, udalerri horren historiarekin zein bertako biztanleekin. Kasu honetan, gune aproposa izango da, esaterako, euskal musikaz zuzenean gozatzeko Itziarren Semeak edota Xiberoots taldeen eskutik. Horrez gain, Zirku eta txirrindularitza tailerrak ere izango dira.  

Laugarren gunea, azkenik, itsasertzean ezarriko dute. Kostaldeko herria izanik, hondartza ere festaren parte izango da, Ereaga hondartza, hain zuzen ere. Leku paregabea, zinez, festaz alaitasunez disfrutatzeko. Kasu honetan, ordea, txiki eta gazteentzat bereziki pentsatutako eta prestatutako ekintzak izango dira nagusi. Besteak beste, Goazen!-en emanaldia, egurrezko jolasak, zientzia tailerra edo pailazoen ikuskizuna izango dira gazteen gozagarri.

Motorrak bero jada

Ibilaldia ez da egun bateko festa soilik, ez horixe; San Nikolas ikastolako komunitateak urte osoa darama gaurko ekitaldia prestatzen, eta denbora horretan beste hainbat eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte udalerrian, motorrak berotzeko asmo irmoarekin. Esate baterako, iragan abenduan bertso afaria egin zuten San Nikolas ikastolan bertan. Urtarrilean, ostera, Getxoko kirolariek eta zenbait klubetako parte hartzaileek herri kiroletako erronka batzuei aurre egin behar izan zieten giro paregabean.

Apirilean, bestalde, ikasle ohien bazkari hunkigarri eta dibertigarria egin zuten. Bertan elkartu ziren, sagardotegiko menuaren bueltan, San Nikolas ikastolako ikasle izandako 400 bazkaltiar.

Maiatzean, azkenik, adin guztientzako topaguneak antolatu zituzten Ibilaldiaren guneetan, eta baita Txonbo Eguna ere, non Getxoko euskal komunitateak ur ekintzez betetako goiz batez disfrutatzeko aukera paregabea izan zuen.

Ikastolaren 40. urteurrena ospatzeko 2004an egindako kalejira.

Euskal hizkuntza eta kalitatezko hezkuntza uztartuz gorpuztutako proiektua

Euskararen eta euskal kulturaren aurkako jazarpena estua bezain zorrotza zen garaian hasiera eman zion San Nikolas ikastolak haren ibilbide oparoari. 1963. urtean, hain justu, bederatzi familia kementsuk euren seme-alabak euskaraz hezteko hautua egin, eta Begoña Abaitua irakaslearen lemapean ekin zioten ikastola berriaren proiektuari. Hastapenean 12 ikasle besterik ez ziren eskolatu, baina 1968ko ikasturterako, jada, kopuru horrek etengabe gora egin eta 200 ikasle inguru izatera heldu zen ikastola.

Ondorengo hamarkadan, 1970-71 ikasturtean, hain zuzen ere, Irakaskuntza Zentro Kooperatiba bezala eratu zen San Nikolas, eta, orduz gero, aldi oro hazi egin da bertatik igaro diren ikasleen kopurua. Aipatu beharra dago, bestalde, ikastola eta bertako komunitatea irakaskuntza ikastetxea izateaz gainera, euskara eta euskal kulturaren sustatzaile sutsua izan direla sortu ziren unetik bertatik gaurdaino, eta aurrerantzean ere ildo horretatik jarraitzeko borondate sendoa dutela.

Gaur egun 16 urte bitarteko haur eta nerabeek kalitatezko formazio integrala jasotzen dute San Nikolas ikastolan, eta Getxon HH-ko, LH-ko eta DBH-ko hiru etapak D ereduan eskaintzen dituen ikastetxe bakarra da. Une honetan, 1.100 ikasle inguru bertan ikasten ari dira, eta 700 familiaz eta 140 langile inguruz osatzen da San Nikolas Ikastola kooperatiba elkartea. Getxoko udalerrian kooperatiba gisako ikastola bakarra da, gainera.