NAIZ

Harro Zoro Erradikalek indarkeria psikiatrikoa salatu dute Bilbon egindako manifestazioan

Estatuko Harro Zoro Erradikalak mugimenduak manifestazioa egin du larunbat honetan Bilbon, aldarrikatzeko amaitu dadila buruko osasun sisteman ohikoa zen indarkeria psikiatrikoarekin.

Indarkeria psikiatrikoa salatu dute Bilboko manifestazioan.
Indarkeria psikiatrikoa salatu dute Bilboko manifestazioan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Indarkeria psikiatrikoa salatzea helburu zuen manifestazio batek Bilbo zeharkatu du larunbat honetan. Harro Zoro Erradikak, psikiatriatik «bizirik atera diren» pertsonen lidergoarekin, buruko osasun sisteman ohikoak diren indarkeriak ikusarazi eta salatu ditu mobilizazio honen bidez.

Eguerdian Bilboko Unamuno plazan elkartu eta Areatzako kioskorako bidea egin dute «zoro harroek» larunbat honetan. Estatu espainiarreko hainbat kolektibok bat egin dute Harro Zoro Erradikalak mugimenduan, eta lehenengoz lurreratu dituzte bere aldarrikapenak Bizkaiko hiriburuan.

Harrotasun zoroa erakutsi asmo duen mugimendu honek, besteak beste, indarkeria psikiatrikoarekin, nahitaezko «pilulekin», derrigorrezko tratamendu eta ospitalizazioekin, eta «uhalekin» edo euste mekanikoekin amaitzeko aldarrikapena ozendu du, eta electroshock-aren erabilera irmoki salatu.

Harro Zoro Erradikalen ustez, arazo sozialak daude psikiatrizazioen atzean, nahiz eta arazoaren indibidualizazioa bilatzen duen sistemak. Hori dela eta, ohartarazten dute edozein pertsona izan daiteke sistema horren biktima eta funtsean, buruko osasun sisteman ere giza eskubideak errespetatu daitezela eskatu dute.

Mobilizazioa amaitu ostean, «guateke zoroaren» festa ospatzera elkartu dira Karmela espazioan.